→Ugao

Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa aurkeztu dute Ugaon

Eraso matxisten aurrean Ugaoko herriak erantzun bateratua eta sendoa emateko helburuarekin osatu dute Udalak eta Kallerak protokoloa.

Ekaitz Mentxaka, Ana Maite Fernandez eta Kallera Asanbladako kideak, protokoloaren aurkezpenean / GEURIA

Irailaren 7an, ostiralean hasiko dira Ugaoko jaiak eta horren harira, Udalak eta Kallera Asanblada Feministak elkarlanean osatutako eraso matxistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu dute kultur etxean. Egunerokoan gertatu litezkeen erasoen zein eraso larri edo erailketa matxisten aurrean eman beharreko urratsak batzen ditu protokoloak, Ugaoko Udala, Ugaoko Mugimendu Feministak eta ugaotarren artean “erantzun bateratua eta sendoa” sortzeko helburuarekin. Protokoloa soilik aktibatuko da Ugaon gertatutako erasoetan edo Ugaoko bizilagunek pairatutako erasoetan, beti ere biktimak aktibatu nahi badu eta bere konfidentzialtasun osoa bermatuz.

ERASO BATI AURRE EGITEKO PROTOKOLOAK EZARTZEN DITUEN FASEAK
1. Aktibazioa
: Udalak eraso baten berri izatekotan, Kallera Asanblada Feminista abisatuko du lehenik. Era berean, Kallerak eraso baten berri izatekotan, Udala abisatuko du. Horrela izan dadin, kontakturako pertsonak zehaztuko dira aldez aurretik. Salaketa judiziala egon edo ez, aktibazioa ez da baldintzatuko: edozein kasutan, aktibazioan adostutakoa beteko da. Erasotuaren babesa eta konfidentzialtasuna bermatuko da beti.

2. Deialdiak: Eraso bat gertatzen denean, kasua aztertu eta salaketa publikoa egitea erabakitzen den guztietan elkarteratzea deituko da. Erasoa gertatu eta astebeteko epean deituko dute elkarteratzea, Udalak eta Kallerak elkarrekin adostutako egun, toki eta ordu batean. Elkarteratzean “Ugaon indarkeria matxistaren kontra” leloa daraman pankarta egongo da eta mugimendu feministako ordezkariek, Ugaoko elkarteetako kideek eta herritarrek eutsiko dute.

3. Udala: Udala, erasotuari babesa eskaintzeaz gain, koordinazioaz ere arduratuko da. Horretaz aparte, protokoloa aktibatu eta 24-48 orduko epean, adierazpen instituzionala egingo du Udalak salaketa publikoa egitea erabakitzen bada. Berdin du salaketa judiziala egon edo ez. Adierazpena aurrez adostua egongo da eta bandoen bitartez zabalduko da. Bandoekin batera, web-gunean ere jarriko da adierazpena.

4. Mugimendu Feminista: Mugimendu feministaren ardura izango da salaketa soziala artikulatzea. Gainera, elkarteratzea egitekotan, mugimendu feministak hartuko du salaketa agiriaren irakurketa egiteko ardura.

Prokoloa osorik irakurtzeko, sakatu hemen.

Jaietako puntu lilak eta txosnagunea

Jaietan zehar eraso sexistarik gabeko jaien aldeko puntu lila informatiboak jarriko dituzte, txupinazoaren egunean (irailaren 7an, 19:30etatik aurrera hirutxorroko iturrian) eta jaietako azken egunean (irailaren 10ean, 18:00etatik aurrera hirutxorroko iturrian). Jaietan gerta litezkeen erasoei edota egoera deserosoei aurre egiteko aholkuak eskainiko dira horietan. Aurten, gainera, eraso matxistei aurre egiteko arreta zerbitzu berezia egono da txosnagunean. Erasorik gertatuko balitz edo egoera deserosoren bat suertatuko balitz, txosnetan besoko morea duen pertsonara jotzeko aukera izango dute biktimek eta haren lagunek. “Egoera kudeatuta dugunean, martxan jarriko dugu erasoa salatzeko protokoloa, beti ere biktimaren konfidentzialtasuna gordez”, diote Kallera Asanbladakoek.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak