→Ugao

Txosnak jarriko dituzte berriz Ugaoko jaietan: aurten, AXAko parkingean

AXAko parkingean egongo dira bi urtez eta ondoren Parke Berdera lekualdatuko dira, beste bi urtez. Udalaren eta Txosna Batzordearen arteko akordioak lau urteko iraupena izango du.

Ugaoko Txosnak, Institutoko parkingean // Txosna Batzordea

Ugaoko Txosna Baztordearen eta Udalaren arteko negoziaketen ondotik, txosnagunea jarriko dute berriz Ugaoko jaietan. AXAko parkingean egongo dira bi urtez eta ondoren Parke Berdera lekualdatuko dira, beste bi urtez. Akordioak lau urteko iraupena du eta adostutakoa berresteko hitzarmena sinatuko dute bi aldeek, Udalak eta Txosna Batzordeak.

Gogoratu iaz ez zela txosnagunerik izan Ugaon, bi aldeek zituzten kokapenaren inguruko desadostasunen ondorioz. Txosna Batzordeak herrigunean kokatu nahi zituen txosnak, Parke Berdean hain zuzen ere, baina Udalak ez zuen eskaera onartu “jaietan zehar zarata karga handia pilatzen baitu toki horrek”, eta txosnagunerik gabe ospatu ziren iazko jaiak. Aurten, negoziaketa luzeen ondotik, AXAko parkingaren eta Parke Berdearen arteko errotazio sistema adostu dute Udalak eta Txosna Batzordeak.

Adostasunera heltzeko, proposamenak moldatu behar izan dituzte alde biek. Udalak Insititutuko parkingean kokatu nahi zituen txosnak, “urte askotan hala izan da, oso ondo funtzionatu du, ez da kexarik izan eta Txosna Batzordekoak ere pozik zeuden hasiera batean”. Txosna Batzordetik onartu dute lekuak ondo funtzionatzen duela txosnaguneari dagokionez, “baina iaz tabernariekin analisi soziala egin eta gero, ondorioztatu genuen kokapen horrek ‘hilik’ uzten duela herrigunea eta ez zitzaiela ostalariei mesederik egiten. Herritarren eta tabernarien iritziak jaso eta gero, lekurik egokiena Parke Berdea zela ondorioztatu genuen”.

Foro Sozialaren eraketa

Otsailean elkartu ziren lehendabizikoz Udala eta Txosna Batzordea, iazko egoera ekiditeko asmoz. Biak bat zetozen txosnagunea “ezinbestekoa dela” jaietan. Bertan, Foro Soziala antolatzea adostu zuten eta herritarrak, tabernariak, eragileak eta Ugao osatzen duten pertsona fisiko zein juridiko guztiak gonbidatu zituzten. Foro horretan 50 biztanle inguru bildu ziren eta han batutakoen ondorio nagusia txosnek leku finkoa (errotaziorik ez) izan behar zutela eta jaien erdigunean kokatu behar zirela (Parke Berdea) izan zen. Udalarekin izandako hurrengo bileran, ordea, “leku horretan pilatzen den zarata kargak” atzera bota zuen proposamena. “Parke Berdean eszenatoki nagusia dago: kontzertuak, soinu frogak eta ekintza gehiago egiten dira hor. Ondorioz, auzokideek jaietako egun guztietan zarata karga garrantzitsua jasaten dute eta txosnak bertan kokatzea karga horri zama gehitzea litzateke”, diote Udaletik.

Txosna Batzordeak bigarren proposamena luzatu zuen orduan, hainbat aldaketekin: Parke Berdean bizi diren auzokideekin batera kontzientziazio eta errespetu kanpaina bat abiatzea Ugaoko jaietan, “auzokideen atsedena bermatzeko asmoz. Txosnen ordutegiak ordu bateko murrizketa izango luke ere”. Bigarren proposamen honekin ere ez ziren akordio batera heldu. Udala AXAko parkingaren, Insitutuko Parkingaren eta Parke Berdearen arteko errotazio sistemaren aldekoa zen eta Txosna Batzordea Parke Berdean finkatzearen aldekoa.

ugao txosna batzordea 2017 agerraldia

Ugaoko Txosna Batzordea, iazko agerraldi batean // Txosna Batzordea

Txosna Batzordetik hirugarren proposamen bat jarri zen mahaigainean: AXA eta Parke Berdearen artean errotazioa egitea, bi urterik behin aldatuz. AXAn txosnak jartzean ostiral eta larunbat gauetan (00:00-3:00) Parke Berdean barra txiki bat jartzea proposatzen zuten ere, “bertan kontzertuak ikusten dagoen jendeak edateko aukera izan dezan, izan ere, Parke Berdean ez dago tabernarik”. Azken proposamen hau da aurrera atera dena, baina Parke Berdean barrarik jarri gabe. Lau urterako sinatuko dute akordioa Udalak eta Txosna Batzordeak.

“Bai Udalak eta bai Txosna Batzordeak etsi egin dugu zenbait puntutan. Gure proposamena txosnak Institutuko parkingean kokatzea zen, urte askotan hor egon baitira eta inoiz ez delako arazorik izan. Hori baztertuta, hiru tokiren arteko errotazioa proposatzen genuen. Azkenean AXA eta Parke Berdearen arteko errotazioa gailendu da, bi urterik behin”, dio Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak. “Ez da guk gehien nahiko genukena, txosnagunearen toki finkoaren aldekoak baikara, baina positiboa da akordioa. Txosnaguneko giroa herrigunetik hurbilen kokatu nahi genuen, eta akordio honekin hori lortu dugula uste dugu”, diote Txosna Batzordetik.

Lau urte barru berriz elkartuko dira bi aldeak, eta sistema berri honen inguruko ebaluaketa egitea elkarlanean egitea da ideia, sistemarekin aurrera egin edo ez erabakitzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak