→Ugao

Donejakue Bidea 24 orduz azpitik egiteko erronka hartu du Julian Sanz ugaotarrak

ugao julian sanz 2018 donejakue bidea 24 orduz azpitik erronka argazkia juliansanznet

Hirugarren aldia izango da Julián Sanz ugaotarrak Donejakue Bidea bizikletaz 24 ordutan -edo gutxiagotan- egiteko erronka hau hartuko duena.

Argazkia: juliansanz.net

Hirugarren aldia izango da Julián Sanz ugaotarrak Donejakue Bidea bizikletaz 24 ordutan -edo gutxiagotan- egiteko erronka hau hartuko duena. Orreagan hasi eta 24 orduren buruan Santiagon bukatzea da helburua, “geldialdirik egin gabe”, dio Sanzek. 750 kilometro inguru dira egin beharko dituena eta proban lagun izango du Ziortza Villa bilbotarra.

Oraindik ez dakite zehazki noiz egingo duten erronka: “Euskalmet agentziarekin lankidetzen gaude. Eguraldiaren inguruko informazioa ematen digu eta gero guk erabakiko dugu zein izango den egunik aproposena erronka betetzeko. Batez ere, Gaztelako haizeak onak izan daitezen esperoan gaude”, dio Sanzek. Uztailaren 20a eta abuztuaren 5a bitartean aukeratutako egun batean izango da erronka.

*Uztailaren 24an sare sozialen bitartez jakitera eman duenez, erronkari aurre egingo diote uztailaren 25ean, asteazkenez, 16:00etatik hasita.

Sanz eta Villarekin batera lantalde bat joango da eurekin Orreagatik Santiagora: Aitor Alberdi Fadurako (Getxo) Hobekuntza Teknikorako Zentroko teknikaria, Endika Martin fisioterapeuta eta osteopata, Asier Bilbao entrenatzaile eta triatleta ohia eta Hektor Llanos Fitgüne-ko (Gasteiz) biomekanikoa. Era berean, Munduko Ultracycling Elkarteko (UMCA) hiru epaile eta bi ibilgailu lagunduko dituzte erronkalariak. Erronkak iraun bitartean Iruñako, Logroñoko, Burgoseko, Astorgako, Ponferradako eta Santiagoko udaltzainek koordinazioan lagunduko dute eta GPS jarraipena egingo diete.

Hirugarren saiakera

Donejakue Bidea bizikletaz eta 24 orduz azpitik egiteko erronka 2007an otu zitzaion Julián Sanzi, ultracycling modalitatea herritarron artean ezagutarazteko helburuarekin. Bizikletaz distantzia luzeak -hala nola, 22 orduz jarraian- egitea da modalitate horren xedea.

2007an bizikletaz Santiagorako bidea hartu zuen Sanzek eta 27 ordutan bete zuen erronka. Hurrengo urtean, 2008an, Donejakue Bidea 26 ordutan egitea lortu zuen. Orain, hamar urte ondoren, 24 ordutan baino gutxiagotan erronka bete dezaketela uste du Sanzek.

Julián Espainiako txapelduna da 24 orduko modalitean (2016 eta 2017). Era berean, 24 orduko Munduko txapelketan laugarren postuan bukatu zuen ugaotarrak 2016an eta aurten, apirilaren 28an, bigarren postua eskuratu du Race Across Italy 775km – 26 ordu lasterketan (Munduko txapelketa).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak