→Ugao

Jon Ipiña: “Dantza da nahi dudana adierazteko daukadan instrumenturik fidelena”

Hiru urte egin ditu aurten Jon Ipiña dantzariak Rotterdamen, musika, dantza eta zirkua uztartzen dituen Codarts unibertsitate entzutetsuan.

Rotterdameko Codarts unibertsitatean ari da ikasten Ipiña, 3. maila aurten / Utzitakoa

Ezinezkoa hastapenetan, zaila ondoren, halabeharrezkoa orain. ‘Aizu, dantzaria izan nahi dut’. Eta zergatik ez? Arrakasta ez dela txiripaz iristen irakatsi digu Jon Ipiñak (Ugao, 1998). Codartsen ez da edonor sartzen, horretarako estatistikak behatzea baino ez dago. Bartzelonan egindako hautaketa prozesuan hiru dantzarik lortu zuten unibertsitaterako plaza eta Jon izan zen haietako bat. 70 pertsona gehiago zeuden han. Beste horrenbeste Europako beste zazpi hiriburutan. Estatistikei jarraiki, ez da ohikoa izaten ere gertuko batek dantzari profesionala izan nahi duela esatea, amets polit eta idiliko bezala irudikatu eta ‘tira motel, herriko festetan oso ondo dantzatzen jarraituko duzu, lasai’ esan, eta hor konpon. Egun, dantzari profesionala bihurtzeko bidean, Japonia, Kanada, Errusia… Mundu osotik etorritako dantzari onenekin ikasten ari da Jon Rotterdamen, ez aurretik bidean izerdirik bota gabe.

Nolatan Codartsen?
Oso txikitatik izan dut dantzari izateko ideia buruan. Hori bai, beti bigarren aukera bezala. Batxilergoan ari nintzela, gehienek jarraitzen duten ohiko ikasketa bide niretzako ez zela argi ikusi nuen. Batere interesik gabe joaten nintzen ikastetxera: bidaltzen zizkidaten lanak egin behar zirelako egiten nituen, gainditzeko justu-justu, eta matematikekin konponezineko harremana sortu nuen. Arratsaldetan dantza klaseetara joaten nintzenean, ordea, zoriontsua nintzen. Ez zen egoera erosoa niretzat eta erabaki bat hartu beharra nuen. Gauzak horrela, dantzari profesionala bihurtzeko bideari ekitea hautatu nuen. Dantza irakasle eta ikaskideekin hitz eginez, Codarts unibertsitatearen izena aipatu zen hainbatetan, eta aukera horri heldu nion.

Ez zen erraza izango Codartsen sartzea…
Ez zen erraza ez, baina Codarts zen nire apustu bakarra. Mila pertsona inguru aurkezten dira urtero Europatik zehar egiten diren hautaketa frogetara, eta 30 baino ez dira sartzen. Bartzelonan, adibidez, beste 70 hautagai zeuden eta ez nolanahikoak. Froga horien exijentzia maila oso altua da eta prestaketa handia egin behar izan nuen hauetara aurkezteko. Euskal Herrian ez dago hautaketa froga horiek guztiak prestatzeko tokirik, leku batetik bestera ibili behar zara eskatzen dituzten dantza estilo guztiak lantzeko: ballet, hip-hop, jazz, breakdance, dantza garaikidea… Hasieran saiatu nintzen prestaketa hori Batxilergoarekin uztartzen, baina ezinezkoa egin zitzaidan, buruak eztanda egin behar zidan… Institutua utzi nuen eta estilo horiek ikasten eta hobetzen eman nituen egunak. Behar bada, arrisku handiegia hartu nuen, baina erabat sinetsita negoen Codartsen tokia lortzeko gai nintzela. Lan gogorrari eta gertukoen babesari esker, ondo atera zen dena, eta hementxe nago orain.

Nolakoa da ikasketa egun bat Codartsen?
Goizeko bederatzietan sartzen naiz unibertsitatera eta arratsaldeko zazpi t’erdiak arte ez naiz irteten. Goizetan klase teorikoak eta teknikoak uztartzen ditugu. Teorikoei dagokienez, anatomia, psikologia, elikadura, musika eta dantzaren historia edota antzerkigintza lantzen ditugu.  Klase teknikoetan dantza modernorako zein klasikorako baliagarriak diren mugimenduak ikasten ditugu: Graham, Laban, Floorwalk, Cunningham… Eta noski, balleta. Codartsek dantza garaikidea lantzen du batez ere eta balleta da modalitate horren oinarria. Unibertsitateko irakasleez aparte, nazioarteko dantzarien bisitak izaten ditugu maiz mugimendu horiek guztiak leuntzeko. Duela gutxi Japoniatik eta Estatu Batuetatik etorri dira masterclassak eskaintzera.  Arratsaldetan programatuta ditugun ikuskizunetarako entseguak egiten ditugu.

Ordu asko dira…
Bai, leher eginda bukatzen ditugu egunak, baina erritmo honi erantzuteko prestatzen gaituzte ere: gimnasio saioak, yoga, pilates, kardio… Oso garrantzitsua da egoera fisiko onean egotea eta elikadura osasungarria izatea, baina hori norberak zaindu beharreko zerbait da. Unibertsitatean jarraibideak eta aholkuak ematen dizkigute, baina ez da inor zure atzetik izango ohitura osasungarriak jarraitzen dituzun edo ez kontrolatzeko. Egunerokoak exijitzen duen mailari erantzuteko gai izan behar zara. Hobe, beraz, ohitura onei eustea.

Nolakoak dira zure ikaskideak?
Mundu osotik etorritako jendea batu gara Codartsen eta background, ezagutza eta formakuntza oso ezberdinak ditugu. Dantzariak hautatzen dituztenean ez dute arreta estilo zehatz batean jartzen, bakoitzak eskaini dezakeen berezitasunean baizik. Codartsen sartu ginen ikasleak ez geunden maila berean, ezta pentsatu ere: balleta inoiz dantzatu ez zutenak, balleta bakarrik dantzatu zutenak, hip-hopetik edota Jazz mundutik gentozenak… gaude hemen. Estiloei dagokienez, guztiok maila berean egon gaitezen, egokitzapen urtea izaten da lehen maila Codartsen. Garrantzitsuagoa da, beraz, dantzatzen duzun estiloa dantzatzen duzula, haientzako interesgarria den izaera edo berezitasunen bat edukitzea. Gerora, horrek egiten du aberatsa Codartsen dugun ikasketa prozesua.

Eta nola definituko zenuke zuk zure dantzari izaera?
Oso lotsatia izan naiz beti, batez ere jende aurrean hitz egiterako orduan. Dantzatzen dudanean, ordea, askoz ere seguruagoa sentitzen naiz. Topikoa dirudi, baina horrela sentitzen dut. Nire gorputza beste ezer baino hobeto ezagutzen dut, burutik oinetaraino. Nire komunikazio bide nagusia da, sentimenduak eta ideiak transmititzeko aurkitu dudan instrumenturik fidelena. Uste dut hitzekin baino, zehatzagoa naizela adierazi nahi dudan hori dantza bidez adierazten. Jendeak aitortu dit kosta egiten zaiela kalean ezagutzen duten Jon eta eszenatoki gainean ikusten duten Jon pertsona bera dela sinestea.

Andoni Aresti Landa dantza eskola

Epaitu zaituzte inoiz mutil dantzaria izateagatik?
Batez ere txikitan. Eskolaz kanpoko ekintzen artean dantza ez da mutilentzako lehen aukeren artean agertzen, eta dantza-eskoletara hurbilduz gero, argi ikusten da neskak direla ikasleen gehiengoa. Hori oztopo handia da beren semea dantza eskolara apuntatu nahi duten gurasoentzat, semeak senti dezakeen ukapenaren beldur direlako. Dantza eskolan dauden mutil apurrak, beraz, bereziak dira besteentzako, eta noizbehinka irainak entzun ditzakete. Hezkuntzarekin zuzendu beharreko zerbait da hori.  Dantza hizkuntza unibertsala da, eta feminitatearekin bakarrik lotzea ezjakintasun akats larria da. Zorionez, gauzak aldatzen doaz. Ez behar lukeen bezain azkar, baina aldatzen doaz. Filmei eta telebistan agertzen diren saioei esker, imajinario hori apurka-apurka ezabatzen goaz.

Codarts eta gero, zer?
Ez dakit, gustatuko litzaidake jakitea, baina egia esan, ez da ezer ziurra. Aurten Holanda osotik ibiliko gara ikasleok prestatu dugun dantza ikuskizun bat aurkezten. Laugarren maila praktiken urtea da Codartsen, eta ziurrena da Holandako dantza konpainia batean sartzea. Ikasle askok bide hori jarraitzen dute gero, eta nik ere ez dut aukera hori baztertzen. Freedancer  edo freelance  aukera ere hor dago, baina zailagoa da modu  horretan irteera profesionalak aurkitzea, kontratuak ikuskizunen beharrizan zehatz batzuei erantzuteko eta denbora mugatu batez sinatzen baitira. Musikalen batera sartzen ere saia naiteke.

Zer moduz bizi zara etxetik kanpo?
Oso pozik nago, baina momentu batzuetan bakarrik sentitzen zara. Nire giroa da hau, bai, baina ez da nire jendea. Ordu asko dira, eta guztiok bezala, momentu txarrak bizi ditut ere. Askotan, gauzak ez dira zuk nahi duzun bezala irteten eta burua gehiago nekatzen da gorputza baino. Momentu horietan gertukoak faltan botatzen dituzu. Hala ere, atzerrira etortzea beharrezkoa nuen: etxetik irten, jende berria ezagutu, jasotzen ari naizen formakuntza potentea jaso…

Norekin bizi zara?
Italiako bi lagunekin bizi naiz eta oso ondo konpontzen gara. Italieraz egiten dugu berba. Hizkuntza ikasten ari naiz oraindik, baina erraza da. Gainontzeko ikaskideekin ingelesez aritzen gara. Ingelesa ere hobetzen doa, baina egia esan, ez zen zaila hobetzea (kar kar). Holandesa zailagoa da baina hemen edonorrek egiten du berba ingelesez.

Faltan botatzen duzu Ugao?
Bai eta ez. Oporrak ditudanean Ugaora joaten saiatzen naiz. Aste baterako ondo dago, baina hori eta gero, harrapatuta nagoela sentitzen dut eta Rotterdamera bueltatu nahi dut berriz. Hori bai, faltan botatzen ditut kale kontzertuak edo Euskal Herriko txosnetako giroa.

Zein alde nagusi ikusten duzu Rotterdam eta Euskal Herriaren artean?
Rotterdam hiri multikulturala da oso. Ikasle asko dator mundu osotik eta pentsatzeko era irekiagoa dela esango nuke, gazteen artean bai behintzat. Ez dira gu bezain burugogorrak eta gauza berriak ezagutzeko oztopo gutxiago jartzen dituztela uste dut.

Bidaiatzeko aukerarik izan duzu?
Hiri batetik dantzatzeko deitzen digutenean,  hiri hori bisitatzeko aukera izaten dugu. Azkena Lucca (Italia) izan da. Amsterdam eta Holandako herri txikitxoak ere bisitatu ditugu. Bestelakoan, aste barruko erritmoak, hau da, gosaldu, klasera joan, etxera bueltatu, afaldu eta lo, ez dizu beste gauzetarako denborarik uzten. Asteburuetan gustatuko litzaidake Rotterdametik gehiago irtetea, baina oso nekatuta zaude eta etxean gauza asko dituzu egiteko.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak