→Ugao

Josu Urrutikoetxea ugaotarra atxilotu dute Frantziako Alpeetan

Frantziako eta Espainiako segurtasun indarren arteko polizia operazio batean atxilotu dute ETAko buruzagi politikoa izandakoa. 

Josu Urrutikoetxea / EP

Frantziako eta Espainiako segurtasun indarren arteko polizia operazio batean atxilotu dute ETAko buruzagi politikoa izandakoa. Josu Urrutikoetxea (Ugao, 1950) 1989an atxilotu zuten eta espetxe zigorra bete zuen Frantzian, 1996 urtera arte. Frantziak Espainiaratu egin zuen ondoren, eta 1998an urtean geratu zen aske. 2000etik 2002 urtera arte Euskal Herritarrok taldearen ordezkari izan zen Eusko Legebiltzarrean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak legebiltzarkide izaera indargabetu zionean ihes egin zuen eta ordutik zegoen ihes eginda.

Urrutikoetxearen atxiloketaren aurrean, mobilizazioak deitu dituzte Sortuk, EH Baik eta LABek. Gaur zenbait kontzentrazio egingo dituzte, eta maiatzaren 18an, larunbatez, manifestazioa deitu dute Ugaon. Manifestazioa 18:30ean izango da herriko plazatik abiatuta.

Urrutikoetxeak ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan parte hartu du behin baino gehiago: Aljerreko negoziaketetan ETAren ordezkarietako bat izan zen eta presente egon zen ETAren eta PSOEren arteko 2006ko elkarrizketetan ere bai. Iazko maiatzaren 3an argitaratu zen ETAren azken adierazpena irakurri zuen, Marixol Iparragirrerekin batera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak