→Ugao

Iñaki Ibargutxiren erailketa salatzeko adierazpena onartu dute Ugaon, EH Bilduren abstentzioarekin

1981ean Tolosan egindako atentatua onartu du ETAk, 2018ko azaroaren 6an argitaratutako azken ‘Zutabe’an. Udalbatzak erailketa gaitzesteko mozioa onartu du, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

19821eko ekainaren 2an Diario Vascok argitaratutako kronika / Diario Vasco

1981ean Tolosan egindako atentatua onartu du ETAk, 2018ko azaroaren 6an argitaratutako azken ‘Zutabe’an. Udalbatzak erailketa gaitzesteko mozioa onartu du, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin

Gara egunkariak eta naiz.eus agerkari digitalak eman zuten txostenaren berri azaroaren 6an, eta, azaldu zutenez, bere azken Zutabean 774 hildako eta 2.606 ekintza armatu aitortu ditu erakunde armatuak. Hildakoen artean, orain arte aitortu gabeko bi gertakari azaldu dituzte: 1981ean Tolosan hildako hiru lagunen kasua, tartean Iñaki Ibargutxi Erastorbe ugaotarrarena. Poliziekin nahasi zituztela esan du ETAk komunikatuan. Aurretik aitortu ez zuen beste erailketa Madrilen 1974an jarritako lehergailu batena izan da. Hamahiru lagun hil zituzten atentatu hartan.

1981eko ekainaren 21ean erail zuen ETAk Iñaki Ibargutxi Erastorbe ugaotarra, Pedro Conrado eta Juan Manuel Martinez anaiekin batera. Tolosan gertatu zen atentatua. Eraildako hiru lagunak euskarazko liburu eta kasetak etxez etxe saltzera hurbildu ziren bertara, eta Beti Jai tabernan bazkaldu eta gero kotxea hartzera zihoazenean, tiroz hil zituen ETAk. Talde armatuaren azken komunikatuak dioenaren arabera, “poliziekin nahasi zituzten”.

EH BILDUREN ABSTENTZIOA
Ugaoko Udalbatzak erailketa gaitzesteko mozioa onartu berri du azaroaren 27an, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Ezker koalizioak adierazi duenez, EAJk aurkeztutako mozioan “EH Bilduren kontra egiteko asmoa” ikusten dute. Hala, gaineratu dute, “biktima guztien eskubide guztiak aldarrikatzen ditugu, baita Iñaki Ibargutxirenak ere”. Hala ere, gogoratu nahi izan dute 2014an EH Bilduk berak aurkeztutako mozioa. Besteak beste, “gatazkaren biktima guztiak aitortzeko apustu argia” eskatzen zuen Bilduk, “Euskal Herrian eta, zehazki, Ugaon, indarkeria guztien zein oinarrizko esku-bideen urraketen biktima diren guztiak errekonozitzeko”. Horrela ez dela iritzita, abstentziora jotzea erabaki du EH Bilduk. EAJk EH Bilduren jarrera deitoratu du, “bidegabekoa eta krudela izan zen hilketa bat salatzeko aukera alferrik galdu dute, beste behin ere”, dio Ekaitz Mentxaka alkateak.  Beste behin, “familiari gutxieneko errespetua eta elkartasuna adierazteko aukera baztertu dute. 37 urteren ondoren, oraindik ere ez dute atentatua gaitzetsi, eta hori atentatuaren egilea ETA delako da. Argi eta garbi”, adierazi du Mentxakak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak