→Ugao

Belar artifizial berria prest dago Ugaoko Arandiako futbol zelaian

5 urteren ondoren, puntako belar berriaz gozatu ahal izango dute Ugaoko futbol taldeek. Porteriak eta jokalarientzako aulkiak ere aldatu dituzte.

Puntako belar artifiziala jarri dute Arandian / Ugaoko Udala

Aste honetan bukatu dira Arandiako futbol zelaian egin dituzten obrak. 15 urteren ondoren, puntako belar berriaz gozatu ahal izango dute Ugaoko futbol taldeek. Ekaitz Mentxaka alkatearen esanetan, 10-12 urteko biziraupena izan ohi du futbol zelai bateko belar artifizialak, eta Arandiakoa herriko futbol zelai bakarra izanik, eraberritze lanak beharrekoak zirela ondorioztatu zuten udaletxean. “Urtean zehar ehunka futbolari pasatzen dira Arandiatik, ia egunero zapaltzen da bertako belarra. 15 urte ziren belarra azken aldiz aldatu genuenetik, bazen garaia aldaketak gauzatzeko. Bestalde, bukatu berri ditugun lanak herritarren eskarien bitartez agindutako obrak izan dira, futbol taldeek zituzten beharrei erantzuteko, alegia”, dio alkateak. Belar sintetiko berria jartzeaz aparte, futbol hamaikako ate eta aulki berriak jarri dituzte . Aulkiei dagokienez, handiagoak dira orain: futbol hamaikako bi aulkietako bakoitzean hamabi pertsona kabitzen dira orain. Futbol zazpiko aulkiak ere aldatu dituzte: lau aulki mugikor jarri dituzte, zortzi pertsonentzako bakoitza. 163.000 euro (BEZa barne) bideratu ditu Udalak Arandiako eraberritze lanak egiteko.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak