→Ugao

Kiran Bhatti: “Eremu publikoan erabakiak hartzen dituzten emakumeen sarea osatu dugu”

KalLera Asanblada Feministako kidea da Kiran: Medikua ogibidez, urteak daramatza feminismoa herritarren artean saretzen.

Duela lau urte etorri zen Kiran Ugaora bizitzera // Argazkia: Etxahun Gonzalez Sarria

KalLera Asanblada Feministako kidea da Kiran: Medikua ogibidez, urteak daramatza feminismoa herritarren artean saretzen

Aita indiarra eta ama Arrasatekoa, Iruñan jaio zen bera. Batxilergoa bukatu eta Bilbora etorri zen medikuntza ikastera Kiran Bhatti Azkoaga (Iruñea, 1988). Hiri handien erritmoak itota, ikasketak bukatu eta Ugaora ezkondu zen duela lau urte. Iruñean, Bilbon zein Ugaon, presente izan du beti ‘borroka kolektiboaren’ garrantzia: bere sorterriko Gazte Asanbladan, Medikuntza Fakultateko Asanbladan, Deustuko PARE talde feministan eta Ugaoko KalLera asanblada feministan orain. ‘Bizitzan nora jo eta non gelditu’ erabakitzeko arrazoiak topatu ditu talde hauetan, zalantzak eta ezinegonak maila pertsonalean kuestionatzeaz harago, hauei erantzuten lagundu dion “familia bat”. Intimoan eta egunerokoan gertatzen zaizkigun gauzak politikoak direla uste du Kiranek, eta hauei ikuspegi kolektibo batetik heltzeko beharra azpimarratu du. Besteak beste, KalLerak herrigintzan erabakiak hartzeko gaitasuna duen emakumeen sarea osatu duela nabarmendu du iruñarrak.

Iruñarra zara. Nolatan amaitu duzu Ugaon?
Nik unibertsitate publikoan ikasi nahi nuen medikuntza, euskaraz, eta Iruñean neukan aukera bakarra pribatuan eta gaztelaniaz egitea zen. Egia da Leioako Medikuntza Fakultatean ez dela guztia euskaraz irakasten, eta hor ere gure borroka izan dugu hizkuntza eskubideak bermatu daitezen. Egun posible da, lehenengo zikloa behintzat, euskaraz ikastea. Ikasketa ziklo luzea bukatu ondoren, arnasberritzeko beharra sentitu nuen, eta Bilbon egindako lagun baten bitartez, Ugaora etorri nintzen. Lau urte dira hemen bizi naizela eta oso gustura nago.

KalLera Asanblada Feministako kidea zara.
Bizi izan naizen toki guztietan hartu dut kolektiboan borroka egiteko hautu hori. Zergatik? Egunero harrapatzen nauten ezinegon eta haserre askok arrazoi politikoa dutela uste dudalako. Gauzak aldatzeko, eguneroko ezinegon horiek azaleratu, konpartitu eta taldean hausnartu behar dira.  Kolektiboan eraikitzen dena oso potentea da, eta horrek du benetan gizartea eraldatzeko indarra.

Zer eraiki du KalLerak orain arte?
Gure herriaren egunerokoan erabakiak hartu nahi dituen eta horretarako gaitasuna duen emakumeen sarea eraiki dugu. Kalera irtetean sentitu genezakeen txikitasun hori ezabatu dugu, modu antolatu batean eman baitugu aurrerapausoa. Udalarekin batera sexu erasoen aurrean jarraitu beharreko protokoloa berrasmatu dugu,  zeuden zalantzak argitu eta hutsuneak betez. Horretaz aparte, urteko egun zehatz batzuetan, azaroaren 25ean edo martxoaren 8an kasu, Udalek edo instituzioek proposatutako jarduerez aparte, gure beharrizan, esperientzia eta bizipenetatik abiatuta erabaki ahal izan dugu herri bezala zer egin. Azken finean, emakumeok ikusgaitasuna lortu dugu esparru publikoan, jendartean feminismoaz gehiago hitz egitea sustatu dugu eta emakumeontzako espazio seguru bat sortu dugu, balizko arazoen aurrean talde erreferentea bihurtu gara herrian.

Urte hauetan kale ekintza ugari egin dituzue Ugaon.
KalLera izenak berak esaten du, kalera irten gaitezen. Gure amamek aspaldi esaten zuten auzoetatik herrira jaisten zirenean: ‘Kallera goaz’. Guk kalean egoteko modu ezberdinak aldarrikatu ditugu, espazio publikoak okupatzeko beste era bat, historikoki emakumeoi atxiki zaigunetik haratago: jaietan zumba feminista egin dugu, kaleak tizekin margotu ditugu, giza katea eraiki dugu indarkeria sexistaren aurka…

Kritikarik jaso duzue?
Bai, eta zentzu batean, positiboa ikusten dugu kritikatuak izan izana. Alde batetik, kritikek gauzak hobeto egiten lagun diezaguketelako: guk ez dugu arazoentzako irtenbide unibertsalik, uste duguna egiten dugu eta noski, erratu gaitezke. Eta erratu gara. Azaroaren 25ean, adibidez, manifestua irakurri genuen Udalak eta guk elkarrekin burututako herri martxa baten ondoren. Bertan irakurritakorekin ados gauden arren, ulertzen dugu ez zela horretarako momenturik aproposena. Espero ez genuen lekuetatik ere jaso ditugu kritikak. Horrek esparru publikoan gure lekua hartu dugula esan nahi du, onerako eta txarrerako, jendeak badaki hor gaudela, eta kasu batzuetan gutxi bada ere, zerbait eragingo dugu euren buruetan.

Greba feministara begira, zer prestatu duzue?
Martxoaren 7an ekingo diogu Arrankudiaga, Zeberio eta Zolloko asanbladekin batera,  autokarabana feminista batekin. Martxoaren 8ari kazerolada batekin egingo diogu ongietorria, gaueko 12etatik aurrera.  Goizean zehar pikete informatiboak egingo ditugu herrian zehar, megafoniarekin, grebaren nondik norakoen inguruan herritarrak informatzeko. 12etan elkarretaratzea egingo dugu eta ondoren bazkari autogestionatua egingo dugu Ugaoko emakumeok. Arratsaldean ‘zutabean’ jaitsiko gara elkarrekin Bilboko manifestaziora.

Greba feministan bere ekarpena egin nahi duten gizonek, zein aukera dute?
Martxoaren 8a plazak hartzeko eguna da emakumeontzat, eta beraz, lanera ez joateko eguna. Kontsumo eta zaintza greba ere planteatu dira. Gizonek zer egin dezaketen?  Besteak beste, egun horretan enpresetan zerbitzu minimoak egin behar badira, gizonek beren burua aurkeztu dezakete zerbitzu horiek betetzeko. Negozio bat badaukate, jaieguna eskatu dezakete emakumeak beteko lukeen zaintza lana egiteko, eta gauza bera eguneroko erosketekin. Mobilizazioetan ere parte hartu dezakete, beti ere kontuan hartuta mobilizazioaren motorra eta lehen lerroa emakumeona dela.

Zer mezu duzu zuekin bat egin nahi duen baina zalantzak dituen emakume batentzat?
Adin guztietako pertsonok osatzen dugu KalLera. Borroka eta jaia egiten dugu, eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin. Guk erabakitzen dugu zer eta nola egin, eta arreta berezia jartzen dugu gure arteko zaintzan. Ostegunero batzen gara, 19:30ean, Ugaoko tabernaren batean, baina aurki lokal propioa izango dugu. Eta ez izan beldurrik, nahiz eta sistema hetereopatriarkal kapazitista oso handi batean bizi garen, egunerokoan egin ditzakegun ekintza txikiek arrakala txikiak zabaltzen dituzte horma zurrun horretan. Pentsatu arren ‘nik horrela ez dut ezer lortuko’, inguruko bostek kuestionatzen baldin badute zuk egindakoa, hori garaipen handia da emakumeontzat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak