→Ugao

Pruden Peña: “Ugaoko jaietan ez da inor kanpokoa sentitzen”

Pruden Peña (Valdeande -Burgos- 1943) izango da aurtengo jaietako pregoilaria, Ugaoko herritarrek eta Jai Batzordeak hala erabakita.  

Pruden Peña, udaletxearen aurrean. Irailaren 7an pregoia irakurriko du balkoi horretatik // Etxahun Gonzalez

Pruden Peña (Valdeande -Burgos- 1943) izango da aurtengo jaietako pregoilaria, Ugaoko herritarrek eta Jai Batzordeak hala erabakita.

Herrian aski ezaguna da Pruden. 12 urterekin iritsi zen Euskal Herrira eta ordutik mila saltsatan egon da sartuta. 35 urte daramatza Ugaon, Zaratamon eta Zeberion txirrindularitza lasterketetan speaker bezala, podiumean sariak banatzen. Herriko Odol Emaileen Elkarteko kidea da ere eta 2010etik “Ecos de Ugao” aldizkariaren zuzendaria da. Ilusio handiz jaso du jaietako pregoilaria izateko ardura.

Pruden Peña, aurtengo jaietako pregoilaria zara. Espero al zenuen?
Jendeak komentatzen zuen aurreko urteetan ere hautagai egokia nintzatekeela jaietako pregoilaria edo bora biralaria izateko, baina horretan geratzen zen beti, iradokizunetan. Sorpresa handia izan da, beraz, eta ilusio handiarekin hartu dut albistea. Ohorea da niretzat eta nire esku dagoen guztia egingo dut Ugaoko herritarrek urteko monotoniarekin apurtu dezaten, ahal de heinean behintzat.

Bozka bitartez aukeratu zaituzte.
Bai, eta horrek gehiago poztu nau oraindik. Hala ere, argi dut ni bezala pertsona asko izan zitezkeela pregoilariak Ugaon. Herri honetan jende piloa dago urte osoan zehar buru belarri ari dena ekintza kulturalak eta solidarioak antolatzen. Aurten nire txanda izango da baina guztiok berdin merezi dugu .

Urduri al zaude?
Ohituta nago jende aurrean hitz egitera, urteak eman ditut bizikleta lasterketetan speaker bezala. Aurten agur esango diot lan horri, baina oraindik ez dut ohitura galdu. Gainera, pregoilaria izan naiz nire jaioterriko jaietan ere, Valdeanden. Oraingo pregoia, baina, oso berezia eta hunkigarria izango da niretzat. Aspalditik lagun izan ditudanei eta aurrerantzean ere ondoan izango ditudanei eskainitako pregoia izango da. Esker hitzak baino ez ditut Ugaoko herriarentzat.

Pruden Peña, Espainiako txirrindulari txapelketan, speaker bezala // Pruden Peña

Zer esango duzun pentsatu duzu?
Oraindik ez dut ezer idatzi, baina badakit nondik nora joango den, gutxi gora behera. Izan ere, pregoiaren esanahia asko aldatu da niretzat. Burgoseko herrixka batean jaio nintzen ni, eta han oraingoarekin zerikusi gutxi duten bi pregoi mota ezagutu nituen. Lehena, aguazilaren pregoia zen. Gobernadore zibilak ematen zituen aginduak herriari helarazten zizkion aguazilak: jaiegunetan ezin zuela inork lanik egin edota zergak ordaintzeko garaia zela. Nire osaba aritzen zen horretan, eta noizean behin nik laguntzen nion pregoia irakurtzen. Bigarrena, umeen pregoia zen: saltzaileak eskolara etorri eta irakasleari baimena eskatzen zioten ume bat hartu eta saldu behar zituen produktuak ozen oihukatzeko. Erreal baten truke egiten genuen hori, baina gu pozik. Geroago jaietako pregoia etorri zen. Pregoilariak berria den zerbait ekarri behar du herrira, eta horretan arituko naiz ni ere, datorren irailaren 7an Ugaora poztazuna ekarriz, . Aipatu ditudan bi pregoilariak ekarriko ditut gogora, baina batez ere umeena. Kasu honetan, ordea, ezer saldu gabe: poztasuna, laguntasuna eta dibertsioa oparituko ditut.

Hala izatea espero dugu,  sexu erasorik gabeko jaiak, alegia.
Tamalez, halako erasoak edozein tokitan gertatzen dira, ez jaietan bakarrik. Ugaon ere tentuz ibili behar gara. Sexu erasoak ez dira inoiz ongietorriak izango Ugaon ezta beste inon ere. Nik uste ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela ikastoletan, institutuetan eta gainontzeko hezkuntza zentroetan gaitz honekin bukatu nahi baldin badugu. Erasotzaileak ez dira egun batetik bestera agertzen, formakuntza garaian sortzen doazen jarrerak dira erasotzailearenak.

Nola deskribatuko zenituzke Ugaoko jaiak?
Ugaoko jaiak oso herrikoiak dira, inor ez da kanpokoa sentitzen. Kaleak beteta egoten dira beti, izan ere, ugaotarroi asko gustatzen zaigu orduak kalean pasatzea jendearekin poteoan eta hizketan. Herriko jaiak aukera paregabea dira aspalditik ikusi gabe dituzun horiekin elkartzeko, baita lagun berriak egiteko ere.

Asko aldatu dira jaiak bertan bizi zarenetik?
Aurrekontu aldetik batez ere. 60. Eta 70. hamarkadetan ez zegoen diru askorik eta ahal genuena egiten genuen, irudimenari tira eta tira. Ikuskizunak kontratatu beharrean herri lehiaketak antolatzen genituen, ia sosik gastatu gabe. Gogoan dut 70. hamarkadan, Jai Batzordeko kidea nitzela, 200.000 pesetako aurrekontua izan genuela aste bateko jaiak antolatzeko, 1.200 euro inguru. Bada, aurrera atera genituen jaiak, eta zer nolako jaiak! Gogoan dut garai hartako Pelle eta bere banda, “kartoizko banda” izenez ere ezagutzen zena. Kartoizko instrumentuekin izugarrizko parrandak sortzen zituzten herriko plazan. Asko aldatu dira jaiak bai, baina kalean giro onak iraun du beti.

Zein da jaietarako proposatzen duzun planik onena?
Marmitako lehiaketa eta indaba eguna ezin dira inondik inora ere galdu. Ni ez naiz sukaldaria eta ez dut marmitako lehiaketan parte hartzen, baina sozietatearekin bazkaltzera joaten naiz beti. Aukera ederra da elkarteko kide guztiak batu ahal izateko eta irabazi edo ez, giro ederra egoten da kuadrilla guztien artean. Bestetik, indaba eguna egunik bereziena da niretzat. Izugarri gogoko dut mozorro festa, eta bazkalostea izugarria izaten da beti. Gainera, asko gustatzen zait argazkiak ateratzea eta jaietan egunero ateratzen naiz argazki kamerarekin. Bostehun argazkitik gora ateratzen eta horietako asko Ecos de Ugao aldizkarian erabiltzen ditut gero. Gazteagoa nintzenean dantzan ibiltzen nintzen ere eta orain, nahi bai, baina ezin. Hala ere jendea dantzan ikusteak asko pozten nau.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak