→Ugao

Ugaoko Domiberiako grebak %100eko jarraipena izan du

Greba eguna dute gaurkoa Ugaoko Domiberia SLU enpresako langileek. Lantegira ez da beharginik sartu, bai ordea zuzendaritzako kideak, eta zenbait tirabira izan dira sarreran bi aldeen artean.

Joan den maiatzetik ari dira protestan Domiberiako langileak, lan hitzarmen duin baten alde, baina gaurkoa dute 24 orduko lehen etenaldia. Enpresa komiteak jakinarazi duenez, grebaren jarraipena %100ekoa izaten ari da eta lantegiaren produkzioa erabat etenda dago gaur.

Besteak beste, Domiberia enpresako Estatuko beste lantokietan langileek dituzten lan baldintzak Ugaoko lantokiko hitzarmenean ezartzea eskatzen dute langileek: hala nola, antzinatasuna berreskuratzea, txandakako kontratuen murriztea edota soldaten eguneratzea.

Orain arteko negoziaketan Ugaoko Domiberiako zuzendaritzak sustatu duen blokeoa salatu du enpresa batzordeak (LAB, USO eta UGT): “Zuzendaritzarekin edukitako batzarrak itxurakeria hutsa izan dira agintarien aldetik, maiatzean geunden egoera berdinean gaude orain”. Uztailaren 24an dute hurrengo bilera enpresa batzordeak eta zuzendaritzak.

120 langileren protesta

Egun 120 langile inguru ari dira Ugaoko Domiberia SLU enpresan lanean. Latorri ontzien merkaturatzean jarduten du Domiberiak, elikadura-sektorerako, industriarako eta farmaziarako batez ere. Ugaoko lantokiko enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik, USOko 2k eta UGTko batek osatzen dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak