→Ugao

Dena prest Ugaon jaiei hasiera emateko

ugao jaiak 2018 aurkezpena

Irailaren 7tik 10era ospatuko dira jaiak. 95.000 euro bideratu ditu Udalak lau egunetan zehar 50 ekintzatik gora antolatzeko.

Ekaitz Mentxaka, Ana Maite Fernandez, Pruden Peña, Marta Carmona eta Jai Batzordeko kideak, udaletxe atarian // Geuria

Ekaitz Mentxaka, alkatea; Ana Maite Fernandez kultura, berdintasun eta gazteria zinegotzia; Marta Carmona, jaietako kartelaren egilea; Pruden Peña, aurtengo jaietako pregoilaria eta Jai Batzordeko kideak izan dira Ugaoko 2018ko jaien aurkezpen ofizialean.

Irailaren 7an hasiko dira jaiak eta irailaren 10erarte luzatuko dira. Ekintzaz beteriko lau egun hauetarako 95.000 euro bideratu ditu Udalak, “aurrekontu garrantzitsua da, gure tamaina duten edo handiagoak diren gainontzeko herriekin konparatuz”, dio Ekaitz Mentxaka alkateak. “Herritar guztientzako jaiak dira, adin guztiei zuzendutakoak eta giro ezberdinetan gozatzekoak” azaldu du alkateak. “Kanpokoei ere gonbidapena luzatu nahi diegu, ongietorriak dira Ugaoko jaietan”. Balizko erasotzaileei, bestalde, abisua luzatu die Mentxakak: “Jaiak lasai igaro nahi ditugu. Jai giroa, gozamena, errespetua eta bizikidetza izan behar dira protagonista bakarrak. Ugaon ez da erasorik onartuko, erasotzaileak ez dira ongi etorriak eta etorriko balira, jakin dezatela haien aurka joango garela“. Gogoratu aurten genero indarkeriari aurre egiteko protokoloa osatu dutela Udalak eta Kallera Mugimendu Feministak.

50 ekitalditik gora

50 ekitalditik gora izango dira guztira eta aurten nobedade moduan auto klasikoen rallya ospatuko dute irailaren 8an, larunbatean. Goizetik hasita, 11etan, autoen elkarteratzea egingo dute ermitaren zelaigunean eta 15:00etatik aurrera izango da lasterketa. Herriko talde, elkarte eta musikariek ere garrantzia handia izango dute jaietan: besteak beste, La Txirla musika taldea Riot Propagandaren kontzertuaren aurretik arituko da ostiralean, Sarea Abesbatzak larunbateko meza nagusia girotuko du, UB5 Teatro taldeak antzerkia egingo du igandean Gernika plazan eta Etorki Dantza Taldeak euskal dantzak eskeiniko ditu herriko plazan.

Astelehen goizean Euskaraldiaren entsegua egingo dute herriko plazan, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den euskararen aldeko ekimena ezagutarazteko. Ezagutu Ugaok Euskaraldirako prestatu duen hamaikakoa.

Pruden Peñak irakurriko du aurtengo pregoia. Herriko ekimenetan burubelarri lanean ibiltzen da Peña eta aurten gainera, txirrindularitza lasterketetan 30 urtez baino gehiago speaker lanetan aritu ondoren agur esan die mikrofonoei. Datorren ostiraleko pregoiaren nondik norakoen berri izateko, irakurri GEURIAk Pruden Peñari egindako elkarrizketa. Bestalde, Javi Landeta izango da astelehenean jaiei amaiera emateaz arduratuko dena, “urte askotan Ugaoko txistularien erreferente izan dena, baita herrian txistua jotzen dakitenen maisua ere”. Bolari bira emateaz arduratuko da Landeta, 23:15etan, su artifizialen aurretik.

Jende asko biltzen duen kartela

Duela bi urte egin zuen kartela Marta Carmonak, baina hura aurkezteko epemuga igaro zitzaion eta ezin izan zuen 2017ko jaietarako aurkeztu. Oraingoan garaiz iritsi da, eta aldaketa txiki batzuk eginda, “oso pozik” geratu da azken emaitzarekin. “Jende asko agertu behar zela argi nuen, eta hortik abiatuta, aurresku baten barruan txertatzea erabaki nuen” azaldu du  Carmonak.

Azkenik, gogoratu Udalak eta Jai Batzordeak prestatutako egitarauaz aparte, aurten txosnagunea izango dela berriz Ugaon.  Txosna Batzordetik esan digutenez, laster emango dute haien egitarauaren berri.

UGAOKO JAIAK 2018-EGITARAUA

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak