→Ugao

Imanol Casan: “Ezinbestekoa da etxe inguruan musika sustatzen duen eskola bat izatea”

Hilaren 24an, ostirala, kontzertua eskainiko du Casanek Udiarraga ermitan, 20:00etan. Berarekin batera Irene Sorozabal mezzosopranoa, Iñaki Bermudez Saxofoia eta Carla Peña biolontxeloa arituko dira.

Argazkian, ezkerreko gaztea da Imanol, Trio Jakob bere musika taldeko kideekin batera /Utzitakoa

Imanol Casan ugaotarra Hagako musika kontserbatorioan ari da piano-jotzaile profesional gisa trebatzen, Holandan. Hilaren 24an, ostirala, kontzertua eskainiko du Casanek Udiarraga ermitan, 20:00etan. Berarekin batera Irene Sorozabal mezzosopranoa, Iñaki Bermudez saxofoia eta Carla Peña biolontxeloa arituko dira.

Maiatzaren 24an kontzertu berezia eskainiko du Imanol Casanek (Ugao, 1995) Ugaon -argazkian, ezkerreko gaztea, Trio Jakob bere musika taldeko kideekin batera-. Udiarraga ermitan arituko da zuzenean, bere herrian, musikarekin lehen hartu emanak izan zituen toki berean. Izan ere, Casanek ez du ahaztu herriko musika eskolak bere ibilbidean jokatu zuen rola: “Ezinbestekoa da etxe inguruan musika eta kultura sustatzen duen eskola bat izatea, nik bezala, beste askok ere txikitatik musika ikasteko aukera izan dezaten”. Pianoari lotuta bihurtu du egia Casanek eszenatoki gainean lan egiteko zuen ametsa. Bartzelonan eta Holandako Haga hirian ondu du ugaotarrak bere ibilbide profesionala, tartean hamaika musika lehiaketa irabazi eta gero. Ikasi bitartean, proiektu profesionala jarri du martxan Casanek, Trio Jakob, eta han eta hemengo antzoki garrantzitsuetan jotzeko aukera izan du. 2016an, kasu, Arriaga Antzokiko sarrerak agortu zituzten.

Gogoan dituzu musika ikasten hasi zinen urte horiek?
Bai! Oso gazte hasi nintzen musika ikasten, 4 urterekin oinarrizko edukiak eta 6 urterekin pianoa. Gogoan dut oso astuna nintzela amarekin: behin eta berriz esaten nion musika eskolan hasi nahi nuela. Bere ustez oso goiz zen musikarekin hasteko, baina kasu egin eta Ugaoko musika eskolan eman zuen nire izena, badaezpada. Oso garrantzitsua da noiz eta nola hurbiltzen zaren musika mundura, eta nire ustez, erabat sinetsita murgildu nintzen ni. Bestetik, herrietako musika eskolen beharra eta garrantzia nabarmendu nahiko nuke. Ezinbestekoa da etxe inguruan musika eta kultura sustatzen duen eskola bat izatea.

Txikitatik argi izan duzu, beraz, musikaria izan nahi zenuela.
Esparru artistiko ezberdinak probatu nituen eta ia guztiak gogoko nituen. Antzerkian ere aritu nintzen, gustura, baina musikak harrapatu ninduen. Finean, argi nuen eszenatoki gainean lan egin nahi nuela.

Instrumentuetan, pianoa gogokoen.
Musika eskolan hasita, berehala aukeratu behar duzu jo nahi duzun instrumentua. Egia esan, ez dut gogoratzen pianoa aukeratzearen arrazoia. Erabaki horrek baina, neure bizitza osoan zehar gidatu nau eta ez nuke beste ezergatik aldatuko.

Noiz ohartu zinen musikarekiko afizioa lanbide bihurtu behar zenuela?
Musikaria izateko erabakia, nire kasuan, oso naturala izan zen. Beste zerbait ikasteak musikari eskainitako denbora murriztea esan nahi zuen, eta beraz, neure ikasketek musikari lotuak egon behar zutela ondorioztatu nuen.

Bilboko kontserbatoriora joan zinen.
Irakasle eta kide paregabeak eduki nituen Bilbon. Asko gozatu nuen haiekin lan eginez eta horrek asko balio izan dit neure bidean indarrez aurrera egiteko. Zorte handia izan dugu Bilbon kalitatezko kontserbatorio bat edukitzeagatik.

Institutu garaia bukatuta, Bartzelonara.
Aldaketa izugarria izan zen nire bizitzan. Alde batetik, Bartzelonako kontserbatorioan egun osoa eskain niezaiokeen musikaren sorkuntzari eta ikasketari. Bestetik, bakarrik bizi nintzen, familia eta lagunengandik urrun. Beste herrialde batzuetan ohikoa da unibertsitate ikasketak beste hiri batean egitea, ez ordea gurean. Etxetik alde egitean nahitaez espabilatu behar duzu eta hasierako beldurrak alde batera utzita, abantailak asko dira. Musikalki eta pertsonalki hazteko aukera polita izan zen.

Gogorra al da goi mailako musika ikastea?
Musikaz betea dago nire ohiko egun bat. Pianoarekin hobetzeko, oso garrantzitsua da kalitatezko piano bat izatea eta horregatik egun osoa ematen dut kontserbatorioan, ikasi eta ikasi. Musika ikastea oso polita den arren, musika klasikoaren munduan lehiakortasun handia dago. Lehiaketetan eta proba askotan eman behar duzu izena, zure kurrikuluma hobetu eta etorkizuneko ateak irekitzeko. Askotan zure lagunen ‘aurka’ lehiatu behar duzu. Hala ere, normalean guztiok laguntzen diogu elkarri. Asko ikasteaz aparte, oso garrantzitsua da osasuntsu jatea eta ondo lo egitea, batez ere aste konplikatuak datozenean. Kontzertuak eta lehiaketak ditudanean kaosa izaten da nire egunerokoa: hara eta hona ibiltzen naiz bidaiatzen, ez dut denborarik ondo lo egiteko, edozer eta edonon jaten dut eta hori guztia, jende askoren aurrean kontzentratuta eta ondo jotzeko prest egon behar duzula jakinda.

Eta interesa piztu duzu zure lanarekin.
Zorte handia izan dut hainbat elkartek diruz lagundu nautelako ikasketekin jarraitzeko. Interpreteen Elkarteak edota Ferrer Salat de Jovenes Promesas Fundazioak babes ekonomikoa eman didate. Bultzada ederra da halakoek zure lana aitortzea.

Zortea bakarrik ez, ezta?
Askok uste dute pianista batek bizitza bohemioa edo artistikoa izan behar duela, baina egia esan diziplina oso handia eta txukuna da, exijentzia maila handikoa. Ikasketa ordu luzeez aparte, egun osoan ari gara gure gorputzarekin lanean eta asko nabaritzen da hori: lesioak besondoan, bizkarrean, buruko mina… Gainera psikologikoki indartsua izan behar duzu: 600 lagunen aurrean jotzea ez da lan makala eta presioak maiz kalte egingo dizu.

Egun Holandan zaude, musika klasikoari buruzko graduondoa ikasten.
Master in Classical Music ikasten ari naiz Holandako Royal Conservatory of The Haguen. Esperientzia ikaragarria izaten ari da mundu osoko pertsonekin lan egitea eta elkarrekin proiektu musikalak sortzea. Nazioarteko kontserbatorioa da, prestigiotsua, eta exijentzia maila oso altua da. Beraz, asko ikasi behar da. Bestetik, Holanda herrialde ederra da eta bertako bizilagunak oso atseginak dira atzerritarrekin. Hori bai, eguraldira ohitzea zailagoa da. Neguan izugarri sentitzen dut eguzki izpien hutsunea: arratsaldeko 16:00etan hasten da gaua!

Trio Jakob proiektua jarri duzu martxan.
Ganbarako musikako proiektu profesional bat sortzeko asmoa genuen hirurok, eta nahiz eta hasiera baten elkar ez genuen ezagutzen, ilusioak eta gogoak batu gintuen. Entsegu, klase, bidaia eta kontzertu asko egin ditugu batera eta konexio oso sendoa sortu dugu gure artean. Uste dut jendeak konexio hori nabaritzen duela zuzenean ari garenean. Europako musikari garrantzitsuenekin ikasi dugu. Pasa den udan Livorno Music Festivalen egon ginen, Italian, eta talde onenaren saria irabazi genuen.

Zein asmo duzu etorkizunera begira?
Egia esan, nire bizimodua eta bizitokia etengabe aldatzen ari dira azken urte hauetan. Ez daukat argi non bukatuko dudan, non biziko naizen edo zer egingo dudan. Proiektu ezberdinetan parte hartzea gustatuko litzaidake, bakarlari moduan eta ganbara musikari moduan kontzertuak eskaintzeko. Audientzia gazteetara musika klasikoa hurbiltzea gustatuko litzaidake ere. Askok esaten didate badaezpada hobe dudala beste edozer ikasi.Egia da musika klasikoan profesionala izatea ez dela erraza, eta horretan sartuta beste gradu edo ikasketaren bat gauzatzea ezinezkoa da. Ni, ordea, egiten dudanean sinetsita nago. Zergatik ez diote mediku bati galdetzen, medikuntzaz aparte, beste zerbait ikasiko duen?

Gazteen artean musika klasikoak bizi duen egoeraren erradiografia egitea eskatuko banizu?
Ez da erraza musika klasikoa publiko gaztearengana hurbiltzea. Gazteok irratian, festetan edo eskolan entzuten dugun musika dugu gustuko normalean. Horregatik, musika klasikoa hezkuntzan eta jarduera kulturaletan txertatzea ezinbestekoa da. Ez bakarrik musika klasikoa, hizkuntza, kultura eta artea gizarteak dituen altxorrik preziatuenak dira eta gehiago sustatu behar liratekeela uste dut. Auditorio handietan eta musikari profesionalekin lan egiten dudanean ahaztu egiten zait, baina horretan garrantzi handia dute kultura elkarte txikiek. Musika irakasleen prestakuntza eta herrietako kultura elkarteak babestu behar direla uste dut, uste baino garrantzitsuagoak dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak