→Ugao

Herritarren partaidetza bilatuko du HAPOaren bigarren faseak

ugao etxebizitzak 2015

Maiatzaren 8tik uztailaren 3ra bitartean HAPOaren aurrerakinaren erakusketa izango da Jane Jauregian. Herritarrek ekarpenak egin ahal izango dizkiote dokumentuari

Ugaon 387 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du HAPOak // Geuria

Maiatzaren 8tik uztailaren 3ra bitartean Hiri-Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakinaren erakusketa izango da Jane Jauregian eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dizkiote dokumentuari

Ugao-Miraballesko Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) bigarren fasean dago jada. Horrek esan nahi du herritarren partaidetza bilatuko duela hurrengo bi hilabeteetan, ugaotarrek eurek euren ekarpenak eta proposamenak egin ditzaten. Horretarako etorkizuneko Ugao zehaztuko duen plan posible ezberdinen erakusketa publikoa egingo dute Jane Jauregian maiatzaren 8tik uztailaren 3ra bitartean panel informatiboekin. Guztira bost eredu aurkeztuko dituzte erakusketaldian. Era berean, maiatzaren 8an bertan HAPOaren aurrerakinaren inguruko hitzaldia antolatu dute Jane Jauregian 18:30etik aurrera.

Herritarrek euren ekarpenak eta iradokizunak aurkezteko hainbat bide izango dituzte. Alde batetik, Udalak iradokizun-postontzi bat jarriko du udal bulegoetan, eta bestetik, Internet bidez ekarpenak egin ahal izango dituzte interesdunek pgou.ugao@bizkaia.org helbide elektronikoaren bitartez edo udal webgunean eskuragarri egongo den formularioa betez. Gainera, erredaktore-taldearekin elkarrizketa tekniko bat eskatu ahal izango dute herritarren Bulego Teknikoaren bitartez.

Ugaoko Udalak triptiko bat banatuko du etxeetan eta bertan aurrerakinaren eta prozesu parte-hartzailearen egutegiaren berri emango du. Era berean, aurrerakin dokumentua udal webgunean kontsulta daiteke bere osotasunean.

Erakusketa publikoa igaro ondoren, beste bi hilabeteko epea irekiko dute erredaktore-taldeak jasotako iradokizunak erantzun ditzan eta interesa erakutsi duten pertsonekin elkartu daiten.

Apirilaren 24an onartu zuen Ugao-Miraballesko osoko bilkurak HAPOren aurrerakin dokumentua (387 etxebizitza eraikitzeko proiektua dakar dokumentuak) eta bigarren faseari hasiera eman dion erakustaldia. Hirugarren fasean hasierako onespena emango diote HAPOari, laugarren fasean bigarren erakustaldia eta alegazioak egiteko aukera egongo da, bosgarren fasean behin-behineko onespena emango liokete planari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordean txostena aurkeztuta, behin betiko onespena emango liokete (seigarren fasea).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak