→Ugao

Genero indarkeriari aurre egiteko protokoloa osatu dute Ugaon

Indarkeria matxistaren aurrean eman beharreko urratsak eta egitekoak finkatu dituzte Kallera Asanblada Feministak eta Ugaoko Udalak.

Kallera Asanblada Feministak eta Udalak elkarlanean egin dute protokoloa // Geuria

Indarkeria matxistaren aurrean eman beharreko urratsak eta egitekoak finkatu dituzte Kallera Asanblada Feministak eta Ugaoko Udalak.

Egunerokoan gertatu litezkeen erasoen zein eraso larri edo erailketa matxisten aurrean eman beharreko urratsak batzen ditu protokoloak, Ugaoko Udala, Ugaoko Mugimendu Feministak eta ugaotarren artean “erantzun bateratua eta sendoa” sortzeko. “Halako erasoen aurrean Ugaoko herriak jarrera aktiboa izan behar du eta erantzunak irmoa eta erabatekoa izan behar du”, diote protokoloa landu duten aldeek.

“Genero-indarkeriaren aurkako borroka guztion erantzukizuna da, administrazioena eta baita gizartearena ere. Protokolo honekin, biktimei lehentasuna eman nahi diegu, arreta osoa, hurbila eta koordinatua eskainiz. Uneoro gure konfiantza eta laguntza eskaini nahi diegu ” esan du Ekaitz Mentxaka alkateak.

ERASO BATI AURRE EGITEKO PROTOKOLOAK EZARTZEN DITUEN FASEAK
1. Aktibazioa
: Udalak eraso baten berri izatekotan, Kallera Asanblada Feminista abisatuko du lehenik. Era berean, Kallerak eraso baten berri izatekotan, Udala abisatuko du. Horrela izan dadin, kontakturako pertsonak zehaztuko dira aldez aurretik. Salaketa judiziala egon edo ez, aktibazioa ez da baldintzatuko: edozein kasutan, aktibazioan adostutakoa beteko da. Erasotuaren babesa eta konfidentzialtasuna bermatuko da beti.

2. Deialdiak: Eraso bat gertatzen denean, kasua aztertu eta salaketa publikoa egitea erabakitzen den guztietan elkarteratzea deituko da. Erasoa gertatu eta astebeteko epean deituko dute elkarteratzea, Udalak eta Kallerak elkarrekin adostutako egun, toki eta ordu batean. Elkarteratzean “Ugaon indarkeria matxistaren kontra” leloa daraman pankarta egongo da eta mugimendu feministako ordezkariek, Ugaoko elkarteetako kideek eta herritarrek eutsiko dute.

3. Udala: Udala, erasotuari babesa eskaintzeaz gain, koordinazioaz ere arduratuko da. Horretaz aparte, protokoloa aktibatu eta 24-48 orduko epean, adierazpen instituzionala egingo du Udalak salaketa publikoa egitea erabakitzen bada. Berdin du salaketa judiziala egon edo ez. Adierazpena aurrez adostua egongo da eta bandoen bitartez zabalduko da. Bandoekin batera, web-gunean ere jarriko da adierazpena.

4. Mugimendu Feminista: Mugimendu feministaren ardura izango da salaketa soziala artikulatzea. Gainera, elkarteratzea egitekotan, mugimendu feministak hartuko du salaketa agiriaren irakurketa egiteko ardura.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak