→Ugao

Ugaotarrek otsailaren 10era arte egin ditzakete udal-aurrekontuetarako proposamenak

Gaur hasi da Ugaoko Udala galdetegiak etxebizitzetara bidaltzen. Horiek bete ostean, Udalean, Jane Jauregian, Gazteinfon eta kiroldegian kokatutako buzoietan uzteko aukera egongo da.

Gaur hasi da Ugaoko Udala galdetegiak etxebizitzetara bidaltzen. Horiek bete ostean, Udalean, Jane Jauregian, Gazteinfon eta kiroldegian kokatutako buzoietan uzteko aukera egongo da. Proposamenak aurkezteko azken eguna otsailaren 10a izango da.

Ugaoko Udalak galdetegiak prestatu ditu herritarrek 2019ko udal aurrekontuetarako dituzten proposamenak helarazteko eta, “ahal den neurrian”, 2019ko aurrekontuetan txertatzeko. 2013an hasi zen Udala aurrekontuetarako prozesu parte hartzailea egiten. Zentzu horretan, Udalak gogoratu nahi izan du “asko izan direla ugaotarrek egindako ekarpenak eta ostean gauzatu egin direnak”. Besteak beste, nabarmentzekoak dira haurreskolako plaza kopurua handitzeko egindako birmoldatze lanak, ermitako jolasgunearen estaltzea, parke biosasungarriak jarri direla (ariketa fisikoak egiteko aire libreko aparatuak), Leitokiko araztegia kendu dela eta gune berdeak handitu direla, parke desberdinetako jolasen eraberritzea, argiztapen eta irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak, oztopo arkitektonikoen ezabatzea, futbol zelaiaren belarra aldatzea, segurtasunaren hobetzea eta polikiroldegiko parkina handitzea (jarduera hau Espainiako Sustapen Ministerioaren baimena jaso bezain laster burutuko da).

OTSAILAREN 18AN AURKEZTUKO DA AURREKONTU PROIEKTUA
Buzoietara bidalitako galdetegiez aparte, udal web gunean betetzeko aukera dago, euskaraz zein gazteleraz, www.ugaomiraballes.net helbidean. Era berean, gutun bana bidali da herriko elkarte eta kirol klub guztietara, egokitzat jotzen dituzten iradokizunak egin ditzaten. Bestalde, ate irekiko bi jardunaldi egingo dira otsailaren 4an eta 11an, Udaletxean bertan, 8:30-14:00 eta 17:00-19:00ak artean. Jardunaldi hauetan Ekaitz Mentxakak aurrekontuei ekarpenen bat egin nahi edo aurrekontuaren daturen bat kontsultatu nahi duten herritarrak agurtuko ditu.  Otsailaren 18an 17:00etatik 19:00etara aurrekontuen proiektua aurkeztuko da Jane Jauregian.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak