→Zaratamo

Ainara Garcia: “Motorren mundua matxista da, aldatzen ari gara, baina lan handia dago egiteko”

Emakumeak motorren munduan jokatzen duen rola deskribatu digu zaratamarrak. Zalantzarik gabe, estereotipo eta aurreiritzi matxistak nagusi direla dio, baina esperantzarako argirik ere ikusten du.

Ainarak bost urte daramatza motorraren gainean eta bertatik bertara ezagutu du emakumeak mundu horretan jokatzen duen rola / Utzitakoa

Motorraren mundua arrotza da oraindik emakumeentzako, hala erakusten dute behintzat autoeskolek eta Trafiko Zuzendaritza Orokorrak zabaldutako datuek: hamar motor gidaritik bi bakarrik dira emakumeak. Hala ere, historikoki harreman txikia eduki duten arren, emakumea hor izan da beti, pronostiko guztien eta konbentzionalismoen kontra. Ana Carrasco albiste izan dugu azkenaldian, zailtasunak zailtasun, Supersport 300 moto txapelketako munduko txapelduna izan delako. Historian hori lortu duen lehen emakumea da. Ainara Garcia Goitiandiak (Zaratamo, 1978) bost urte daramatza motorraren gainean eta bertatik bertara ezagutu du emakumeak mundu horretan jokatzen duen rola. Zalantzarik gabe, estereotipo eta aurreiritzi matxistak nagusi direla dio zaratamarrak, baina esperantzarako argirik ere ikusten du. Emakumeak motorraren munduan egun bizi duen egoera deskribatu digu Ainarak.

2013an erosi zenuen zure lehen motorra. Gogoa baina, aspaldikoa zen, ezta?
Betidanik gustatu izan zaizkit motorrak. Txikitatik gogoratzen dut etxean oso astuna nintzela aitarekin, motorrean ibili nahi nuela eta ia noiz erosi behar genuen bat… Nire etxean baina, beldurra nagusi izan da beti, eta ez da harritzekoa. Motorraren mundua oso arriskutsua da eta istripuak oso larriak izaten dira. Bi motorzale mota daude: erori direnak eta eroriko direnak. Hortaz, nire lehenengo soldata irabazi arte itxaron behar izan nuen motorraren gidabaimena lortzeko. Egia esan, motorraren mundua oso garestia da. Beti esaten dugu: motorzale batek ez dauka dirurik (karkar). Eta bai, egun oso barneratuta dut motorrarekin ateratzen naizen bakoitzean erortzeko ditudan aukerak asko direla.

Autoeskolara hurbildu bezain laster, baina, lehen harriarekin egin zenuen topo.
Autoeskolara hurbildu eta gidabaimena atera nahi nuela esatean, “kotxearena ezta?” galdetu zidan harrerako gizonak. “Ez, motorrarena” erantzun eta “baina, zuretzako ala lagun batentzako galdetzen ari zara?” esan zidan tipoak. Gizonaren harridura itzela zen, emakumea izateagatik motor handiaren gidabaimena lortu nahi nuelako. “Zeinen ausarta” bota zidan tipoak.

Eta gertukoekin komentatu zenuenean?
Kontu bera. Ezagun gehienek erotzat hartu ninduten. “Mutilen munduan sartuko zara, badakizu, ezta?” edo “nora zoaz, zertako behar duzu zuk horren motor handia?” galdetzen zidaten. Karneta lortu eta lehen motorra erosi nuenean, Custom handi bat, jendeak horren motor handia zertarako behar nuen galdetzen zidan. “Baina nora zoaz? Konpontzen zara zu halako motor batekin?”. Eta galdera horiek, inoiz motor baten gainean ikusi ez nautenek. Izugarrizko amorrua sortzen dit horrek. Galdera horiek gizon bati eginda, erridikuluak lirateke, ezta? Baina guretzako badira, legitimatuta omen daude.

154 zaldiko potentzia duen kirol-motorrarekin dabil astebururo Ainara Garcia, motor-zale talde batekin / Utzitakoa

Arraroa egiten zaigu emakume bat motor handi baten gainean ikustea?
Arraroa egiten zaigu, bai, eta errealitateak ez du laguntzen. Geroz eta gehiago gara, kalean gutxi ikusiko dituzu, baina orain lehen baino gehiago gara. Duela hamar urte izugarrizko booma izan zen, kate efektuagatik edo, esango nuke. Emakume batzuk hasi ziren, eta haren atzetik askok jarraitu genuen. Azkenaldian baina, etena izan da berriz. Bestalde, emakume bat motor gainean ikustean, Vespino baten gainean ikustea izaten da ohikoena. Motor txikia eta erosoa. Baina, zergatik ez handietan? Ez dut uste erantzuna afiziorik ez dagoela denik. Nire ustez, emakumeok beirazko sabai faltsu bat sortu dugu motorraren munduan. Posible al dut nik horrelako bat gidatzea? Noski!

Gidabaimena lortu, motorra erosi, eta motorzaleen munduan sartu zinen.
Nire tailerreko teknikoaren bidez, motor talde batean ibiltzen hasi nintzen, eta motor talde horren bidez, motor zale piloa ezagutu dut. Zenbakietan oinarrituta, ez dago zalantzarik, motorren mundua gizonen mundua da. 40 motor gidari inguru gara hainbatetan batzen garenak, eta horietatik emakumeak lau gara bakarrik. Ari gara… Dena dela, duela hamabost urte egoera askoz okerragoa zen. Horrek, jakina, badu bere ondorioa: motorren mundu matxista. Aldatzen ari da, baina izugarrizko lana dago aurretik.

Deskribatu ezazu mundu hori.
Emakumea salbuespena da eta harridura handia sortzen du horrek. Diskriminazio positiboa izaten da askotan, baina dinamika horren barruan, izaki bitxi bat zara, eta nekatzen du horrek. Mikro-matxismoak dira nagusi, horrela deitu nahi badiogu, azken batean matxismo hutsa delako hori, edo okerragoa: mezu txiki horiek oharkabean igarotzen dira askotan, eta hor gelditzen dira, iltzaturik. Gizon batek zenbat eta zaldi gehiago izan motor batean, gizonago izango da, emakumeak aldiz, zaldiak soberan izango ditu alde guztietatik. Whatsapp taldeetan ere, txiste matxistak edo emakume biluzien argazkiak ohikoak izaten dira. Eta elkarretaratzeetan, nahiz eta geroz eta gutxiago gertatzen den, luntxaren eta kontzertuen ondoren, emakumeen stripteaseak ikusi izan ditut. Eta horrekin bukatu beharrean, orain emakumeak ere elkarretaratzeetan gaudenez, gizon baten streapteasea gehitu dute ikuskizunera eta hor konpon. Akabu.

Hamar motor gidaritik bi dira emakumeak, autoeskolen eta Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera / Utzitakoa

Bost urte hauetan aldaketarik igarri duzu?
Bai, batez ere errealitate hau ukatzen zuten gizon motor zaleak emakumeen errealitatea ezagutzen ari direlako. Hasi nintzenean, motorrarekin emakume bezala bizitakoak sinesgaitzak ziren gizon askorentzat, baina nire ondoan egon direnez egoera deseroso askotan, ulertzen ari dira. Esan beharra daukat nire motor-lagunen taldean oso eroso sentitzen naizela eta oraindik ikasteko badago ere, ondo bidean gaudela. Hala ere, aldaketa ez da mundu honetan bakarrik eman behar. Gertatu zait, kalean motorrarekin joan eta 5-10 urteko umeek, “hara ama, begira emakume bat super-motor baten gainean” oihukatzea. Nire presentziak harridura sortzen badio ume horri, imajinatu 40 urteko pertsonetan.

Zer mezu duzu motorraren munduan sartzeko zalantzak dituen emakumeentzat?
Ez izateko beldurrik, eta argi eta garbi, ez dagoela inolako muga errealik, guk ere gure lekua dugu motorren munduan. Beti aurkituko duzu norbait ezin duzula esango dizuna, baina kasurik ez. Emakumeak behar ditugu gizonen oihan basati hau lasaitzeko, eta ez zara bakarrik sentituko. Ni bezala, beste asko gaude. Internet bidez, lagunen bidez, galdetuta… aurkituko gaituzu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak