Sareak

☉ Ugao

Ugaoko Udalak 588.541 euroko geldikinarekin itxi du 2017a

146.000 euro Udiarraga baselizako plazako jolas guneko estalpea ordaintzeko eta kiroldegiko aparkalekuko irisgarritasuna eta segurtasun hobetzeko erabiliko dituzte.

|

ugao udaletxea
Ugaoko udaletxea // Geuria

146.000 euro Udiarraga baselizako plazako jolas guneko estalpea ordaintzeko eta kiroldegiko aparkalekuko irisgarritasuna eta segurtasun hobetzeko erabiliko dituzte

Ugao-Miraballesko Udalak 2017ko aurrekontuaren likidazioa onartu du. Guztira 115.280 euroko superabitarekin itxi du joan den ekitaldia, bosgarren urtez jarraian joera positiboa sendotuz. Era berean, gastu orokorretarako 588.541 euroko diruzaintza geldikina izan du. Bere egikaritzeari dagokionez, portzentajea %103,51koa izan da sarreretan eta %95,19koa gastuetan.

Gastu orokorretarako geldikinetik 146.000 euro inguru bideratuko ditu Udalak bi jarduketa egiteko. Alde batetik Udiarraga baselizako plazako jolas-tokiko estalpearen eraikuntza egin berria ordaintzeko, eta bestetik, kiroldegiko aparkalekuko irisgarritasuna eta segurtasun hobetzeko. Egun, Udala lanak hasteko Sustapen Ministerioaren baimenaren zain dago.

“Legealdi guztiko kontu publikoen kudeaketaren zorroztasun eta erantzukizunaren isla dira. Ugao-Miraballeskoa kaudimendun udala da, bere kontuak onbideratuak ditu eta aurrekontuak egonkortasun helburua betetzen du“, dio Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak. Udalak bere hornitzaileen ordainketen epeak betetzen dituela eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen jarraitzen duela ere gogorarazi du Mentxakak: “Datu moduan, 2013an Udalak 116.000 euroko geldikin negatiboa izan zuen, hortaz, 5 urte hauetako bilakaera askoz positiboago izan da“.

Kreditu aldaketak

2017an zehar, 2016ko geldikinaren zati bat erabiltzeko kreditu aldaketak egin zituen Udalak. Zehazki, besteak beste, honako partidetarako erabili ziren: Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak (GLL) 5.000 euroan igotzeko; Etxeko Laguntza zerbitzua 32.000 euroan igotzeko (zehazki, hasierako 70.000 eurotik 107.000 eurora); Lehendakari Aguirre parkeko kulunkak erosteko 41.000 euro; alta hartuta ez zeuden horniketak Ur Partzuergoko likidazioak ordaintzeko 62.000 euro; argiteria publikoko partida igotzeko, udalerriko zenbait gune eta auzoetako argiztapena indartu baitzen; eta, Astibi auzoan lur-jausiak konpontzeko 6.300 euro.

☉ Ugao

Ugaoko Aste Berdeak Leitzako Peru-Harri museora eramango ditu herritarrak maiatzean

Nafarroako museora antolatutako ekoirteera doakoa izango da eta izena emateko azken eguna maiatzaren 10a izango da, Ugaoko Jane jauregian

|

Peru-Harri parke eskultorikoa // Turismo Vasco

Maiatzaren 6tik 12ra Aste Berdea ospatuko dute Ugaon eta doako jarduera ugari prestatu ditu Historia Ezagutzeko Zentroak Ugaoko Udalaren Ingurumen sailaren babesarekin.

Asteko jarduera nagusia maiatzaren 11n Leitzako (Nafarroa) Peru-Harri museora antolatu duten ekoirteera da (Perurena museoa). Iñaki Perurena harri-jasotzaileak diseinatutako parke eskultorikoa da Peru-Harri, herri kirolaren historia eta Iñaki eta haren seme Iñaxioren Kirol markak ezagutzeko. Goiko aldean, harri-jasotzailearen irudia gailentzen da. Beherago, Pedro I.aren omenez egindako irudia ikus dezakete bisitariek.

Gainera, zurtarri bat, forma megalitiko desberdinak, beso erraldoi bat edo trikuharri antzeko bat ere ikusteko aukera dago. Parke eskultorikoan Gorritenea izeneko baserri familiarraren bisita egin dezakete bisitariek: etxearen hiru solairuetan herri kirolaren historia ezagutzeko aukera dago.

Herritar guztiei zuzendutako egun osoko irteera hau doakoa izango da baina udal ordezkariek azaldu dute izena ematea beharrezkoa dela, edukiera mugatua izango delako. Horretarako, Jane jauregira jo beharko dute interesdunek maiatzaren 10a baino lehen edo 946 480 704 telefono zenbakira deitu. Autobusa 09:30ean irtengo da Ugaotik Leitzarantz.

Maiatzaren 6tik 12ra Ekotailerrak antolatu dituzte ume eta gazteentzako zerbitzuetan, eta hilaren 9an, material birziklatuekin egindako jolasak prestatu dituzte bost urtetik gorako haurrentzat 18:00etan, Herriaren enparantzan.

Ingurumen hezitzaile bik Ugao bisitatuko dute herriaren birziklapen ohiturak ikertzeko

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ingurumen hezitzaile bik Ugao bisitatuko dute herriaren birziklapen ohiturak ikertzeko

Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberiotik igaro ostean, ingurumen-hezitzaileek apirilaren 29tik maiatzaren 8ra bitartean bisitatuko dute Ugao

|

Udalekoko kamioi bat, hondakinak biltzen // Geuria

Arrigorriaga, Zaratamo eta Zeberiotik igaro ostean, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak martxan jarritako eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako ingurumen hezkuntza kanpainako hezitzaile bi Ugaora iritsiko dira herrian birziklatzeko dagoen ohitura aztertzeko eta sentsibilizatzeko. Ingurumen-hezitzaileen bisitak apirilaren 29tik maiatzaren 8ra izango dira.

Birziklapena oinarri nagusia izango da eta beste gai batzuk ere landuko dituzte horren inguruan: hala nola zer frakzio birziklatzen duten eta zein ez, birziklatzeko zer zailtasun dituzten edo zer deritzoten hondakinak biltzeko zerbitzuei buruz…

Momentu honetan kanpaina prozesuaren erdian dagoela azaldu dute Ugaoko udal ordezkariek eta Arakaldo, Zaratamo, Zeberio, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga eta Urduñako 668 pertsona informatu direla azaldu dute: “Horietako 516 laguni inkesta egin diete”.

Hondakin ezberdinak bereizten dituen Nerbioi-Ibaizabaleko edukiontzia, Zaratamon // Geuria

Horia eta marroia

Inkestatuen artean, Ugaoko udal ordezkariek adierazi bezala, zalantza gehienak edukiontzi horiak sortzen ditu: “Galdetutako pertsonen zalantza ohikoenen artean, ontzi arinen frakzioarekin lotutakoak nabarmentzen dira. Edukiontzi horretan plastikozko ontziak, brikak eta latak utzi daitezke”, eta egoera argitzearren, edukiontzi horietan plastikozko zein metalezko ontziak eta bestelako ontziak sar daitezkela argitu dute: tetrabrikak, porexpanezko erretiluak, aluminio-papera, film gardena…

“Aldiz, ezin dira honako hauek utzi: Pertxak, plastikozko ostailuak, sukaldeko tresnak, biberoiak eta txupeteak, kafetegietako paperezko edalontziak, harategi eta arrandegietan erabilitako paper plastifikatua, tuperrak, aluminiozko kafe-kapsulak, plastikozko loreontziak, CD eta DVD kaxak, boligrafoak, zorrozkailuak, metxeroak…”.

Beste zalantza batzuk edukiontzi berdearen ingurukoak dira, eta galdera ohikoenak botilen kortxoak zein edukiontzira bota behar diren izaten da: “Hondakin organikoa da, eta edukiontzi marroira bota behar da”, izan dira udal ordezkarien berbak.

Ugao bisitatuko duten ingurumen-hezitzaileek hondakin desegokien maila erregistratuko dute ere. Honek esan nahi du edukiontzietan oker utzitako hondakin kopurua zein edukioentzien beraien erabilera txarra aztertuko dutela. Ugaoko udal ordezkariek adierazi bezala, erabiltzaileek gorabehera bi izan ohi dituzte erabiltzaileek birziklatzeko orduan: “Alde batetik frakzio organikoko hondakinak plastikozko poltsetan uztea, poltsa konpostagarrietan utzi ordez, edota poltsarik gabe uztea. Beste alde batetik, paperezko edo kartoizko hondakinak
plastikozko poltsetan uztea, edukiontzi horretan ez baita utzi behar papera edo kartoia ez den beste osagairik”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

#A21 / Emaitzak / Ugao / EAJrentzat garaipena, eta EH Bildurentzat igoera handiena

#A21 / Ugao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dute gaur Ugaon Envaseseko langileen alde

Herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute gaurko Ugaon, atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez

|

Martxoaren 16an egin zuten lehen manifestazioa Ugaon / Utzitakoa

Joan den apirilaren 8an aste biko grebari hasiera eman zioten Ugaoko Envases Universales multinazionaleko langileek, Aldi Baterako Lan Espedientearen kontsulta-aldia enpresa batzordearekin akordiorik lortu gabe amaitu ostean.

Gaur, eta atzo hasitako dinamikari jarraipena emanez, herri mailako ordu biko lanuztea eta manifestazioa deitu dute. LAB sindikatutik azaldu dutenaren arabera, “langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe”.

Envases Universaleseko langileek Gaubela egin zuten atzo / Utzitakoa

Egoera hori salatzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian atzotik hona, besteak beste pankarteoa, elkartasun kontzertuak, afari kolektiboa edo gaubela.

Denak bere horretan jarraituko balu mobilizazio berriak iragarri dituzte langileek, eta LAB sindikatuak kanpainan dauden alderdiei eskatu die “hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Gazte Eguna egingo dute bihar, “gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”

|

Gautegun erromeria / Geuria

Musika, jolasak eta aldarrikapena izango dira Ugaon bihar egingo duten Gazte Egunaren oinarria. Helburua, antolatzaileek eurek adierazi dutenaren arabera, “gazteak elkartzeko espazioa sortzea da, gazteek euren egun propioa aldarrikatzeko”. 

Hori horrela, 12:00etan hasi eta gaueko ordu txikietan bukatuko den ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute. Hasteko, 12:00 taldeen arteko jolas musikatuak egingo dituzte tabernetan zehar. Hori ondoren etorriko den herri bazkariaren atarikoa izango da.

Arratsalde parterako elektrotxaranga 17:30ean, eta gauarekin batera hainbat kontzertu, hala nola Txapelpunk, Arene G, Gautegun Erromeria edo Jonkass DJa.

Osorik irakurri