→Ugao

24 orduko greba egingo dute bihar Ugaoko Domiberia enpresako langileek

npresa-batzordeak salatu du (LAB, USO eta UGT) Domiberiako zuzendaritzak ez duela negoziaketarako borondaterik adierazi, eta beraz, egun osoko greba deitu dute uztailaren 17rako.

Domiberia enpresako langileak, protestan / Endika Areta

Joan den maiatzetik protestan ari dira Domiberiako langileak, lan hitzarmen duin baten alde. Enpresa-batzordeak salatu du (LAB, USO eta UGT) Domiberiako zuzendaritzak ez duela negoziaketarako borondaterik adierazi, eta beraz, egun osoko greba deitu dute uztailaren 17rako.

Enpresa zuzendaritzak iruzur egin diela sentitzen dute Ugaoko Domiberia enpresako langileek. Hala adierazi du komunikatu bidez beharginen ordezkaria den enpresa-komiteak. Idatzian diote azken asteetan zuzendaritzarekin edukitako batzarrak itxurakeria hutsa izan direla agintarien aldetik eta maiatzean zeuden egoera berdinean daudela orain.

Komunikatuan azaldu dute uztailaren 3an langileen zenbait eskari jasotzen zituen “aurreakordio ez ofiziala” luzatu ziela Domiberia SLU enpresako zuzendaritzaren bitartekariak: “Gure eskarietako askok aurreakordio horretan zuten irtenbidea. Antzinatasunaren alorrean, ordea, desadostasunak ziren nagusi”. Uztailaren 3an zuzendaritzaren bitartekariak antzinatasunean ere “hobekuntza nabarmenak” proposatu zizkiela diote langileen ordezkariek, eta lan gatazkari irtenbidea lehenbailehen emateko asmoz, bilera ofiziala deitu zuten uztailaren 15an zuzendaritzarekin.

Hortik aurrera, dena okerrera joan dela salatu du enpresak komiteak: “Bitartekariarekin harremanetan jartzen saiatu gara behin eta berriz, baina ez dugu erantzunik jaso. Telefono deiak, whatsappak, emailak… Ezer ez”. Gauzak horrela, bitartekariak luzatutako aurreakordioari zilegitasunik eman ez eta protestekin jarraitzea erabaki zuen enpresa batzordeak, uztailaren 17rako 24 orduko lanuztea deituta, baina hilaren 15eko bileran parte hartzeko borondateari eutsita. Bada, enpresa komiteak dio “egun osoko grebaren deialdia aitzakitzat hartuta zuzendaritzak bilera berta behera uztea erabaki duela”. Horrekin batera, uztailaren 17ko greba bertan behera utz dezaten mehatxuak jaso dituztela salatu dute langileen ordezkariek.

Horregatik guztiagatik, Domiberiako langileak 24 orduko lanuztea egitera deitu ditu enpresa komiteak biharko. Halaber, zuzendaritzari helarazi diote ez dutela euren bitartekari horrekin hitz egiten jarraituko, “konfiantza osoa galdu dugu”.

HITZARMENA BERRITZEA

Enpresa batzordearen esanetan, zuzendaritzak ezetz esan dio Domiberiako Estatuko beste lantokietan langileek dituzten lan baldintzak Ugaoko lantokiko hitzarmenean sartzeari, hala nola, antzinatasuna, txandakako kontratuen murriztea edota soldaten eguneratzea. Egun 120 langile inguru ari dira Ugaoko Domiberia SLU enpresan lanean. Latorri ontzien merkaturatzean jarduten du Domiberiak, elikadura-sektorerako, industriarako eta farmaziarako batez ere. Ugaoko lantokiko enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik, USOko 2k eta UGTko batek osatzen dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak