→Ugao

Herri inklusiboagoa izan nahi du Ugaok

ugao hirigintza 2016 diagnostikoa

Galdetegien bitartez, herriko segurtasunaren, eremu publikoen egoeraren, mugikortasunaren, irisgarritasunaren eta sinbolismoaren inguruko galderak egingo zaizkie herritarrei.

Galdetegien bitartez herritarren iritziak jasoko ditu Udalak / Geuria

Inklusiboagoa eta “danontzako berdinagoa” izango den udalerria lortzeko helburuarekin, Ugaoko Udalak pertsona desgaituek, mendeko pertsonek, adin nagusikoek edota umeek dituzten beharrizanak eta somatzen dituzten gabeziak jaso nahi ditu, herriaren diagnostikoa egin eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatzeko.

Hain zuzen ere, parte-hartze prozesua jarriko dute martxan datorren astetik aurrera, galdetegien bitartez. Galdetegi horretan herriko segurtasunaren, eremu publikoenegoeraren, mugikortasunaren, irisgarritasunaren eta sinbolismoaren inguruko galderak egingo zaizkie herritarrei. Besteak beste, “Segurua ez den eremurik al dago Ugaon?”, “Nahikoak eta erabilgarriak al dira Ugaoko kaleetako jesarlekuak?”, “Mantenu egokia dute herriko plaza eta parkeek?”, “Aparkatzeko zailtasunak daude? Non?” edo “Generoa edo ikuspegi historiko batetik, ados zaude herriko kale, eskultura edo eraikin publikoren izenekin?” galderei erantzun beharko diete herritarrek, bai eta horietako bakoitzean egokiak iruditzen zaizkien arrazoiak eman. Galdetegia osorik ikusteko, sakatu hemen.

Herriko toki ezberdinetan banatuko dira galdetegiak, eta hauek bete ondoren, udaletxean kokatuta egongo den postontzira bideratu beharko dira. Aste Santua baino lehen aurkeztuko du Udalak jendaurrean herritarren ekarpenekin landutako diagnostikoa. Txosten horretatik ateratako ondorioekin Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean esku hartzea espero du Udalak, argiteriaren hobekuntzan esaterako, edota ispuluak jarriz, eraikin publiko eta eskoletako irisgarritasuna hobetuz, hiri altzariak jarriz, parkeak eraberrituz, bizitegietako batezbesteko dentsitatea birplanteatuz…

8.833 euro zuzenduko ditu Udalak udalerriaren analisi- diagnostiko hau egiteko; horietatik 6.570 euro Eusko Jaurlaritzak emango ditu.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak