Sareak

☉ Ugao

Trontza eta aizkora erakustaldia antolatu dute irailaren 8an Ugaon, Aritz Irazabal bizilagunarekin

Bizkaia eta Asturiaseko zazpi kirolari arituko dira Ugaon, tartean Aritz Irazabal ugaotarra. 

|

Ezkerrean, Aritz Irazabal, Ugaon egindako erakustaldi batean / Utzitakoa

Herri Kirolen erakustaldia antolatu dute irailaren 8an Ugaon, jaien egitarauaren barruan. Trontza eta aizkora izango dira nagusi 13:00etatik aurrera, herriko plazan. Bizkaia eta Asturiaseko zazpi kirolari arituko dira Ugaon, tartean Aritz Irazabal ugaotarra.

Irazabalekin batera arituko dira Irati Astondoa (Zeanuri), Karmele Gisasola (Mallabia), David Naredo (Sariego, Asturias), Ruth San Cristobal (Algorta) eta Beñat Amade (Algorta).

Irailaren 6tik 9ra

Irailaren 6tik 9ra ospatuko dira aurten Ugaoko jaiak. Sarea Txiki Abesbatza arduratuko da festen lehen egunean pregoia irakurtzeaz eta Etorki Dantza Taldea izango da jaiei amaiera emango diena, ohiko bola biratzearekin. Dantza taldearen 55. urteurrenean hartu du Etorkik bola biralariaren ardura. Egunez eguneko egitaraua, hemen irakurgai.

☉ Ugao

Ingurumen hezitzaile bik Ugao bisitatuko dute herriaren birziklapen ohiturak ikertzeko

Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberiotik igaro ostean, ingurumen-hezitzaileek apirilaren 29tik maiatzaren 8ra bitartean bisitatuko dute Ugao

|

Udalekoko kamioi bat, hondakinak biltzen // Geuria

Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberiotik igaro ostean, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak martxan jarritako eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako ingurumen hezkuntza kanpainako hezitzaile bi Ugaora iritsiko dira herrian birziklatzeko dagoen ohitura aztertzeko eta sentsibilizatzeko. Ingurumen-hezitzaileen bisitak apirilaren 29tik maiatzaren 8ra izango dira.

Birziklapena oinarri nagusia izango da eta beste gai batzuk ere landuko dituzte horren inguruan: hala nola zer frakzio birziklatzen duten eta zein ez, birziklatzeko zer zailtasun dituzten edo zer deritzoten hondakinak biltzeko zerbitzuei buruz…

Momentu honetan kanpaina prozesuaren erdian dagoela azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek eta Arakaldo, Zaratamo, Zeberio, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga eta Urduñako 668 pertsona informatu direla azaldu dute: “Horietako 516 laguni inkesta egin diete”.

Hondakin ezberdinak bereizten dituen Nerbioi-Ibaizabaleko edukiontzia, Zaratamon // Geuria

Horia eta marroia

Inkestatuen artean, Ugaoko udal ordezkariek adierazi bezala, zalantza gehienak edukiontzi horiak sortzen ditu: “Galdetutako pertsonen zalantza ohikoenen artean, ontzi arinen frakzioarekin lotutakoak nabarmentzen dira. Edukiontzi horretan plastikozko ontziak, brikak eta latak utzi daitezke”, eta egoera argitzearren, edukiontzi horietan plastikozko zein metalezko ontziak eta bestelako ontziak sar daitezkela argitu dute: tetrabrikak, porexpanezko erretiluak, aluminio-papera, film gardena…

“Aldiz, ezin dira honako hauek utzi: Pertxak, plastikozko ostailuak, sukaldeko tresnak, biberoiak eta txupeteak, kafetegietako paperezko edalontziak, harategi eta arrandegietan erabilitako paper plastifikatua, tuperrak, aluminiozko kafe-kapsulak, plastikozko loreontziak, CD eta DVD kaxak, boligrafoak, zorrozkailuak, metxeroak…”.

Beste zalantza batzuk edukiontzi berdearen ingurukoak dira, eta galdera ohikoenak botilen kortxoak zein edukiontzira bota behar diren izaten da: “Hondakin organikoa da, eta edukiontzi marroira bota behar da”, izan dira udal ordezkarien berbak.

Ugao bisitatuko duten ingurumen-hezitzaileek hondakin desegokien maila erregistratuko dute ere. Honek esan nahi du edukiontzietan oker utzitako hondakin kopurua zein edukioentzien beraien erabilera txarra aztertuko dutela. Ugaoko udal ordezkariek adierazi bezala, erabiltzaileek gorabehera bi izan ohi dituzte erabiltzaileek birziklatzeko orduan: “Alde batetik frakzio organikoko hondakinak plastikozko poltsetan uztea, poltsa konpostagarrietan utzi ordez, edota poltsarik gabe uztea. Beste alde batetik, paperezko edo kartoizko hondakinak
plastikozko poltsetan uztea, edukiontzi horretan ez baita utzi behar papera edo kartoia ez den beste osagairik”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

#A21 / Emaitzak / Ugao / EAJrentzat garaipena, eta EH Bildurentzat igoera handiena

#A21 / Ugao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dute gaur Ugaon Envaseseko langileen alde

Herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute gaurko Ugaon, atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez

|

Martxoaren 16an egin zuten lehen manifestazioa Ugaon / Utzitakoa

Joan den apirilaren 8an aste biko grebari hasiera eman zioten Ugaoko Envases Universales multinazionaleko langileek, Aldi Baterako Lan Espedientearen kontsulta-aldia enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe amaitu ostean.

Gaur, eta atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez, herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute. LAB sindikatutik azaldu dutenaren arabera, “langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe”.

Envases Universaleseko langileek Gaubela egin zuten atzo / Utzitakoa

Egoera hori salatzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian atzotik hona, besteak beste pankarteoa, elkartasun kontzertuak, afari kolektiboa edo gaubela.

Denak bere horretan jarraituko balu mobilizazio berriak iragarri dituzte langileek, eta LAB sindikatuak kanpainan dauden alderdiei eskatu die “hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gazte Eguna egingo dute bihar, “gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”

|

Gautegun erromeria / Geuria

Musika, jolasak eta aldarrikapena izango dira Ugaon bihar egingo duten Gazte Egunaren oinarria. Helburua, antolatzaileek eurek adierazi dutenaren arabera, “gazteak elkartzeko espazioa sortzea da, gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”. 

Hori horrela, 12:00etan hasi eta gaueko ordu txikietan bukatuko den ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute. Hasteko, 12:00 taldeen arteko jolas musikatuak egingo dituzte tabernetan zehar. Hori ondoren etorriko den herri bazkariaren atarikoa izango da.

Arratsalde parterako elektrotxaranga 17:30ean, eta gauarekin batera hainbat kontzertu, hala nola Txapelpunk, Arene G, Gautegun Erromeria edo Jonkass DJa.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Veronica Martin zeberioztarrak elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko tailerra eskainiko du Ugaon

Hitzaldia Ugaoko Jane jauregian antolatu du AEK-k apirilaren 24an, 18:00etatik 19:30ak arte, ‘Praktikatu eta Bizi’ programan

|

Elikagai osasuntsuen etiketak identifikatzeko hitzaldia eskainiko du Veronica Martin Requena nutrizionista zeberioztarrak Ugaoko Jane jauregian, apirilaren 24an, asteazkena. GEURIAk iazko apirilean elkarrizketatu zuen Zeberioko nutrizionista.

“Elikadura osasuntsua erosketa-saskian hasten da, baina gaur egun ez da batere erraza supermerkatuan elikagai onenak aukeratzea”, azaldu du nutrizionistak HasiHazi Jaten kontsultategitik. “Hainbat eta hainbat produktu mota daude, ezen jakin ere ez dakigun zer jaten dugun”. Hori dela eta, produktuen etiketak bereizten jakitea garrantzitsua dela nabarmendu dute, nahasketa batzuek gure dietak desorekatzeko arriskua sortzen dutelako.

Zeberioko produktuak // Geuria

Saioa 18:00etatik 19:30ak arte antolatu du HasiHazi jaten kontsultategiak AEK-ko Praktikatu eta Bizi programan eta Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Hitzaldian parte hartu nahi duten interesdunek 663 040 035 telefonora deituz eman beharko dute izena.

Osorik irakurri