→Ugao

73.000 eurotan handitu du Ugaok gizarte laguntzetarako eta herriaren hobetze lanetarako inbertsioa

Gizarte-Larrialdietarako laguntzen diru kopurua handitzeko eta herriko hobetze lanak egiteko handitu du kreditua udalbatzak.

Arana eta Lupardoko hoditeria berrituko du Udalak / Maps

73.692 euroko kreditu aldaketa onartu du Ugaoko azken udalbatzak (2018/09/25). Arrazoi nagusien artean daude Gizarte-Larrialdiko laguntzetara 15.000 euro gehiago bideratuko dituztela, Arana eta Lupardoko hoditeria berritzeko 16.000 euro zuzenduko dituztela eta Glorieta Epalzako jolastokia estaltzeko proiektua idaztera 7.000 euro gehiago bideratuko dituztela.

Gauzak honela, Gizarte Larrialdietarako bideratutako laguntzak 80.000 euroko kopurura iritsiko dira. Bestelako inbertsioetan, nabarmentzekoak dira El Jaroko autoentzako aparkalekua handitzeko partida 6.000 euroan handituko dutela (79.510 euro guztira), Udalsarea berregiteko planera 16.000 euro gehiago zuzenduko dituztela (Aranako eta Lupardoko hoditeria berritzeko, guztira 33.523 euro) eta Leitoki eskolako 8 ikasgeletako zorua berritzeko bideratu dituzten 18.945 euroak. Leitokin jarraituz, 1.000 eurotan handitu dute 2 urteko gelan laguntzailea kontratatzeko diru kopurua (6.000 euro guztira).

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak 40.167 euro eman dizkio Ugaori Astibiko bidea konpontzeko, obren kostuaren %90. Udalak 4.463 euro jarriko ditu obra horietan, %10. Azkenik, Ugaoko ibilbide ekologikoen inguruko triptikoak egiteko ere baliatuko du Udalak onartutako kreditu aldaketa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak