→Zaratamo

Herriko azpiegituren aurkako erasoak salatu ditu Zaratamoko Udalak

Arkotxako igarobide berrian eta Elexaldeko frontoian izan dira arau hauste gehienak. Udalak lau pertsona identifikatu ditu kamera bidez eta sortutako kalteak ordainarazi dizkie.

Arkotxako igarobide berrian izan dira eraso gehienak / Zaratamoko Udala

Arkotxako igarobide berrian eta Elexaldeko frontoian izan dira arau hauste gehienak. Udalak lau pertsona identifikatu ditu kamera bidez eta sortutako kalteak ordainarazi dizkie.

Ekainetik abuztura Zaratamoko azpiegituren aurkako erasoak nabarmen igo direla salatu du Udalak. Delitu gehienak Arkotxako igarobide berrian gertatu dira, hura inauguratu eta urte batera. Pasalekuaren heldulekuen eta igogailuaren kontra egindako erasoak izan dira: pisa eta kaka egin eta grafitiak margoztu dituzte bertan. Igarobidetik jaitsi eta igotzeko igogailuko botoiak erabat puskatu dituzte eta pasalekua argitzen duten LED argiak ere suntsitu dituzte. Marimar Lopez alkateordearen esanetan, ez dira delitu larriak baina “horiek konpontzen eta garbitzen dirutza gastatu behar izan du Udalak”. Azpiegituren aurkako erasoak gehiago izan badira ere, lau kasutan errudunak identifikatu ahal izan ditu Udalak: “Arkotxako igarobidearen inguruan kokatuta dauden kamerei esker delitugileak identifikatu ahal izan ditugu eta eragin dituzten kalteak konpontzeko dagokien ordainagiria pasatu zaie. Egindakoak ordaindu beharko dituzte”, azaldu du Lopezek.

Elexaldeko frontoian ere erasoa egin dute argi-sistema berriaren aurka. “Argi energia aurrezteko jarri dugun kutxa automatiko berria hondatu dute. Zentsurik gabeko erasoak dira”, dio alkateordeak. Kasu gehienetan delitugileak adingabekoak direla gaineratu du Lopezek eta “koherentziaz eta arduraz jokatzeko” mezua luzatu die udalerriko auzokideei. “Zaratamon elkar ezagutzen dugu guztiok eta kamerak ere hor daude, zenbait azpiegitura babesteko jarrita. Ez dezagun zaratamarren arteko elkarbizitza zaildu, arren”, dio Lopezek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak