→Ugao

Inbertsioek %154 egingo dute gora Ugaon, aurtengo aurrekontua onartuta

ugao arandia futbol zelaia

4.460.487,72 euroko aurrekontua izango du Ugaok aurten, iaz baino %16,57 gehiago. Inbertsioetara 622.269 euro bideratuko ditu Udalak.

Arandia futbol zelaian 190.000 euroko inbertsioa egiteko asmoa du Udalak // Ugaoko Udala

4.460.487,72 euroko aurrekontua izango du Ugaok aurten, iaz baino %16,57 gehiago. Inbertsioetara 622.269 euro bideratuko ditu Udalak

Ugaoko Udaleko udalbatzak hasierako onespena eman dio aurtengo aurrekontuari, EAJren aldeko botoekin. Guztira, 4.460.487,72 euro izango ditu Ugaok, iaz baino 634.000 euro gehiago (%16,57). Aurrekontuaren zirriborroaren arabera, gastuak bost kapitulutan banatu ditu udal gobernu taldeak: langileak (1.298.103,77 euro), udal zerbitzuak (2.298.493,15 euro), zorraren interesak (0,00 euro), transferentzia arruntak -Gizarte Zerbitzuetarako laguntzak, elkarteentzako diru-laguntzak eta Udaltalde bezalakoak- (241.509,83 euro) eta inbertsio errealak (622.269 euro).

2017ko aurrekontuarekin alderatuz, inbertsioek %154,71 egingo dute gora aurten. Inbertsiorik nagusienak izango dira: Arandia futbol zelaian obrak egitea (190.000 euro), Paisaia Planean esku hartzea (116.500 euro), Jane Jauregiko eskailera zentrala lekuz aldatzea (85.000 euro), haurrentzako jolas-parkeak berritzea (61.000 euro) eta HAPOa zehaztea (51.071 euro).

Gizarte Laguntzak, bermatuta

Gizarte Zerbitzuetarako partida “narbarmen” igo du udal gobernu taldeak: Etxeko Laguntza zerbitzurako 120.000 euro bideratuko ditu (iaz 75.000 euro) eta Gizarte-Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL) 65.000 euro (iaz 55.000 euro). “Eskari guztiak kubritzeko asmoa dugu. Noski, baldintza guztiak betetzen dituzten guztiei emango diegu laguntza“, dio Ekaitz Mentxaka alkateak.

Enplegua sustatzeko programari dagokionez, 40.000 euro inbertituko ditu Udalak Enplegu Planean kontratazioak egiteko, eta beste 20.025 euro Lan Berri programa abiarazteko. Programa honen helburua da langabezian dauden emakumeei formakuntza ikastaroak eskaintzea.

Etxebizitza hutsak birgaitzen ere jarraituko du udal gobernu taldeak aurten. 6.000 euroko diru-laguntza zuzenak mantenduko ditu Udalak horretarako. Era berean, udalerriko elkarte eta erakundeetara 152.000 euroko partida bideratuko du Udalak. Aurrekontuaren zirriborroa udalbatzaren aldetik onartuta, herritarren eskura egongo da ekarpenak egiteko. Aurreikuspenen arabera, apirilean onartuko dute behin betiko.

EH Bilduren proposamenak

Bost proposamen egin ditu Ugaoko EH Bilduk aurtengo aurrekontuan txertatzeko. Ordea, udalbatzak bakarra baino ez du onartu. Hain zuzen ere, Jaro kiroldegira doan zebrabidea egokitzearena. “Kiroldegira joateko bide seguruena da zebrabidearena, baina errepidea hain da zabala eta ikusgaitasuna hain txikia, bertan semaforoak jartzea proposatu dugula“, diote EH Bilduko ordezkariek. Era berean, gogorarazi dute zebrabide hori Goikiri auzokoek erabiltzen dutela maiz herrigunera joateko. Semaforoak jartzeko eta zebrabide egokitzeko 20.000 euro inguruko inbertsioa egingo du Udalak.

Udalbatzak onartu ez dituen proposamenak dira: berdintasun teknikari baten kontratazioa (25.112,50 euro), haurreskola dagoen plaza estaltzea (86.000 euro), Artanda kalea egokitzea eta bertan dagoen lorategi inglesa sasiz garbitzea eta Arandiako orubea konpontzea (15.000 euro eta 16.300 euro), eta azkenik, funtzio anitzeko karpa bat erostea (15.178 euro).

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|