→Ugao

Ainize Perez: “Etxeko sukaldetik kaleko azken txokora arte, emakumeok denean eragin behar dugu”

Ainize Perez ugaotarrarekin izan gara. Bere ibilbideaz, eskualdeko musika eszenaz eta eszena horretan emakumeak duen presentziaz berba egin dugu berarekin.

AINIZE PEREZ

Txikitatik ari da kantuan Ainize Perez (Ugao, 1997). Etorki dantza taldean dantzaria zela, Sarea Txiki abesbatza osatzeko proposamena bota zion Iraide Bilbao zuzendariak, eta dantza taldeko zenbait haurrekin batera, Euskal Kantu Txapelketara aurkeztu ziren. Orduantxe konturatu zen kantatzea benetan gogoko zuela eta horrela erakutsi du orain arte martxan jarri dituen hainbat proiektu musikaletan: kultura eta musika estilo ezberdinak uztartzen zituen KeBasque taldea osatu zuen Gorka Chamorrorekin eta Marokora joan ziren abestera;. Arrigorriaga eta Ugaoko emakumeak batzen dituen Osterabe talde akustikoa jarri du martxan, lagun artean, eta erromerian ere badabil, Ugao, Zeberio, Arrankudiaga, Arrigorriaga eta Barakaldoko lagunak batzen dituen Beranduegi taldean. Bere ibilbideaz, eskualdeko musika eszenaz eta eszena horretan emakumeak duen presentziaz berba egin dugu berarekin.

Kantuan ibili zara han eta hemen.
Ahal dudan guztietan. Momentu honetan bi proiektutan nago sartuta: Osterabe talde akustikoan eta Beranduegi erromerian. Musika ardatz hartuta eta feminismoa bidelagun, oholtzak ere emakumeonak direla aldarrikatzeko helburuarekin jaio da Osterabe. Beranduegi, aldiz, eskualdetik abiatuta Euskal Herriko jaiak musikaz eta erritmoz astintzeko helburuarekin sortu dugu.

Lau emakumek osatzen duzue Osterabe.
Gaur egun Uxue Derteanok (Arrigorriaga), Karmele Felipek (Arrigorriaga), Ane Gonzalezek (Arrigorriaga) eta nik osatzen dugu taldea. Taldekide izan ditugu Leire Lasa (Ugao), Garazi Egia (Arrigorriaga) eta Zaraitzu Arberatz (Ugao) ere, baina arrazoi ezberdinengatik taldea utzi behar izan dute. Laukote bezala ari gara orain, formatu akustikoan, gitarrak, panderoa, trikitixa, perkusioa eta gure ahotsekin.

Uxue Derteanok (Arrigorriaga), Karmele Felipek (Arrigorriaga), Ainize Perezek (Ugao) eta Ane Gonzalezek (Arrigorriaga) osatzen dute Osterabe.

Oker ez banago, emakumeen musika talde bakarra zarete eskualdean.
Hala uste dugu, behintzat. Lehen Uluka taldea zegoen Aiaraldean eta Arrakundiagako eta Zolloko emakumeak aritzen ziren bertan. Kasualitateak kasualitate, gure sorrerak Ulukaren azken kontzertuarekin kointziditu zuen. Nolabait, haien lekukoa hartzeko ohorea izan dugula esatera ausartuko nintzateke. Guretzat eredu izan dira, erreferenteak taula gainean. Jotzen ditugun kantuen artean Ulukaren ‘Morez’ abestia dago: “Txikiak egin nahi gintuzten, baina gu handiak gara. Handiak, sorginak, zoragarriak gara. Morez ikusi egunak, beltzaren ordez”.

Zeri kantatzen dio Osterabek?
Egunerokotasuneko gaiei kantatzen diegu, maite ditugun pertsonei, maitasunari, alaitasunari, ilusioari eta esperantzari. Gai anitzak lantzea gustatzen zaigu eta ahalegintzen gara momentuan entzuten diren edota modan dauden kantuak sartzen, publikoa pizteko. Ez dugu metodo berezirik kantuak aukeratzeko, egunaren arabera edota gogoaren arabera hautatzen ditugu. Hori bai, badira gai batzuk inoiz ahazten ez ditugunak: emakumeon borroka eta euskal preso politiko eta iheslarien afera, esaterako.

Emakumeen aldarrikapenak herriz herri zabaltzen dituzue.
Noski, emakumeok ahal den esparru guztietatik eragin behar dugu: etxeko sukaldetik kaleko azken txokora arte; landa eremutik, industria guneetara; tabernako barratik, eszenatokietara; norbanakotik kolektibora. Gutako bakoitzak badu zer eskaini emakumeon iraultza honi, denok garelako garrantzitsuak. Eskutik helduta aldapa gogorrenak errazago igotzen dira, zalantzarik ez dago. Guk kantuan egiten dugu, oholtza gainean jartzen dugu gure aletxoa, beti ere gainontzeko esparru guztietan lanean ari diren emakumeak gogoratuz. Aipatu nahiko nuke Kallera asanblada feministak zentzu honetan egiten duen lan ederra, eta ez nituzke ahaztu nahi pentsionisten borroka eta errefuxiatuen aferan herri mugimenduak egindako lana, Arrigorriagan adibidez. Txalotzekoa.

Mutilik onartuko zenukete taldean?
Zenbaitek proposatu digu, baina momentuz hala behar du, emakumeen taldea. Zergatik? Ba oraindik ere gutxiengo marjinala garelako. Horrela da. Gure eskualdera etorrita, zenbat emakume ikusten ditugu eszenatoki gainean? Bai, duela hamarkada batzuk gutxiago geunden, baina oraindik ez gara nahikoak, inondik inora ere. Ikusgaitasuna behar dugu, eta horretarako emakumeen taldeak behar dira. Adibide bat jartzearren: erromeria taldean abeslari bi gara, mutil bat eta ni. Ez du nahita egiten, baina zuzenekoetan jan egiten nau. Osteraben ez da halakorik gertatuko.

Kontzerturik aurreikusten duzue epe laburrera?
Momentuz ez, Uxue Bartzelonan dagoelako ikasten. Proposamenak izan ditugu, baina orain etenaldian gaude. Orain arte 40 kontzertu inguru eman ditugu, eskualdean hasi ginen baina kanpora ere irten gara: Bilboko jaiak, Sodupe, Zornotza, Amurrio… Bi urtetan ez dago gaizki. Guk kudeatzen ditugu kontzertuak eta batzuetan gainezka egiten digu, nahiko lanpetuta gaude denok.

Baina, Beranduegi erromeriarekin topera ari zara, ezta?
Egurra ematen ari gara, bai, eta nire eztarria sufritzen hasi da (kar kar). Udarara begira pilo bat entseatzen ari gara, hiru ordu inguruko kontzertuak prestatzen. Hainbeste denboran kantatzen aritzeko eztarria entrenatu beharra dago eta horregatik Basauriko kantu eskola batera joaten hasi naiz. Nire ahotsa hobeto ezagutu eta ondo modulatzen ikasi nahi dut, kontzertuetan eta entseguetan minik ez egiteko.

Bukatzeko, musika eszenan, zer botatzen duzu faltan Ugaon?
Faltan botatzen dut gazteona den espazio bat, baina batez ere kontzertuak, antzerkiak edota bestelako ekimen kulturalak egiteko antzoki bat. Egia da Ugaon badugula Jane Jauregia, baina ez dut uste herriaren beharrak asetzeko nahikoa denik. Behin baino gehiagotan ikusi behar izan dugu antzerkia euritako azpian, koralaren kontzertua ermita barruan… Ezinbestekoa iruditzen zait Ugaok duen eskaintza kulturalaren neurrira egokitzen den espazio bat egotea, akustika ona duena eta jendea biltzeko nahikoa leku duena. Gainera, musika taldeek entseguetarako lokal baten beharra ere badutela esango nuke. Badakit egon badagoela, baina bakarra dago eta txikia da, horrek dakartzan konplikazio guztiekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak