→Ugao

Ugaoko Domiberia enpresako langileek mobilizazioak hasi dituzte ‘lan hitzarmenaren blokeoa’ salatzeko

Enpresako zuzendaritzak langileen lan hitzarmenaren negoziaketa blokeatu duela salatu eta langileek mobilizazioak hasiko dituztela iragarri du Domiberia lantegiko enpresa komiteak.

San Bartolome kalean dago Domiberia enpresa / GEURIA

Domiberia enpresako zuzendaritzak langileen lan hitzarmenaren negoziaketa blokeatu duela salatu eta langileek mobilizazioak hasiko dituztela iragarri du Ugaoko lantegiko enpresa komiteak. LAB sindikatuko ordezkariek GEURIAri jakinarazi diote mobilizazioek ez dutela, momentuz, enpresaren produkzioa etengo. Hori bai, protesta ekintza ezberdinak aurreikusi dituzte datozen egunetarako: pankartak, sirena hotsak eta elkarretaratzeak, besteak beste. Negoziaketen egoera hobetu ezean, enpresa batzordeak ez du baztertzen langileak grebara deitzea, “ahal dela uda baino lehen eta ezustean”.

LAB sindikatuak zabaldutako komunikatuak jasotzen duenez, joan den maiatzaren 9an asanbladan batu ziren Domiberiako langileak eta bertan azkeneko 5 hilabeteetako negoziaketaren laburpen eta zehaztapenak eman zien komiteak. Hilabete horietan enpresak “ez duela negoziatzeko borondaterik erakutsi” salatu du Domiberiako enpresa batzordeak. “Azken urteetan etekin ekonomiko garrantzitsuak eduki eta akzionisten artean milioiak banatu arren”, dio LABek,  “enpresak ezetz esan dio Dumiberiako beste lantokietan dituzten lan baldintzak Ugaoko lantokiko hitzarmenean sartzeari”. Era berean, enpresak ez diela oraindik 2018ko balantze ekonomikoak erakutsi salatu dute enpresa komiteko kideek. Horregatik guztiagatik Domiberiako zuzendaritzak langileen lan baldintzak “okertu nahi dituela” uste du enpresa batzordeak.

120 langile inguru ari dira egun Ugaoko Domiberia SLU enpresan lanean. Latorri ontzien merkaturatzean jarduten du Domiberiak, elikadura-sektorerako, industriarako eta farmaziarako batez ere. Ugaoko lantokiko enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik, USOko 2k eta UGTko batek osatzen dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak