Herriak

Kontzentrazioak, muralak eta puntu moreak azaroaren 25ean Hego Uriben

hegouribe emakumeenganako indarkeriaren kontra 2014

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da azaroaren 25ean eta Hego Uribeko udalerriek hainbat ekintza antolatu dituzte. Hurrengo egunetarako ere jarduera ugari prestatu dituzte.

Basaurin Marieneak antolatu ditu jarduerak, Udalaren eta Berdintasunerako Kontseiluaren laguntzarekin. 13:00etan kontzentrazioa deitu dute Arizgoiti plazan: Kontseilukoek adostatutako komunikatua irakurriko dute eta ondoren performance bat antzeztuko dute. Hurrengo ekintzak abenduan zehar egingo dituzte. Hilaren 4an Beldur Barik lehiaketaren sari lokalen banaketa izango da 19:00etan eta abenduaren 10ean Maria Naredoren eskutik hitzaldia antolatu dute: “Instituzio publikoek indarkeria matxistaren aurrean giza eskubideengan dituzten eginbeharrak betetzenal dituzte?“. Sarrera librea izango da, “espazioak bete arte“.

Galdakaon “Putz egin indarkeria sexistari haizeak eraman dezan” kanpaina prestatu dute azaroaren 25erako Topagunetako gazteek. Era berean, argazkiak eta mural erraldoi bat kokatuko dituzte Lehendakari Agirre plazan 17:00etatik 20:30era “Guk be ezetz dinogu!” lelopean. Ordu tarte berean, baina Torrezabal Kultur Etxean, Emakunderen Berdintasunerako Foroaren Autobusa helduko da. Ekitaldiei amaiera emateko Ipuin Kontalariak izango dira azaroaren 25, 26 eta 27an 17:30etatik 19:00etara Torrezabaleko, Usansoloko eta Aperribaiko Haur Liburutegietan hurrenez hurren.

Arrigorriagako Madalen eta Sial emakume elkartekoek Puntu Moreak banatuko dituzte azaroaren 25ean 12:00etatik 14:00ak arte. Arratsaldean, 18:00etan Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako V. Herri Martxa deitu dute: Udaletxean hasi eta bukatuko da, Sebero Otxoa, Lonbo aretoa eta Urgoiti pasalekutik behin igarota. Hurrengo egunean, hilak 26, Arrigorriagako Emakumeen Lanaren Aurkezpena 2014 burutuko da 18:00etan udaletxean. Amaitzeko, azaroaren 27an Abusu Zentro Soziokulturalean “La verdad oculta” zine-foruma izango da 17:30etatik aurrera.

Etxebarrik ere kontzentrazioa egingo du azaroaren 25ean udaletxeko plazan 12:00etan. Ondoren, Biolentziometro informazio-saioa antolatu dute Gazteria Zerbitzuak eta Inurtxik. Azaroaren 28an, ostirala, Osasuntsu ligatzeko tailerra izango da Mugarri Gaztegunean.

Ugaoko Udalak umeentzako tailerrak eta photocalla antolatu ditu 16:30etatik aurrera: “Atera zeure buruari argazki bat indarkeria gaitzesten duzula adierazteko“, diote antolatzaileek. Gero, 18:00etan kontzentrazioa egingo dute herriko enparantzan. Hilaren 26an Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunari buruzko VII. marazki lehiaketaren sari banaketa izango da udaletxean bertan 16:45ean hasita. Ekitaldia amaitzean, puxikak askatuko dituzte bertaratutakoek.

 

Gora