→Ugao

Ugaoko emakumeen futbolak sustraiak sendotu nahi ditu Arandian

60 jokalari ari dira egun hiru taldetan banatuta: lurralde mailan, kadetetan eta gaztetxoetan. Datorren denboraldirako helburuak: nagusiekin Euskal Ligara igo, kadeteak federatu eta benjaminen taldea sortu.

13 partidatik 13 irabazi dituzte nagusiek / C.D Ugao Femenino

60 jokalari ari dira egun hiru taldetan banatuta: lurralde mailan, kadetetan eta gaztetxoetan. Datorren denboraldirako helburuak: nagusiekin Euskal Ligara igo, kadeteak federatu eta benjaminen taldea sortu.

Emakumeen futbolak ilusioa piztu du Ugaon eta momentua aprobetxatu nahi dute beren presentzia handitzeko. 60 jokalari dituzte aurten hiru taldetan banatuta: nagusienak Lurralde Mailan ari dira jokatzen eta denboraldi hasiera ikusgarria izan dute aurtengoa: 13 partidatik 13 irabazi dituzte eta lehenak dira sailkapenean. Bolada onari eustea eta Euskal Ligara igotzea da haien helburua. “Ederto ari gara. Talde sendoa dugu, jokalarien konpromisoa erabatekoa da eta giroa ezin hobea”, dio Juanmik, taldeko entrenatzaileak. Euskal Ligara igotzea lortuko balute, Lurralde Mailako beste talde bat sortzea gustatuko litzaieke, “aurten aukerarik izan ez dutenek aukera izan dezaten”. Taldeko kapitainek harmailak jendez betetzeko deia luzatu dute: “Proposatzen dugun jokoa nahiko ikusgarria da. Emakumeok ere irabazteko gaitasuna eta anbizioa dugu, hainbeste urtez itzalean egon ondoren, gose gara orain”.

Ugaoko hiru taldeetako jokalariak, Arandian / C.D Ugao Femenino

Txikienentzako taldea
Kadeteen taldea ere gogor ari da lanean. Futbol zazpian jokatzen ari dira aurten, baina datorren urtean federatu eta futbol hamaikara salto egitea da helburua: “Pixkana ari dira jokalari berriak etortzen eta aurrerapausoa eman dezakegula uste dugu”, diote entrenatzaileek. Gaztetxoen taldea bere horretan mantentzea eta txikienekin talde berria sortzea da asmoa: “Ostiraletan 2010 eta 2011. urteetan jaiotako neskei zuzendutako entrenamenduak egiten ditugu orain, futbolarekin lehen hartu emana izan dezaten txikitatik. Datorren urtean entrenamenduetatik taldea sortzera pasa nahi dugu. Zuzendaritzatik Ugao eta inguruko herrietako neska guztiak animatu nahi ditugu gure taldera batu daitezen“, dio Noemi Valle, futbol taldeko zuzendaritzako kideak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak