→Zaratamo

Argazkiak | Berdintasunaren eta errespetuaren alde, puxika moreak zerura bota dituzte Zaratamon

Zaratamoko Eskolak, Besopean Guraso Elkarteak eta Udalak elkarretaratzea egin dute gaur Elexalden astelehen goizaldean eskolan agertu ziren pintadak salatzeko. “Behar handia egin dugu asteburuan genero, sexu askatasunaren eta emakumearen alde, eta atzo goizean pintadak aurkitu genituen gure behar horren gainean, egindako ahalegina eta ilusioa zapuztu nahiean edo”, salatu dute elkarretaratzean.

Martxoaren 9an, Besopean Guraso Elkarteak eta Udaleko Berdintasun Batzordeak eta Zaratamoko Eskolak lagunduta, hainbat familia ibili ziren eskolako heldulekuak, eskailerak eta sarrerako atea margotzen. Eskolako Bizikidetzarako Batzordean sortutako proposamena zen, eta “martxoaren 8arekin batera aniztasuna eta errespetua aldarrikatzea” zen asmoa.

“Horrelakoak ikusita, argi daukagu bide onean gabiltzala eta ez dugula etsiko errespetua eta berdintasuna lortu nahi badugu. Gaur hemen erakutsi nahi dugu zaratamoztarrok horrelako jarreren kontra gaudela”, esan dute ozen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak