→Ugao

Zuzeneko musikaz jantziko du Ugao Sarea Fest jaialdiaren 5. edizioak

Sarea Fest jaialdia ospatuko dute Ugaon ekainaren 16an. Sarea Sound System elkarteak antolatzen du jaialdia, Ugaoko tabernarien, Udalaren eta Aldundiaren laguntzarekin.

Iazko edizioko kontzertua / Geuria

Sarea Fest jaialdia ospatuko dute Ugaon ekainaren 15ean. Sarea Sound System elkarteak antolatzen du jaialdia, Ugaoko tabernarien, Udalaren eta Aldundiaren laguntzarekin. Aurreko egunean, hilaren 14an, kontzertua eskainiko dute Sarea Abesbatzak, Sarea Txikik eta musika eskolako irakasleek.

12 orduko musika egitarau zabala prestatu du Sarea Sound System musikazaleen elkarteak hilaren 15erako. 5 urte betetzen ditu aurten Sarea Festek, “herriari soinu banda ipintzen” lemapean. Eguerdian hasi eta gauerdira arte luzatuko da doako musika eskaintza, tabernaz taberna. Hain zuzen ere, Aker, Lainoa, Patxi, Lurdes, Zelai, Anaiak, Batzoki, Dorretxea, Nerbioi eta Felipe tabernen inguruan antolatu dituzte kontzertuak. Eguneko azken bi kontzertuak, bestalde, herriko enparantzan egingo dituzte.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “urterik urtera zailagoa da egitarau oparoa eta erakargarria osatzea, batik bat, aurrekontuak ez duelako askorako ematen”. “2.000 euroko diru laguntzarekin zortzi talde kontratatu ditugu, atera kontuak. Kasu askotan eurek ekarri behar izaten dute soinu ekipoa, eta ezin badute, gure baliabideekin jartzen dugu. Plazan antolatu ditugun bi kontzertuetarako oholtza txikia jarriko dugu. Baliabide gutxirekin musika eskaintzarik onena ematen saiatuko gara”, diote, Sarea Sound Systemeko kideek.

Musika taldeen artean, Ugaoko Susterbaks punk-rock taldeak errepikatuko du aurten Sarea Festen. “Aurtengo jaietan jo behar zuten, baina eztabaida sortu da antolatzaileen artean  iazko Sarea Festen eman zuten kontzertuan adierazpen desegokiak egin omen zituztelako. Bada, azkenean ez dute jaietan joko eta salatutako ezbeharrak gure jaialdian gertatu zirenez, berriz ere jotzeko aukera eman nahi izan diegu”, azaldu dute jaialdiaren antolakuntzarik.

SAREA FEST V · UGAO  – EGITARAUA
Ekainak 14, ostirala
19:30 Sarea Abesbatza + Sarea Txiki + Musika Eskolako irakasleen kontzertua (Plaza)

Ekainak 15, larunbata
12:30 Aitor Goitia eta Amaia (Aker-Lainoa)
13:30 Mr. JL Band (Patxi-Lurdes)
17:30 Gurutze’s Manouches (Zelai)
18:30 Silveira (Anaiak-Batzoki)
19:30 The Bardulians (Dorretxea-Nerbioi)
20:30 Sweaty Lovers (Felipe)
21:30 Susterbaks (Plaza)
23:00 Eztanda (Plaza)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak