→Ugao

Aurtengo aurrekontua osatzeko ugaotarren ekarpenak jasoko ditu Udalak

ugao udaletxea

Prozesu parte-hartzailea zabaldu du Ugao-Miraballesko Udalak 2018ko aurrekontua osatzeko. Ekarpenak bidaltzeko epea zabalik dago urtarrilaren 28ra arte.

Ugao-Miraballesko udaletxea // Geuria

Bosgarren urtez jarraian, ugaotarren ekarpenak kontuan hartuko ditu Udalak aurtengo aurrekontua egiteko. Zentzu horretan, prozesu parte-hartzailea zabaldu du Ugao-Miraballesko Udalak: etxebizitza guztietara eta herriko elkarte zein kirol talde guztietara galdetegia bidali dute eta berau udaletxean, Jane Jauregian, Gazteinfo bulegoan eta kiroldegian kokatu dituzten buzoietan uzteko aukera izango dute herritarrek urtarrilaren 28ra arte. Era berean, galdetegia udal webgunetik bete ahal izango dute ugaotarrek.

“Galdetegi txiki baten bidez jasoko diren ekarpenak lehenetsi, eta ahal den neurrian, 2018ko aurrekontuetan sartzeko ahalegina egingo dugu”, diote udal ordezkariek. Ekaitz Mentxaka alkateak dioenez, “gure ustez, behar-beharrezkoak dira herritarren proposamenak Ugao-Miraballes, denon artean, herri hobeagoa egiteko. Zentzu honetan, garrantzitsua da azpimarratzea ugariak direla aurreko urteetan proposatu dituen eta dagoeneko errealitate bilakatu diren ekintzak”.

Udaletxeko ateak, zabalik

Urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean udaletxeak ateak zabalik jardunaldiak hartuko ditu, 08:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00ak bitartean. Egun horietan, alkateak berak hartuko ditu aurrekontuari ekarpenen bat egin nahi edo aurrekontuaren daturen bat kontsultatu nahi duten herritarrak. Egun batzuk aurrerago (oraindik ez dute eguna finkatu), 2018ko aurrekontuaren proiektua aurkeztuko dute Jane Jauregian, 17:00etatik 19:00etara. Berau arkezteaz gain, ugaotarrek aurrekontuaren inguruan izan ditzaketen zalantzak ere argituko dituzte.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|