→Ugao

Joseba Urrutikoetxea: “Estatu gehienek ez dute onartzen hizkuntza eta identitate ezberdinak izatea”

ugao joseba urrutikoetxea 2018 wakaya proiektua

Erdialdeko eta Hego Amerikako hamabi hizkuntza gertutik ezagutu dituzte eta komunitatearekin bertatik bertara bizi izan dira Wakaya proiektuko kideak.

Joseba Urrutikoetxea ugaotarra Wakaya proiektuko kideetako bat da // Utzitakoa

Erdialdeko eta Hego Amerikako hamabi hizkuntza gertutik ezagutu dituzte eta komunitatearekin bertatik bertara bizi izan dira Wakaya proiektuko kideak

Joseba Urrutikoetxea (Ugao, 1990) ugaotarra Wakaya proiektuan murgilduta dabil eta hainbat hilabetetan Erdialdeko eta Hego Amerika zeharkatzen dabil, hango lau hizkuntzetatik bat desagertzeko zorian baitago. Mapa linguistikoa osatuko dute bertatik bertara, aurrerago dokumental interaktiboa grabatzeko asmoz. Hauek dituzte eginkizun: Sustraiei eutsi, hizkuntzak desagertzeko arazoa jakinarazi, herrien autonomiari eusteko hizkuntzak giltzarri direla erakutsi eta kultura zein hizkuntza aniztasuna defendatu. Hizkuntza kulturaren motor baita, hau da, edozein komunitatetan hizkuntzaren bidez adierazten dituzte ideiak, baloreak sentimenduak eta mundua ulertzeko erak.

Zergatik sartu zinen proiektu honetan?
Proiektua orain dela ia bi urte hasi genuen. Bartzelonan bidaia-kazetaritza master bat egin nuen eta bertan hasi ginen ideiari bueltak ematen. Masterra azaroan bukatzen zen eta ez genekien zer egin amaitu ondoren. Bagenekien Hego Amerikan bidaia bat egin nahi genuela, baina aitzakia bat behar genuen. Bertan elkartu ginen lankideok gutxi-gorabehera ikuspuntu politiko eta ideologiko bera genuen eta erraza izan zen proiektua sortzea. Abuztuan izan genuen lehen bilera. Ondoren, prestaketa lanak, hegazkina hartzeko unean dena prest egon zedin. Azaroan, ikasketak amaitzean, bakoitza bere etxera bueltatu ginen -bakoitza estatuko eta munduko hainbat tokitakoak gara- lan egin eta dirua aurrezteko.

Nire kasuan, Euskal Herriak antzeko egoera bat bizi du hizkuntzarekiko eta mundua ikusteko beste era batzuk ezagutu nahi nituen. Dokumental sozialak egitea gustuko dut eta proiektu aproposa da niretzat. Baita bidaiatzeko aukera ezin hobea ere, noski!

Ugao eta lagunak urrun daude?
Oso. Nahiz eta bizi garen mundu globalizatu honetan erraza izan edozein puntutako norbaitekin harremanetan jartzea, berotasun falta nabari da pilo bat. Bi une garrantzitsu pasa dira jada, Gabonak eta nire urtebetetzea, eta horiek zure eremutik kanpo igarotzea batzuetan gogorra da, baina badakit hau ez dudala berriz izango eta aprobetxatu beharra dago. Ordutegi ezberdinak izatera ohitzea egiten zait zailena: nik zeozer kontatu nahi eta zuok han lo. Euskal musika mobilean jartzeak ere laguntzen dit hurbilago sentiarazten. Baina bai, gehien estimatzen dudana herria eta lagunak dira, noski.

Euskaldun izateak laguntzen al dizu beste  hizkuntzen arazoak hobeto ulertzen?
Asko laguntzen du bai. Hala ere, hemengo errealitatea guztiz desberdina da gurearekin alderatuz gero. Euskararen kasuan pribilegiatuak gara ditugun oinarri eta sareekin. Estatu askok, ia gehienek, ez dituzte onartzen ez identitate ez hizkuntza ezberdinak, zapalkuntza ikaragarria da zenbait komunitatetan. Espainola ez den leku batetik zatozela eta beste hizkuntza bat hitz egiten duzula azaltzean harritu egiten dira eta nolabait konexio bat sortzen da, horrek lanean asko laguntzen dit. Baina euren egoerak eta istorioak entzutean konturatzen zara bizi duten errealitatea oso gordina dela. Ospitaletan, auzitegietan… euren hizkuntza propioan ezin agertzeak arazo larriak sortzen dizkie bertoko biztanleei, ez baitute espainola ezagutzen edo ez dira eroso sentitzen berba egitean. Gobernuek ez dute horren alde ezer egiten edota itzultzaile zatarrak ipintzen dizkiete eta euren kabuz egin behar dituzte proiektuak holako egoeretan laguntzeko, dena boluntarioki eta inongo diru-laguntzarik gabe normalean.

Horrek ere laguntzen du guk dugun altxorra baloratzen eta hausnartzen, autokritika egiten hobe esanda. Askotan ez diogu behar duen garrantzia ematen euskarari.

Proiektuaren zein unetan zaudete?
Momentuz erdialdeko Amerika ia amaituta dugu. Ni Panaman nago Ngabe komunitatean lanean eta beste kide batzuk Costa Rican daude. Urrian hasi ginen Mexikon eta azken hilabete hauetan hamabi hizkuntza eta herri landu ditugu. Nire ustez bete duguna batez ere izan da komunitateekin eskuz esku lana egitea eta eurek gu beso-zabalik hartzea. Haien etxeetara sartzea, gune pribatuetara joatea, baita askotan langile asko heldu ez diren tokietara ere. Lortutako helburu nagusia hori da, komunitateen egoera aurrez aurre ikustea, azken finean eurak izan behar dira protagonista nagusiak.

ugao joseba urrutikoetxea 2018 wakaya proiektua kideak

Wakaya proiektuko kideak // Utzitakoa

Zein zailtasun dituzue bertako herritarrekin konektatzeko?
Oro har,  ez ditugu arazo asko izan. Beti aurre kontaktu batekin goaz komunitateetara, inoiz ez bakarrik. Euren egoera zein den entzun, ikasi eta ondoren grabatzeko baimena eskatzen diegu. Bertakoak ezkor egotea normala da. Izan ere, sarritan etorri dira kanpotarrak proiektuak egitera eta, bertan ezer utzi gabe, joan egin dira. Gure kasuan hori beti betetzen dugu, egindako lanaren kopia bat komunitatean bertan utzi eta eurek protagonista aktibo izatea bilakatuz, azken finean bertokoek egon behar dute gustura materialarekin. Nik uste horrek gure alde jokatzen duela eta ate gehiago zabaltzen dizkigula.

Nola bideratzen duzue ekonomikoki?
Proiektua guztiz autofinantzatua da, ez dugu inongo diru-laguntza edo bekarik jasotzen. Jendea harritu egiten da hori entzutean baina hala da. Ez genuen nahi inongo gobernu edo erakunderik gure lanaren gainean egotea, askotan horrek adierazpen askatasuna murriztu dezakeelako, eta gure premia da herrien ahotsa entzutea, nahiz eta estatu edo gobernuei ez gustatu. Nik uste, hau ahalmen bat ere bilakatu dugula komunitateei proiektua aurkezterako orduan, ikusten baitute gure lana guretzat oso garrantzitsua dela. Ahalik eta gehien aurreztea da beste atal garrantzitsua. Edozein lekutan lo egiteko prest gaude: herrian bertan, etxeetan gonbidatu moduan… Herritarren harrera ikaragarria izaten ari da, gehien miresten duguna dela esango nuke. Bestalde, crowdfoundig kanpaina bat ere zabaldu genuen edonork ekarpenak egiteko: lagunak, familia, gertuko ezagunak eta gu geu gara emaile nagusiak.

Zer falta duzue proiektua amaitzeko?
Ideia Hego Amerika osorik amaitzea da, Argentinaraino. Momentuz ekonomikoki arazoak ditugu aurrera jarraitzeko baina saiakera egingo dugu, seguru. Egoera oso larria izan arte ez gara bueltatuko. Proiektua amaitzeko bueltatu behar dugu, izan ere, orain dokumentatzen besterik ez gabiltza. Bueltatzean grabatutako dena montatu eta www.proyectowakaya.com webgunean dokumental interaktiboa eskegiko dugu. Beraz, lan pilo falta da oraindik. Behin hori osatuta, doako produktu moduan eskaintzen da gure ideia, edonoren eskura jartzea. Ondo legoke bueltan bidaia bat egitea komunitateetan proiektua aurkezteko. Baina, auskalo!

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|