→Zaratamo

Irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremana estutzea bilatzen du Zaratamoko Eskolak

zaratamo 2016 eskola

Guztira, 122 ikasle hartzen ditu Zaratamoko Eskolak, gehienak udalerrikoak bertakoak. Era berean, hamar umek erabiltzen dute Haurreskola zerbitzua.

Zaratamok eskola publikoa du 80. hamarkadaren hasieratik -aurretik Ikastola pribatua zen- eta bertatik udalerriko ume gehienak pasatu dira. Gaur egun 122 ikasle ditu: “Gehienak Zaratamokoak dira, Arkotxakoak, baina Arrigorriagatik ere lauzpabost ume datoz”, dio Jon Etxebarria ikasketa-buruak. Era berean, eraikinak Haurreskola du eta gehienez 10 ume hartzen ditu.

Iñaki Urkiza eskolako zuzendariak dioenez, “Zaratamoko jaiotza-tasak behera egin du, gainontzeko herrietan bezala, baina hemen nabariagoa da herri txikia delako”. Hala ere, ikasle kopuru txikiagoa izateak alde positiboa ere badu: “Irakasleen, ikasleen eta gurasoen artean harreman zuzenago bat, estuago bat sortzen da”, dio Urkizak: “Gainera, ikasleei arreta pertsonalizatuagoa eskaintzea ahalbidetzen digu irakasleoi”.

Proiektua berritzen

Gaur egun Hezkuntza proiektua berritzen ari dira Zaratamoko Eskolan: “Pasa den ikasturtean hasi ginen eta gurasoen proposamenak hartzen ari gara, baita hezitzaileenak, garbitzaileenak, autobus gidariarenak eta jantokiko zaintzaileenak ere”, dio Urkizak: “Hezkuntza helburuak biltzea da ideario honen asmoa, hala nola, eskola anitza, inklusiboa eta euskalduna izatea”.

Akanpada ikasturte amaieran

Urkizak dioenez, “orain dela sei bat urte, Eskolak ez zuen behar beste diru ikasturte amaierako txangoa egiteko. Orduan, saiatu ginen beste alternatiba bat bilatzen eta andereño bati akanpada egitea bururatu zitzaion. Geroztik, urtero antolatzen dugu”.

Besopean Guraso Elkarteak jaia antolatzen du 18:00etatik 20:00ak arte eta ondoren ikasleek -bi urteko umeak izan ezik- afaldu, San Joan sua ikusi eta lo egiten dute eskolan bertan, eta hurrengo egunean elkarrekin gosaltzen dute denek.

Gora