→Ugao

Julen Rozas: “Gazteak eta emakumeak mendi bizikletara erakartzea gustatuko litzaiguke”

GarriBikes mendi bizikleta taldeko kidea da Julen Rozas ugaotarra. Euskal Herriko zein Espainiako txapelketetan emaitza onak eskuratu ditu Ugaoko mendiko txirrindularien taldeak.

Ugaoko GarriBikes mendiko bizikleta taldea / Utzitakoa

GarriBikes mendi bizikleta taldeko kidea da Julen Rozas ugaotarra. Euskal Herriko zein Espainiako txapelketetan emaitza onak eskuratu ditu Ugaoko mendiko txirrindularien taldeak.

Ilusioarekin dena da posible, eta ilusioa da, hain zuzen ere, Ugaoko GarriBikes mendi bizikleta taldeko kideek daukatena. Ilusioari gehitu behar zaizkio naturaz gozatzeko nahia, kirola egiteko gogoa, umore ona eta, batez ere, ongi pasatzeko grina. Horiek guztiak koktelera batean sartu eta bi urteren buruan Euskal Herriko mendi bizikleta talde onenen artean kokatzea lortu du GarriBikes-ek. Sariak eskuratzea baino, ordea, Ugaoko gazteen artean kirol erreferente bihurtzea eta emakumeak mendi bizikletara erakartzea ditu helburu GarriBikes-ek. Julen Rozas (Ugao, 1993) taldeko kidearekin egin dugu berba, argazkian erdian, ezkerreko eskuan ardo botila eta eskumakoan ura.

Nola sortu zen GarriBikes mendi bizikleta taldea?
Mendian bizikletarekin ibiltzea gogoko genuen zenbait lagun batu ginen duela urte batzuk. Lagun hauetako batek, Jose Antonio Garridok, GarriBikes bizikleta denda dauka Ugaon eta honen bitartez zikloturista lizentziak esleitzen ditu. Gutako batzuk lizentzia atera genuen, Euskadiko Txirrindularitza Federazioko eta honen bitartez Espainiako Federazioko kide izateko. Ordutik, hara eta hona ibili gara, Euskal Herriko zein Espainiako txapelketetan parte hartzen.

Emaitza onak lortu dituzue azkenaldian.
Bi urte daramatzagu lasterketetan serio parte hartzen, eta bai, emaitza onak lortu ditugu. Unai Mateos 23 urte azpikoekin lehiatzen da, Unai Muñoz Master 30ean, Josean Garrido Master 40an, Jon Perea Master 50ean eta Elite mailan ni. Taldean gehiago gara, baina gu gara astebururo lehiatzen ari garenak. Lasterketa guztietan lortzen dugu lehenengo hamarren artean gutako norbait sailkatzea, eta taldekako sailkapenetan ere aurrean gaude beti. Dudarik gabe, Bizkaiko mendi bizikleta talderik lehiakorrenen artean gaude. Horren adierazle argia da azken bi urteetako ‘Bizkaia Kopa Traila’ irabazi duela GarriBikes-ek.

Irabaztea ondo dago, baina ez da hori zuen helburu nagusia.
Txapelketetako lorpenak pozgarriak dira, dudarik ez dago, baina gure helburua ez da irabaztea eta sariak jasotzea. Ugaon mendi bizikletarekiko grina hedatzea da gure asmoa, gazteen eta emakumeen artean batez ere. Erreferente bihurtu nahi dugu herrian eta gaztetxoenak bizikletak ematen dituen aukerez ohartarazi nahi ditugu, kirol aukera osasungarri eta erakargarri gisa. Alegia, futbolaz eta ohiko kirolez harago, txirrindularitza alternatiba izan daitekeela. Bestetik, gaur egun ez dago emakumerik Ugaoko mendi bizikleta taldean eta lanean ari gara egoera horri buelta emateko. Txapelketetan ez da %10era heltzen emakume parte hartzaileen kopurua, eta egia esan, ez dakigu zergatik, ibiltzen direnek maila ona erakusten baitute. Ez da kalitate falta, kantitate falta baizik.

Nor batu daiteke GarriBikes-era?
Esan bezala, lagun taldea gara eta gure ateak guztiz zabalik daude mendi bizikleta probatu nahi duen edonorentzat. Ezagunak gara herrian eta edonor hurbil daiteke gugana probatu nahi duela esatera edota laguntza eskatzera. Mendiko bizikleta bat eta ibiltzeko gogoak, besterik ez da behar. Gainontzeko guztia gure esperientziatik abiatuta saiatuko gara konpontzen. Beraz, beldurrik ez izan eta erdu gugana.

Zer eskaintzen du mendi bizikletak?
Kirol gogorra da eta sakrifizio puntu bat eskatzen du, baina oso atsegingarria da, naturaz gozatu bitartean osasuntsu ibiltzeko aukera aparta. Mendiak lasaitasun ikaragarria transmititzen dizu, baita leku berriak deskubritzeko aukera eman ere. Ugaon, gainera, zorte handia daukagu mendiz inguratuta gaudelako: Mandoia, Upo, Pagasarri, Ganekogorta edo Zollo toki aproposak dira mendi bizikleta praktikatzeko. Errepide gutxi zapalduta mendi ibilbide ederrak egin ditzakegu.

Julen Rozas: “Naturaz gozatu bitartean osasuntsu egoteko aukera aparta da mendiko bizikleta”

Nolakoak dira entrenamenduak?
Zeure buruari ezartzen dizkiozun helburuen araberakoak eta, noski, lanak edo ikasketek uzten dizutenaren araberakoak. Nire kasuan, lauzpabost egunez entrenatzen dut astero, ordu pare batez egunean. Hasten ari den norbaiti esango nioke bi edo hiru egunez entrenatuta nahikoa duela maila polit bat lortzeko, egunean ordu eta erdiz ibilita. Bestalde, bere burua txapelketetarako prestatu nahi duenak jakin behar du errepidean ibiltzea beharrezkoa duela. Errepidean errazagoa da erritmoak antentzea eta hori oso garrantzitsua da lan saio espezifikoetarako.

Eta mendi lasterketak, nolakoak dira?
Bi modalitate nagusi daude: Rallya eta Maratoia. Rallyan 5-6 kilometro inguru dituen zirkuitu baten aritzen zara eta sei buelta eman behar dizkiozu. Maratoian baino teknikoagoak eta azkarragoak izaten dira lasterketak. Maratoian, bestalde, distantzia luzeagoak egiten dira, 40 eta 60 kilometro artekoak. Ibilbidea naturalagoa da eta aldapak luzeagoak izaten dira. Bi ordu eta erdi inguruko lasterketak izaten dira, beti ere ibilbidean zehar dagoen lupetzaren araberakoak. Izan ere, lupetzak asko zaildu dezake mendi bizikletako lasterketa bat.

Zein alde nagusi ikusten duzu mendiko eta errepideko bizikletaren artean?
Naturaz gozatzeko mendia da sanoena, eta giro aldetik ere, mendiko lasterketetan hobea dela esango nuke. Kirolarien arteko harreman politagoa sumatzen dut nik behintzat. Kotxeen kontua ere hor dago, jakina. Errepidean eroso joatea oso zaila da, albistegietan entzuten ditugunak entzunda. Mendiak errepideak ematen ez dizun lasaitasuna ematen dizu. Bestalde, fisikoki gihartsuago egotea eskatzen dizu mendiak. Errepideko txirrindulariak argalagoak izaten dira, izan ere, pisuaren aldea gehiago nabaritzen da bertan. Mendian indarra da garrantzitsuena eta, normalean, pisu gehiago edukitzeak indar gehiago suposatzen du. Bukatzeko, erorketak aipatuko nituzke. Mendian gertatzen diren erorketak ez dira errepidekoak bezain larriak izaten, lurra bigunagoa baita eta abiadura ere motelagoa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak