Quantcast

14.000 negatibo dohaintzan eman dizkio Iñaki Garcia Uribe ikertzaileak Bizkaiko artxiboari

ugao iñaki garcia uribe 2017 bizkaia foru artxiboa
Lorea Bilbao diputatua eta Iñaki Garcia Uribe :: Bizkaiko Foru Aldundia

1955 eta 2009 urte arteko argazki funts hori Javier Garcia Rodrigok osatu zuen, Garcia Uriberen aitak. Goi Nerbioiko eta Arratiako bizimodua, ohiturak, etnografia eta mendizaletasuna biltzen ditu

XX. mendeko 50eko hamarkadatik XXI. mende hasierara arteko 13.868 negatiboko argazki funtsa jaso du dohaintzan Bizkaiko Foru Aldundiko artxibo historikoak, Iñaki Garcia Uribe Aranzadi erakundeko ikerlari ugaotarraren eskutik. Argazki funts horrek gai askotariko gaiak jorratzen ditu eta Javier Garcia Rodrigok osatu zuen, Garcia Uriberen aitak.

Bizkaiko eta, bereziki, Goi Nerbioiko eta Arratiako (Orduña, Ugao, Zollo, Gorbeia edota Orozko) bizimodua, ohiturak, etnografia eta mendizaletasuna jasotzen ditu argazki funts horrek ia 60 urteko epe zabalean (1955etik 2009ra bitartean). Besteak beste, honakoak aurki daitezke 13.868 negatiboko funts horretan: kanpatzeak, ibilaldi erregulatuak, mendi mezak, garaiko ohiturak, folklorea, jaiak, etnografia, erromeriak, zezenketak, paisaiak, gazteluak, ermitak eta zubiak, edota familiarteko edukiak.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak dio dohaintzan emandako dokumentazio honek Bizkaiko funts historiko eta dokumentala aberasten duela. Gaur egun milioi eta erditik gorako agiriak gordetzen eta kudeatzen dituzte bertan. Bizkaiko Foru Artxiboa 1990ean sortu zen.


ARRIGORRIAGAN ETA UGAON EZAGUNA IZAN ZEN JAVIER GARCIA RODRIGO
Javier Garcia Rodrigo Ugaon bizi zen eta Arrigorriagako Padura Mendi Klubeko zuzendaritza kide eta burua izan zen zenbait alditan, baita Ugao Mendi Taldearen fundatzaileetariko bat ere (lehenengo presidentea izan zen). Era berean, Nerbioi-Ibaizabaleko Taldean parte hartu zuen (mendi ibilaldiak, mendi txapelketak, hitzaldiak edota argazki erakusketak antolatzen zituen talde horrek).
Umeentzako udalekuetan zineaz arduratzen zen eta haren argazki artxiboa eta super 8koa -zoritxarrez 1983ko uholdeetan galdu zena- toki askotatik zabaldu da, argazkien kopiak ehunka mendizalerentzako opari bihurtu baitziren. Euskal Herriko Mendi Federazioko prentsa ordezkari gisa, Gaceta del Norten informatzen zuen, bai eta Bilboko Herri Irratian ere. Iñaki semeak haren argazkigintzako ondarea mantendu du.

 

Erredakzioa

Geuriako erredakzioa. Gurekin harremanetan jartzeko idatzi info@geuria.eus helbide elektronikora, deitu 94 440 66 92 telefono zenbakira edo idatzi iruzkina.

Erlazionatutako edukiak

*

*

Top