→Ugao

Aritz Millan: “Rio 2016 Joko Olinpikoetan aritutako kirolarien lan saioak zuzendu ditut Paduan”

Aritz Millan Ibirika ugaotarra sei hilabetez izan da Paduan lanean, Nerbioi Ibaizabal Gaztedi programak esleitutako beka bati esker. Goi mailako kirol zentro batean izan da lanean, kirolari profesionalen lan-saioak zuzentzen.

Aritz Millan, kamiseta marradunarekin, eta Paduan egindako lagunak / Utzitakoa

Nerbioi Ibaizabal Gaztedi proiektuaren barruan, Europar mugikortasunerako programaren zazpi beka esleitu zituzten udaran Hego Uribe eskualdean. Horietako bat lortu zuen Aritz Millan Ibirika ugaotarrak eta hari esker azken hiru hilabeteak Paduan (Italia) pasa ditu lanean, irailetik abendura. “Esperientzia itzela” izan dela dio Aritzek, “bai profesionalki baina batez ere arlo pertsonaletik”. Paduako lanaldia bukatuta, ikasitako guztia praktikan jarri eta ahal bezain laister lanean hasteko esperantza azaldu du ugaotarrak. Paduako egonaldiak utzitzakoak kontatu dizkigu.

Zer moduz Paduan?
Oso ondo, esperientzia itzela izan da, bai arlo profesionaletik baina batez ere arlo pertsonaletik. Kultura, hizkuntza eta jende berria ezagutu dut, beraz, oso pozik nator Euskal Herrira bueltan.

Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzia ikasita joan zinen Italiara. Lan-munduarekin lehenengo hartuemana izan duzu Paduakoa?
Paduara joan baino lehenago kirol munduan lanean ibili naiz, baina hau izan da, nire ustez, lan esperientziarik aberasgarriena. Izan ere, ezagutza berri asko barneratu ditut eta praktikan jartzeko aukera izan dut bertan.

Zer ikasi duzu han? Kirol zentro batean aritu zara, ezda?
Centro Sportivo Plebisciton egin dut lan. Oso egoitza handia da eta teniseko pistak, igerilekuak, patinatzeko pista, rugby zelaia, gimnasioak… ditu. Paduan tenisa eta waterpoloa dira bultzada handien duten kirolak eta nik kirol hauen prestaketa fisikoa antolatzen ibili naiz. Batetik, Lantech Plebiscito Padova taldean aritu naiz, waterpoloko emakumezkoen lehenengo taldearekin. Italiako txapeldunak izan dira azkenengo lau urtetan eta aurten ere helburu berdina dute. Gainera, jokalari batzuk Rio 2016-ko Joko Olinpikoetan zilarrezko domina lortu zuten, beraz, errendimendu handiko jokalariekin lan egin dut. Bestetik, teniseko jokalarien prestaketa fisikoa eta entrenamendu pertsonalak antolatzen eman ditut hiru hilabete hauek.

Centro Sportivo Plebisciton goi mailako kirol zentroan egin du lan Aritzek / Utzitakoa

Nola moldatu zara hizkuntzarekin? Komunikatzeko zailtasunak izan dituzu?
Hizkuntza erraza dirudien arren, hasieran apur bat galdurik nenbilen. Hala ere, dendetan, tabernetan, kirol zentroan… italieraz saiatzen nintzen beti eta asteak aurrera joan ahala asko hobetu dut.

Penaz agurtuko zenituen lankideak eta kirolariak. Zer esan dizute?
Bai, lankideekin eta kirolariekin oso ondo moldatu naiz eta eskerrak eman dizkidate haiekin egindako lanagatik. Etorkizunerako zorte ona opa didate eta laister ni Paduara bueltatzea espero dute.

Kontatu nolakoa zen zure egunerokoa Paduan.
Goizean bizikleta hartu eta zentrora joaten nintzen, waterpoloko neskekin gimnasio saioa baitnuen, 8:30etatik 10:00etara. Saioa bukatu eta gero nire burua entrenatzen nuen zentroan bertan eta ondoren bazkaria prestatzera bueltatzen nintzen etxera. Bazkaldu eta gero zentrora buelta eta teniseko jokalarien gimnasio entrenamenduak eta entrenamendu pertsonalak zuzentzen nituen. Lanaldia bukatzerakoan, 19ak aldera, lagunekin biltzen nintzen normalean, bueltatxo bat eman, trago bat hartu edota kanpoan afaltzeko.

Nolako da Padua?
Egia esanda ez nuen Paduari buruz inoiz ezer entzun, hori dela eta izugarrizko sorpresa hartu dut. Padua oso hiri polita da, ez da oso handia (Bilbo antzekoa) eta bizikletaz mugitzeko erraztasun pilo bat ditu. Bertan, Italiako bigarren unibertsitaterik zaharrena dago (Bolognakoa da zaharrena) eta Europa osoko ikasle askok ikasten dute bertan (60.000 inguru, 1.500 Erasmus). Beraz, hiri gaztea da eta hori eguneroko bizitzan asko nabaritzen da.

Bueltan zaude. Mugikortasun programa hau lan mundurako baliagarria izango duzula uste duzu?
Hori espero dut, kar kar. Bai, ezagutza berri asko barneratu eta praktikan jartzeko aukera izan dut. Gogo itzelak ditut bultzada hau aprobetxatzeko eta hemen ahal bezain laster lan egiten hasteko.

Zer asmo duzu orain?
Alde batetik, suhiltzaile oposaketak prestatzen nabil. Prozesu luzea izan daiteke, beraz, lanarekin tartekatzea dut helburu. Bestetik, nirekin Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak ikasitako lagun batekin entrenamendu enpresa-proiektu bat dugu buruan. Xehetasun batzuk ixtea falta zaigu baina espero dugu ahal bezain laister martxan jartzea.

Aritz Millan, behekaldeko ezkerraldean / Utzitakoa

Mugikortasun programara bueltatuta. Nongoak dira egin dituzun lagunak?
Harreman pilo bat egin ditut bertan eta haietariko batzuk lagunak direla esatera ausartuko nintzateke. Espainiar Estatuko Erasmuseko ikasleek haien Ghettoak egin zituzten hasieratik eta gehienak ez ziren Europako beste herrialdeetako ikasleekin harremanatzen (bertan esan zidaten Erasmus guztietan jarrera hori hartzen zutela), baina Kataluniako bi neska, Madrileko neska bat eta ni jatorri desberdineko kuadrila batean murgildu ginen. Bertan, Alemania, Frantzia, Belgika, Hungaria, Suedia eta beste herrialdeetako jendea zegoen eta komunikatzeko ingelesa erabiltzen genuen.

Berriz elkartzeko planak egingo zenituzten dagoeneko.
Noski! Otsailean astebete noa Paduara, baina oraingoan oporretan, lagunak bisitatzera, kar-kar. Hala ere, udan denok berriz elkartzeko ideia proposatu genuen.

Budapestera egindako irteera batean / Utzitakoa

Bidaiatzeko aukerarik izan duzu?
Bai, asteburuak bidaiatzeko aprobetxatzen nituen gehien bat: Venezia, Vicenza, Ferrara, Bologna, Verona, Trento, Lago di Garda, Dolomitak, Viena eta Budapest bisitatzeko aukera izan dut.

Eta jateko, nola moldatu zara?
Oso ondo moldatu naiz. Aurretik bi urtez egon nintzen bakarrik bizitzen, beraz, ez dut sukaldatzeko arazorik. Noski, bertako pizza eta pasta jan gabe ezin nintzen Euskal Herrira bueltan etorri. Gainera, kafe eta ardo oso ona dute Italiako Veneto eskualdean.

Mugikortasun arazoetako bat izan ohi da diru laguntzek ez dutela atzerrian bizitzeak suposatzen duen gastua betetzen. Zer kubritu dizu zuri bekak? Norberaren poltsikotik asko jarri behar izan duzu?
Hala da, gehienoi berdina pasa izan zaigu. Bekak hegazkina, bertako garraioa, pisua eta 400€ hilabetean kubritzen zidan eta nire poltsikotik 700 bat euro jarri behar izan ditut. Aipatzekoa da, orokorrean Padua eta bere ingurua Euskal Herria baino garestiagoa dela.

Aipatu esperientzia honen aldeko puntu nagusiak eta kontrakoren bat.
Aldeko puntu nagusi bezala barneratutako esperientzia eta batez ere egindako harremanak aipatuko nituzke. Edonori gomendatuko nioke atzerrian esperientziaren bat izatea, ikasketa edo lan eremuan. Kontran, hasieran apur bat galdurik zaudela.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak