→Ugao

Akordiorik ez Ugaoko Domiberian; abuztuan greba egun gehiago egon litezkeela dio Enpresa Batzordeak

Zuzendaritzak “blokeo egoeran” jarraitzen duela salatu du komiteak eta ez dute baztertzen abuztuan greba egun gehiago egitea.

Langileak lantoki atarian protestan / Geuria

Ugaoko Domiberia SLU lantegiko zuzendaritza eta enpresa batzordea batu dira gaur, “hitzarmen duin baten alde” maiatzean hasi ziren langileen protestak eta aldarrikapenak bideratzeko asmoz. Batzarra amaituta, zuzendaritzak “blokeo egoeran” jarraitzen duela salatu du komiteak. 

Besteak beste, Domiberia enpresako Estatuko beste lantokietan langileek dituzten lan baldintzak Ugaoko lantokiko hitzarmenean ezartzea eskatzen dute langileek: hala nola, antzinatasuna berreskuratzea (gutxieneko %1a), txandakako kontratuen murriztea edota soldaten eguneratzea. Langileen ordezkariek salatu dute enpresak irailera arte atzeratu nahi dituela negoziaketak, “uztailean, abuztuan eta irailean lan asko baitago lantegian”. Halaber, komiteak dio enpresa zuzendaritza “greba egun gehiagoren beldur dela”, eta beraz, “udara igaro arte ez duela negoziaketei berrekiteko asmorik azaldu”.

Gauzak horrela, enpresa komiteak ez du baztertzen abuztuan zehar egun osoko lanuzte gehiago egitea, pasa den uztailaren 17an bezala. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak