→Ugao

Donejakue bidea 24 orduz azpitik egitea lortu du Julian Sanz ugaotarrak

23 ordu eta 37 minutu behar izan ditu Julian Sanzek Orregatik Santiagora bitarteko ibilbidea bizikletaz egiteko, 750 km inguru guztira. Uztailaren 25ean, asteazkenez, 16:00etan hasi eta uztailaren 26an iritsi da Santiagora, 15:50ak aldera.

Julian Sanz eta bere taldea, Santiagon, erronka gainditu eta gero // Facebook: Julian Sanz Ultracycling

23 ordu eta 37 minutu behar izan ditu Julian Sanzek Orregatik Santiagora bitarteko ibilbidea bizikletaz egiteko, 750 km inguru guztira. Uztailaren 25ean, asteazkenez, 16:00etan hasi eta uztailaren 26an iritsi da Santiagora, 15:50ak aldera, bere Facebookeko orrialde ofizialean jakitera eman dutenez. Probako hainbat tartetan Sanzek lagun izan du Ziortza Villa bilbotarra. Ehunka pertsona izan dira erronka sare sozialen bitartez jarraitu dutenak.

Julian Sanz, Santiagora iritsi berria / Facebook

Sanz eta Villarekin batera lantalde bat joan da Orreagatik Santiagora: Aitor Alberdi Fadurako (Getxo) Hobekuntza Teknikorako Zentroko teknikaria, Endika Martin fisioterapeuta eta osteopata, Asier Bilbao entrenatzaile eta triatleta ohia eta Hektor Llanos Fitgüne-ko (Gasteiz) biomekanikoa. Era berean, Munduko Ultracycling Elkarteko (UMCA) hiru epaile eta bi ibilgailu lagundu dituzte erronkalariak. Erronkak iraun bitartean Iruñako, Logroñoko, Burgoseko, Astorgako, Ponferradako eta Santiagoko udaltzainek koordinazioan lagundu dute eta GPS jarraipena egin zaie.

HIRUGARREN SAIAKERA

Donejakue Bidea bizikletaz eta 24 orduz azpitik egiteko erronka 2007an otu zitzaion Julián Sanzi, ultracycling modalitatea herritarron artean ezagutarazteko helburuarekin. Bizikletaz distantzia luzeak -hala nola, 22 orduz jarraian- egitea da modalitate horren xedea.

2007an bizikletaz Santiagorako bidea hartu zuen Sanzek eta 27 ordutan bete zuen erronka. Hurrengo urtean, 2008an, Donejakue Bidea 26 ordutan egitea lortu zuen. Orain, hamar urte ondoren, 24 ordutan baino gutxiagotan erronka bete du Sanzek.

Julian Espainiako txapelduna da 24 orduko modalitean (2016 eta 2017). Era berean, 24 orduko Munduko txapelketan laugarren postuan bukatu zuen ugaotarrak 2016an eta aurten, apirilaren 28an, bigarren postua eskuratu du Race Across Italy 775km – 26 ordu lasterketan (Munduko txapelketa).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak