→Ugao

4,3 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du Ugaoko Udalak

ugao udaletxea eliza

Esku hartze garrantzitsuenen artean, San Bartolome eliza inguruko obrak aurreikusten ditu Udalak, “Nerbioi ibaira zabaltzeko”, 92.000 euroko aurrekontuarekin.

San Bartolome eliza inguruak eraldatu nahi ditu Udalak, herrigunea ibai ondoko pasealekura zabaltzeko / Geuria

Esku hartze garrantzitsuenen artean, San Bartolome eliza inguruko obrak aurreikusten ditu Udalak, “Nerbioi ibaira zabaltzeko”, 92.000 euroko aurrekontuarekin. Hirigintza Planak, argiteriaren berritzeak, Arandia inguruak eta Goikiri auzoak hartuko dituzte 2019ko aurrekontuerako gainontzeko diru-partida nagusiak. 

San Bartolome eliza ingurua eraldatzea aurreikusten du datorren urterako Ugaoko Udalak. Ekaitz Mentxaka alkateak azaldu duenez, “elizaren arkupea eraberritu, eraikinaren azpian dauden lokal hutsak kendu eta herrigunea ibai ondoko pasealekura zabaltzeko” asmoa dute Ugaon. 92.000 euroko obra aurreikusten dute horretarako, eta hala jaso du udal gobernu taldeak 2019. urterako egin duen aurrekontu proiektuan.

Horrez gain, 51.000 euroko inbertsioa aurreikusten du Udalak Hirigintza Plana eraldatzen jarraitzeko. 31.000 euro herriko argiteria berritzeko bideratuko dituzte, sistema zaharraren ordez gutxiago kontsumitzen duen LED argi-sistema ezartzeko. 37.000 euro Arandia ondoko ibai ertzeko bidea berritzeko eta Goikiri auzoan inbertituko dituzte, eta beste 17.000 euro herriko jolas parkeak berritzeko.

Zaharren egoitza eraberritzeko 4.000 euroko partida jaso dute aurrekontu proiektuan, eta 45 urte baino gehiago duten pertsonentzako formakuntza ikastaroak antolatzeko 15.500 euro.

Gizarte larrialdiko laguntzei dagokienez, 92.000 euroko partida izango dute, iaz baino 22.000 euro gehiago. Ugaobonoak 10.000 euroko aurrekontuarekin jarraituko du, eta beste horrenbeste izango du Ugaoko Berdintasun Planak.

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak