→Hego Uribe

[Sakonean] Anatomia dispertsatu bat

Hego Uribeko 22 preso politiko daude gaur egun Espainiako eta Frantziako kartzeletan. Honakoak dira euren senideen bizipenak.

Anatomia dispertsatu bat, esperantzaren mapa bezala”. 2014an Atera proiektuaren izenburupean dispertsioaren aurkako abestiaren pasarte bat da hori. Gatibuko Haimar Arejitaren musika du Anatomia eta askatasuna abestiak eta hitzak Amets Arzallusenak dira, Gariren eta Eñaut Elorrietaren ahotsean. Kantaren ardatza, honakoa: Dispertsioak sakabanatuta ditu preso politikoak. Egun Hego Uribe eskualdeko hogeita bi herritar preso daude: hogeita bat Espainian eta bakarra Frantzian. Espetxe politika horrek senideei ere eragiten die. Euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde egiten duen Sare Herritarraren Dispertsioaren Liburuxkak dioenez, “politika horrekin, presoen oinarrizko eskubideak bortxatzeaz gain, zigor gehigarri bat ezartzen zaie presoen senide eta lagunei, astebururo milaka kilometroko bidaia nekagarri eta arriskutsuak egitera kondenatuz”.

Eskualdeko bederatzi presoen senitartekoekin elkartu da Geuria, euren esperientzia konta dezaten. Honako hauek izan dira bileran parte hartu dutenak: Zigor Orberen aita, Txus Martinen laguna, Jon Bienzobasen ama, Oier Goitiaren aita, Tomas Madinaren bikotea, Iker Limaren ama, Iñaki Krutxagaren ama, Irkus Badilloren ama eta Maite Pedrosaren izeba. “Senide batzuek ezin izan dute etorri, gehienak oso nagusiak direlako”, diote.

Bidaia luzeak atzean 

Bidaia luzeegiak” dira burura datorkien lehen kontua. Bai senideek, bai lagunek egin beharrekoak bisitan joateko. Bakoitzak bere egoera agertu du. “Jon bisitatzera joatea ez da batere erraza. Ez dago autobus zuzenik bertara joateko: Parisera trenez joan behar da eta bertan kotxea hartu Saint Maurreraino, 200 kilometrotara”, dio Bienzobasen amak: “Hala ere, gaur egun hainbat familien artean furgoneta alokatzen dugu hilean behin eta Euskal Herritik egiten dugu bidaia”. “Puertora, Algecirasera eta Sevillara joateko familiarrek autobus bat alokatzen dugu” dio Zigor Orberen aitak: “Ostiralean 17:00etan Donostiatik hasten du bidaia autobusak eta Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako senideak hartzen gaituzte bidean zehar. Helmugara larunbat goizaldean iristen gara”.

Gurasoentzako eragozpenik handiena adina dela diote: “Urtetik urtera nagusiagoak gara eta orain hamar urte egiten genituen maratoiak ezin ditugu egin. Hosakonean rren kasu dira Xabier Garciaren gurasoak: ia 90 urte dituzte eta ezin dute Huelvaraino bidaiatu”, dio Oier Goitiaren aitak. Etxerat Elkartearen dossierraren arabera, “familientzat higadura fisikoa, ekonomikoa, psikologikoa eta kezka nabaria da, areago urruneneko espetxeetan edota zigor oso luzeak betetzen direnean”.

Vis a vis

Bisitak astero egiten dituzte senideek zein lagunek. Guztira, 40 minutu irauten du kristalaren aurreko bisitak eta vis a vis direlakoak kartzelaren araberakoa dira: “Ordubetekoak, ordu eta erdikoak edo bi ordukoak daude”, dio Maite Pedrosaren izebak. Umea berarekin bisitara daramala dio Tomas Madinaren bikoteak, “baina eragozpena da bizikidetasun vis a visak ostegunetan jarri dizkigutela eta ezin ditugu aldatu, egun finkoak dira”.

Azken urteotan bisiten kudeaketak hobera egin duela diote senideek: “Gertatu izan zaigu bisita ordurako bertan izan eta bisita ukatzea edo, are gehiago, presoa kartzelaz aldatzea aldez aurretik abisorik eman gabe. Gaur egun gero eta gutxiago gertatzen dira halakoak, baina orain dela urte batzuk oso ohikoak ziren”.

Zigorra, zigorraren gainean

Bidaia luzeek duten okerrena da errepidean hamaika arrisku daudela eta astebururo horiei aurrer egin behar diegula bisita labur bat edukitzeko”, bat datoz senideak. “Gaur egun, senide eta gertukoak bidegabekoa den egoera batera zigortuak gaude, senide izateagatik bidaiatzen jarraitzera zigortuak, gastu ekonomiko onartezinak mantentzera harreman loturei uko ez egiteagatik. Familia izateko eskubidea, bizitzarako eskubidea eta askotan osasuna izateko eskubideak espetxe politika honen helburu politikoen menpe daude”, dio Etxerat Elkarteko dossierrak: “Espetxe politika honen eskubide urraketen biktimak bihurtu gaituzte, aitortza eta ezagutzarik gabeko ezkutuko biktimak”.

Elkarteen babesa

Preso eta iheslarien senide eta lagunei laguntza eskaintzen dien elkartea da Etxerat. Alde batetik, aholkularitza lanak egiten ditu eta, bestetik, bizipenak elkartrukatzeko bilgunea da. “Gure egoerak partekatzea ezinbestekoa da. Gure artean berba egin eta gure artean lagundu. Batera egoteak egoera zailetan asko laguntzen du”, diote senideek. Horrez gain, Sare plataformak preso, iheslari eta deportatuei legez dagozkien eskubideak berrezartzea du helburu. Hain zuzen ere, presoen urruntzea ahalbidetzen duen sakabanaketa politikarekin amaitzea, presoen isolamendu eta bakartze egoerekin amaitzea eta gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea bultzatzea.

Gaixo eta preso

Egoera larrian dagoen preso gaixo bakarra Txus Martin basauriarra da. Frantzian urte luzez egon ostean, Zaballako espetxean dago 2012tik, Araban. Buruko gaitza du Martinek, eta hamabi urteko kondena aurretik. 2009an izan zuen gaixotasun-agerraldirik larriena: “Orduan, isolamendu-egoeran zuten, nahiz eta larri zegoela jakin”, dio Txus Martinen lagunak. Aix eta Soto del Real espetxeetan egon ondoren, Basauriko kartzelara ekarri zuten baina “mediku-zerbitzua egun osokoa ez zela aurgudiatuta Zaballara bidali zuten, bertan etengabeko arreta izan dezakeelako. Hala ere, mediku-zerbitzua luzeagoa edo laburragoa izan, isolatuta jarraitzen du kartzelan”. Espainian dagoenetik astero egiten diote bisita senideek eta lagunek: “Araban dagoenetik gertu dugu Txus, baina kartzela barruko egoera bidegabea da. Zaballara heldu orduko, gainontzeko presoekin egoteko aukera ukatu egin zioten”.


016_geuria_presoak_kilometroz_kilometro

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak