→Zaratamo

Arkotxako udal-txokoko afarien txanda kenduko du Udalak, erabiltzaileen arau hausteengatik

Otsailaren 1etik aurrera, honakoa izango da ordutegia: bazkariko txanda: 12:00etatik 18:00etara; askariko txanda: 18:00etatik 21:00etara, astelehenetik igandera.

Arkotxako txokoa / Zaratamoko Udala

Udalak kudeatzen duen Arkotxako txokoko afarien txanda kenduko du Zaratamoko Udalak otsailaren 1etik aurrera. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, erabiltzaileek txokoko ordutegia “behin eta berriz ez betetzearen” eta gaueko orduetako “hezigabeko jokabideen” ondorioz hartutako erabakia izan da. Arduradunen esanetan, “txoko horren erabilera eta auzokideek atsedenerako duten eskubidea bateraezina suertatu dira”.

Txokoaren inguruan bizi diren inguruko auzotarrek behin eta berriz helarazi dizkiote euren kexak udalari, eta hortaz, Zaratamoko udalari “ez zaio beste erremediorik geratu”. Otsailaren 1etik aurrera, Arkotxako Txokoko afarien txanda kenduko du Udalak eta egun horretatik aurrera honako hau izango da ordutegia: bazkariko txanda: 12:00etatik 18:00etara; askariko txanda: 18:00etatik 21:00etara, astelehenetik igandera.

Hiru auzo nagusietako txokoak, eraberrituta
Arkotxako txokoaren inguruan Udalak hartutako erabakia hiru txokoen eraberritzearekin baterra etorri da. Hiru txoko publiko ditu  Zaratamok bere hiru auzo nagusietan. Elexaldekoa eta Arkotxakoa Udalak kudeatzen ditu zuzenean eta Moiordinekoa auzokideen esku dago. Orain arte Moiordinekoa zen sukalde industriala zeukan bakarra, Elexalden eta Arkotxan gailu domestikoak baitzituzten. Udalak 4.000 euro bideratu ditu bi toki horietan ere sukalde industrialak jartzeko: “Besteak beste, tresna industrialekin askoz ere errazago eta azkarrago garbitu ahal izango dira sukaldeko tresnak, bi-hiru minututan”, dio alkateak.  Gailu berriak erosteaz aparte hiru txokoetako hormak margotu ditu Udalak. “Lau urterik behin mantentze lanak egiten ditugu azpiegiturak egoera onean daudela konprobatu eta konpondu beharrekoak konpontzeko”, azaldu du Ajuriak.

Txokoak Zaratamoko bizilagun guztien eskura daude bazkariak, askariak eta afariak egiteko. Elexaldeko txokoak 36 pertsonentzako lekua dauka, Arkotxakoak 26 pertsonentzako eta Moiordinekoak 48rentzako. Erreserba egiteko Udalaren webgunean dagoen eskaera orria bete, eguna eta ordua zehaztu eta heldu baten nortasun agiria jarri behar da. Gehienez hilabete bateko aurrerapenarekin alokatu daitezke txokoak, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 13:00etara. Prezioari dagokionez, 20 euro ordaindu behar dira taldeko bazkari eta afarietarako eta 10 euro askarietarako. Transferentzia bidez ordaindu behar da alokairua, erreserba egin eta 72 ordura gehienez.

Egunero erabilgarri
Egunero alokatu daiteke txokoa: “Aste barruan ohikoagoak izaten dira askarietarako erreserbak. Asteburuetan, ordea, bazkari eta afarietarako erreserbak onartzen dira bakarrik”, dio Jon Ajuriak. Izan ere, asteburuetan egiten dira erreserba gehienak. Bazkarirako erreserba egiten dutenek 11:00etatik 19:00etara erabili ahal izango dute txokoa; 19:00etatik 02:00etara afarian. Arkotxakoak ordu bete gutxiago zuen afal orduetarako, “etxebizitza artean dagoelako eta auzokideak ez gogaitzeko”. Hala ere, arau hausteengatik, afarien txanda kentzea erabaki du Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak