→Zaratamo

Istorio-laburrez osatutako bere lehen liburua idatzi du Iñigo Rikik, Perros Kon Asmaren abeslariak

Un lunático con gafas de sol liburua idatzi du zaratamarrak eta Bilbon eta Arrigorriagan jendaurrean aurkeztu du. Euren artean lotura duten 80 mikro-ipuin bildu ditu.

Rikiren lehen liburua da Un lúnatico con gafas de sol / Iñigo Riki

Un lunático con gafas de sol liburua idatzi du zaratamarrak eta Bilbon eta Arrigorriagan jendaurrean aurkeztu du. Euren artean lotura duten 80 mikro-ipuin bildu ditu. Dagoeneko bigarren liburua idazteari ekin dio Rikik.

Perros Kon Asma taldeko abeslaria da Iñigo Riki (Zaratamo, 1995). Kantuen letrak idazten zituen bitartean, istorio-laburrak pilatzen ibili da azkenaldian eta hauek guztiak batuta liburua idatzi du.

Noiz jaio zen Un lunático con gafas de sol liburua idazteko ideia?
Apirilean hasi nintzen proiektuari forma ematen. Narrazio solte batzuk idatzi nituen, eleberri bat idazteko asmoz edo. Nahigabe, mikro-ipuin dezente pilatu nituen, eta haien arteko konexioa aztertu nuen. Zentzua aurkitu nien eta horretan jarraitu nuen 80 istorio pilatu arte. Esan daiteke nahigabe sartu naizela idazlearen mundu honetan.

Zeri buruz hitz egiten du liburuak?
Nire buruak landutako mikro-ipuinez osatuta dago liburua. Poesiarekin eta nire munduko fantasiarekin elikatutako istorioak dira. Ni ez naiz inor, pertsona arrunta naiz, eta horrek egiten du liburua berezia. Pertsona arrunt batek nire liburua irakurtzen badu, bere istorioaren zati bat aurkituko du hor. Pertsona arrunt guztien oroitzapenei dei egin diet nire istorioetan.

Zaila egin zaizu liburua idaztea?
Ez. Egia esan, ahaztuta neukan idaztea, baina musika taldearekin hasi nintzenean ilusioa piztu zitzaidan berriro, duela bost urte, eta ordutik, inspirazioa beti izan dut hor. Mundu honetan sartu eta kalera irtetean gauzak ezberdin ikusten dituzu. Eguneroko gauza asko idazteko ‘elikagai’ interesgarriak iruditzen zaizkizu eta, tira, mundua dibertigarriagoa iruditzen zaizu.

Ipuinik utzi duzu kanpoan?
Ez. Bi ipuin kili-kolo izan ditut, ulergarriak diren edo ez zalantzan, baina konpondu dut. Argitaletxera 80 bidali nituen, eta ideiek hor jarraitzen dutenez, orain idatzitakoak hurrengo libururako pilatzen ari naiz. Hamabost orrialde bete ditut jada, eta izenburua ere buruan dut.

Argitaletxeekin zelan konpondu zara?
Zorte handia izan dut. Circulo Rojori bidali, eta baiezkoa jaso dut. Oso erraza izan da. Txarly Usherrek idatzi du liburuaren prologoa eta hark esan zidan: “Ez dakit nola egin duzun, izugarri ondo idazten duen jende pila saiatzen da, eta ez du lortzen. Eta hara zu…” (kar-kar).

Non lortu daiteke liburua?
Onena nire helbide elektronikora idaztea: inigito.rekalde3@gmail.com. Idatzi eta ni jarriko naiz zuekin harremanetan. 10 euroan dago salgai.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak