→Ugao

Ehunka herritarrek bizkarra eman diote Albert Rivera eta Ciudadanosi gaur Ugaon

Ciudadanos alderdiak ekitaldi politikoa egin du gaur, maiatzak 23, Ugaon, “joan den maiatzaren 18an Josu Urrutikoetxea presoaren alde egindako manifestazioaren erantzun gisa”. Albert Rivera presidentea izan da bertan, baita Maite Pagazaurtundua Europar Batasuneko hateskundeetarako Ciudadanosen zerrendaburua, Jose Manuel Villegas alderdiko idazkari nagusia, eta Joan Mesquida eta Edmundo Bal Kongresuko diputatuak ere.

Ugaoko ermitara heldu dira lehenengo Ciudadanoseko kideak eta ondoren ibilbidea egin dute, oinez, Gernika plazaraino. Udaletxe aurrean ehunka herritarrek bizkarra eman diete ‘Ez zarete ongi etorriak’ lemapean eta bertan isiltasuna izan da nagusi. Ugaoko herritarrez gain, eskualdeko beste hainbat ere izan dira elkarretaratzean. Hala nola, Arrigorriagako, Basauriko, Galdakaoko eta Zeberioko herritarrak. Ondoren Gernika plazan ekitaldi politikoari hasiera eman diote, baina herritarren sinera hotsek eta protestek zaildu egin dute euren hitzaldia.

Udaleko korporazioa osatzen duten EAJk eta EH Bilduk komunikatu bateratua argitaratu zuten atzo, Ciudadanosen ekitaldia “probokazio ariketa arduragabe” gisa definituz eta herritarrei “gizalegez eta normaltasun demokratikoz erantzuteko” dei eginez. “Gaurko eguna ez errepikatzea gustatuko litzaidake. Hori bai, gaurkoa normaltasunez bizi izan duten ugaotarrei zein errespetu osoz protesta egin dutenei nire esker ona adierazi nahiko nieke”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak sare sozialetan. Era berean, EH Bilduko Ugaoko alkategai den Maider Gaztakak ere lerro batzuk utzi ditu: “Herri harrotasuna. Herriaren duintasuna, boterea eta indarra. Ugaon ez dugu probokatzailerik nahi. Ez zarete ondo etorriak izan”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak