→Ugao

Indaba eta marrazki lehiaketak, Ugao-Miraballesen sorreraren 643. urteurrena ospatzeko

ugao indaba lehiaketa 2015

Martxoaren 4an 643 urte beteko ditu Ugao-Miraballesek. Umeentzako marrazki lehiaketa, indaba lehiaketa eta emakume ekoizleen nekazal azoka antolatu dituzte.

2015eko Indaba lehiaketa // Ugao-Miraballesko Historia Ezagutzeko Zentroa

Martxoaren 4an 643 urte beteko dira Ugao-Miraballes hiribildua sortu zenetik. Urteurren hori aitzakia hartuta, umeentzako marrazki lehiaketa eta indaba lehiaketa antolatu dituzte. Aurten, marrazki lehiaketaren 15. edizioa izango da eta indaba lehiaketaren zazpigarrena.

Ugao-Miraballesko Historia Ezagutzeko Zentroak antolatzen ditu bi jarduera hauek, Ugaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Umeentzako XV. Marrazki lehiaketa

Ugaoko Erdi Aroko ohiturak gaia izango du ardatz aurtengo marrazki lehiaketak. Lanak aurkezteko epea otsailaren 23ra arte egongo da zabalik, 14:00ak arte Jane Jauregian. Par­te hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du din-A4 tamainako folio batean eta kar­tulina batera itsatsita. Lanaren atzeko aldean egilearen izen-abi­zenak, helbidea, jaiotze-data, te­lefonoa eta eskola-maila agertu behar dira. Marrazkia egiteko tek­nika edozein izan daiteke: zera, akuarela, ikatz-ziria… Esaldiak eta hitzak ere ager daitezke, euskaraz.

Lau maila bereiziko dira lehia­ketan: haur hezkuntzako ikasleak, lehen hezkuntzako 1. eta 2. mai­lako ikasleak, 3. eta 4. mailako ikasleak, eta 5. eta 6. mailakoak. Lan guztien erakusketa martxoaren 2an izango da Jane Jauregian eta sari banaketa martxoaren 3an izango da. Parte-hartzaile guztiek oparia jasoko dute.

VII. Indaba lehiaketa

Martxoaren 3an, larunbatez, izango da Indaba lehiaketa Ugaon, udaletxeko plazan 09:00etatik aurrera. Norbanakoek, familiek, elkarteek edota kuadrilek eman dezakete izena martxoaren 2a baino lehen ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbide elektronikoaren bitartez edo lehiaketa egunean bertan 09:00etatik 10:30era udaletxepean. Lehiaketan parte hartuko dutenek su txikia edo gasa, mahaiak eta beharrezko tresnak ekarri beharko dituzte. Era berean, antolakuntzak bazkaltzeko aulkiak eta mahaiak jarriko ditu aldez aurretik erreserba egiten dutenentzako.

Kazolak 14:00etan aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek eta ondoren epaimahaiak jakinaraziko du zein izango den irabazlea 17:00etan. Txapeldunak produktu-sorta jasoko du sari gisa.

Emakume ekoizleen XVIII. nekazal azoka

Hiribilduaren 643. urteurrenarekin batera, Emakume ekoizleen nekazal azoka antolatu dute aurten ere, hamazortzigarren urtez. Bertan parte hartzeko izena eman behar dute interesdunek otsailaren 16a baino lehen. Horretarako izen-emate orria bete behar dute eta Jane Jauregian entregatu (astelehenetik ostegunera 08:30etik 15:00etara eta 16:00etatik 18:30era, eta ostiraletan 08:30etik 15:00etara) edo posta elektroniko bidez bidali Kultura.ugao@ortzadar.es edo Kultur-etxea.ugao@bizkaia.org helbide horietara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak