→Zaratamo

Arkotxan ez da Pasio Bizirik antzeztuko herritarren “konpromiso faltagatik”

zaratamo arkotxa pasio bizia 2017 gurutzebidea 16

54 urteren ondoren, aurten etengo dute lehen aldiz Bizkaiko Ondasun Kulturala den Arkotxako Pasio Bizia. Herriaren “konpromiso eza” eta “utzikeria” salatu dute antolatzaileek.

200 auzotar inguruk parte hartu dute azken urteetako antzezpenetan / Geuria

54 urteren ondoren, aurten etengo dute lehen aldiz Bizkaiko Ondasun Kulturala den Arkotxako Pasio Bizia. Herriaren “konpromiso eza” eta “utzikeria” salatu dute antolatzaileek.

1965. urteaz geroztik urtero egin dute Arkotxan Pasio Biziaren antzezpena. Aurten baina, ikuskizuna bertan behera uztea erabaki du Gaztek-Abi erakunde antolatzaileak. “Guztiok gogoko dugu Aste Santua, baina lanean jartzeko orduan, Arkotxako auzokideen konpromiso falta handia sumatu dugu”, dio Jose Antonio Chica elkarteko kideak. “Lan handia da Pasio Bizia antolatzea, eta geroz eta ardura gutxiago hartzen dituzte herritarrek”, azaldu du Chicak. “Entseguetara etorri behar zuten pertsonen erdia dator, eta seriotasunik gabe, ez dago hau aurrera ateratzerik”.

Antzezpena egitea, berez, posible litzatekeela dio Chicak, baina “arazoak pilatzen doaz eta lerro gorria” markatu behar dugu, atzerabueltarik ez duen egora batera hel ez gaitezen”. Herritarrekiko “arreta deia” dela dio, “guztion ardura baita Bizkaian erreferentea den Pasio Bizia zaintzea”. Chicak argitu nahi izan du instituzioen babesa badutela: “Izan ditugun eskakizun guztiak erantzun dituzte beti. Bai diru aldetik, bai material aldetik”. Pasio Biziaren kostuen %40 elkarteak ordaintzen du, beste %40 Udalak eta % 20 Aldundiak.  Jon Ajuria alkateak atsekabez hartu du berria eta adierazi du Udalak Pasioaren antolakuntzarako behar diren “baliabide guztiak jartzen” lagunduko duela beti, baina “herritarren ardura” dela antzezpenean parte hartzera animatzea. “Faltan botako dugu aurten, espero dut haren faltak jendearen txispa piztea eta datorren urtean indarberrituta bueltatzea”.

Jose Antonio Chicak argitu du ez dela etenaldi mugagabea izango: “Datorren urtean bueltatzea da gure asmoa. Orain hausnarketarako denbora dugu guztiok, baina argi dagoena da herritarrok atera behar dugula aurrera Pasio Bizia. Giza-baliabidea da garrantzitsuena, eta konpromisorik gabe, akabo”. Bizkaiko Ondasun Kulturala da Arkotxako Pasio Bizia, Balmasedakoarekin eta Durangokoarekin batera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak