→Ugao

Gernika enparantza 32 autorentzako txandakako aparkalekua bihurtuko dute Ugaon

Txandakako parkingak 32 plaza izango ditu orotara eta autoak doan eta denbora tarte mugatu batez aparkatu ahal izango dira bertan.

Frontoiaren ondoko plaza txandakako parkinga bihurtuko dute / U. Udala

Datorren astelehenean, uztailaren 1ean, hasiko dituzte Gernika enparantza txandakako aparkalekua bihurtzeko lanak. Udalak dio bizilagunen mugikortasuna erraztu eta tokiko komertzioa eta ostalaritza sustatzeko balioko duela parking berriak: “Dendariek eta ostalariek egindako eskaera nagusietako bati erantzuna emango diogu honela. Herriaren erdigunean dagoen aparkaleku eskasiari konponbidea emateaz gain, mugikortasuna erraztu eta inguruko balizko bezeroak Ugaora hurbil daitezen bultzatuko dugu”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Txandakako aparkalekuak 32 plaza izango ditu orotara eta autoak doan eta denbora tarte mugatu batez aparkatu ahal izango dira bertan. Denbora tarte hori igarota, erabiltzaileak kotxea atera beharko du toki hori libre utzi eta beste norbaitek aparka dezan. Parkingerako sarbidea librea izango da, barrerarik gabekoa, eta kudeaketa parkimetro baten bitartez egingo da. Autoa aparkatuta, gidariak dagokion tiketa hartu  eta kotxearen aurreko aldean jarri beharko du, erraz ikus daitekeen leku batean. Tiketak kotxea aparkatuta egon den denbora neurtzeko balio izango du.

Zehaztutako ordutegitik eta egunetatik kanpo, aparkatzea librea izango da, denbora mugarik gabekoa. Gauez ere denbora mugarik gabe aparkatu ahal izango da. Udalak ez du zehaztu oraindik parkingak izango duen ordutegia. Hurrengo asteetan dendariekin zein ostalariekin batuko dira zehaztasun horiek adosteko.

22.158 euro bideratuko ditu Udalak Gernika enparantza parking bihurtzeko lanetara. Uztailaren 1ean hasi eta aste betez luzatuko dira obrak. Besteak beste, lurzorua asfaltatu, autoentzako sarbidea ireki eta aparkalekuak zehazteko marrak margoztuko dituzte bertan. Jaietan aste betez kenduko dute aparkaleku zerbitzua, kontzertuei eta gainontzeko jarduerei leku egiteko.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak