→Ugao

Etxeetako eta komertzioetako pertsianak itxiz egingo diote “ongi etorria” Ciudadanosi Ugaon

20:00etarako jarri dute hitzordua ugaotarrek, Herriko Plazan, Albert Rivera eta bere kideen biharko bisitaren aurrean zelan erantzun behar duten erabakitzeko.

Herritarren elkarretaratzea Herriko Plazan / Geuria

2019.05.23 – 11:45. Eguneraketa. Hainbat herritar bildu dira Ugaoko Herriko Plazan “Ez zarete ongi etorriak. Horrela ez” lemapean. Herriko kaleetan barrena lazo horiak ikus daitezke eta zenbait balkoietan pankartak eskegi dituzte herritarrek.

2019.05.23 – 10:15. Eguneraketa. Ciudadanosek ekitaldi politikoa egingo du gaur Ugaon, Gernika enparantzako frontoian. Udaleko korporazioa osatzen duten EAJk eta EH Bilduk komunikatu bateratua argitaratu dute, Ciudadanosen ekitaldia “probokazio ariketa arduragabe” gisa definituz eta herritarrei “gizalegez eta normaltasun demokratikoz erantzuteko” dei eginez.

11:30ean egingo dute herritarrek elkarretaratzea Herriko Plazan. Ondoren, 12:00etan, Gernika enparantzan egingo du ekitaldia Ciudadanosek, Albert Riveraren presentziarekin. Goizeko 10:00etatik Ertzaintza Ugaon dago.

Herriko plazan batzartu dira herritarrak / Alberto

2019.05.22 – 22:32. Jatorrizkoa. Bada, gaur arratsaldean herritarren txanda izan da. 20:00etarako jarri dute hitzordua Herriko Plazan, Albert Rivera eta bere kideen biharko bisitaren aurrean zelan erantzun behar duten erabakitzeko. Dozenaka herritar gerturatu dira herri-batzarrera eta honakoak adostu dituzte:

Hainbat merkatariren proposamenez, komertzioak ixteko edo pertsianak jeisteko gonbitea egin dute, Ciudadanoseko ordezkariak herritik ibilian dabiltzan bitartean. 12:00-12:30etan arreikusten dute hori. Auzokideei etxebizitzetako pertsianak jeisteko gonbitea luzatu diete ere, ordu berean, eta balkoietan ikurrinak, udal banderak edota aldarrikapen banderak eskegitzeko eskatu diete.  Bestetik, elkarretaratzea deitu dute 11:30etatik aurrera Herriko Plazan, “probokazioen aurrean gaitzespen baketsua adierazteko”. Herritarren asmoa da Ciudadanoseko ordezkariak paseatzen ari diren bitartean hauei bizkarra ematea. Plazara gerturatu ezin dutenei, balkoietatik zarata egiteko gonbitea luzatu diete: lapikoa joz edo txiribitoak erabiliz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak