→Ugao

Txandakako bi orduko lanuzteekin hasi dira Ugaoko Domiberia enpresan

Lan txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak egiten ari dira, enpresa zuzendaritzak langileen lan hitzarmenaren negoziaketa blokeatu duela salatzeko.

Protestak Domiberia enpresako atarian / Endika Areta

Domiberiako langileek lanuzteen lehen eguna dute gaurkoa. Lan txanda bakoitzeko 2 orduko lanuzteak egiten ari dira, enpresa zuzendaritzak langileen lan hitzarmenaren negoziaketa blokeatu duela salatzeko. Ostiralean enpresa komitearekin batuko dira beharginak gaurko lanuztearen eragina aztertu eta aurrerantzean egingo dituzten mobilizazioak adosteko.  Negoziaketak desblokeatu ezean, mobilizazioekin aurrera jarraitu eta egun osoko greba egiteko asmoa azaldu dute Domiberiako langileek.

Negoziaketak blokeatuta

LAB sindikatuak salatu du Domiberiako zuzendaritzak ez duela hitzarmenaren inguruan negoziatzeko borondaterik erakutsi, “azken urteetan etekin ekonomiko garrantzitsuak eduki eta akzionisten artean milioiak banatu arren”. Sindikatuaren esanetan, enpresak ezetz esan dio Dumiberiako beste lantokietan dituzten lan baldintzak Ugaoko lantokiko hitzarmenean sartzeari, hala nola, antzinatasuna, txandakako kontratuak edota soldaten eguneratzea. Era berean, enpresak ez dituela oraindik 2018ko balantze ekonomikoak erakutsi salatu dute enpresa komiteko kideek. Horregatik guztiagatik Domiberiako zuzendaritzak langileen lan baldintzak “okertu nahi dituela” uste du LAB, USO eta UGT sindikatuek osatzen duten enpresa batzordeak.

120 langile inguru ari dira egun Ugaoko Domiberia SLU enpresan lanean. Latorri ontzien merkaturatzean jarduten du Domiberiak, elikadura-sektorerako, industriarako eta farmaziarako batez ere. Ugaoko lantokiko enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik, USOko 2k eta UGTko batek osatzen dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak