→Zaratamo

Josu Goiri: “Instrumentu aberatsa da oso txalaparta”

Txalaparta eta perkusio ikastaroa eskaintzen du Zaratamoko Udalak lehen hiruhileko honetan. Lau pertsonako taldeetan ordubeteko klasea ematen da astero.

Goiri, Agintzari Dantza Taldearekin batera Caceresen eskaini zuen ikuskizunean / Utzitakoa

Tradizioz, sagardoaren eta baserriaren munduari atxikia egon da txalaparta. Herri askotan, adibidez, upeletako sagardoa edateko puntu egokira iristen zenean, txalaparta jotzen zuten inguruko jendeari jakinarazteko. Gaur egun perkusiozko musika tresna bezala erabiltzen da Euskal Herrian, baita munduko beste hainbat tokitan ere, Oreka Tx bikoteari esker. Josu Goiriak (Zaratamo) ere zabaldu du txalaparta munduan zehar. Txalaparta irakaslea da Goiria Zaratamon, baina hura jotzeaz eta irakasteaz aparte, sakon ikertu du haren inguruan. Liburu bat idatzi du instrumentuaren inguruan, frantsesera ere itzuli dutena, eta musikoterapiarekin ere uztartu du txalaparta zaratamarrak.

Musikoterapia eta txalaparta uztartzen dituen ikastaroa eman duzu Bordelen. Zertan datza?
Musikoterapian txalapartak izan dezakeen eragina aztertu dugu. Bada, musikak eragin zuzena du gure gorputzean eta burmuinean. Hain zuzen ere, musikaren bidez pertsonaren ongizatea eta osasuna hobetzea helburu du musikoterapiak. Kasu honetan, txalaparta erabili dugu musika iturri bezala: zuraren zarata ezberdinak, honen dardara, xaflen arteko loturak… Audizioa, erritmoa edo koordinazioa landu ditugu horiekin. Azken batean, txalapartarekin eraikitzen ditugun kadentziak gure arnasketarekin lotu daitezke, gure ahots tinbrearekin, ibiltzeko erarekin… Txalaparta, gainera, zutik jotzen den instrumentua da, beraz gorputzeko atal ezberdinen arteko oreka nola zaindu ere aztertu dugu. Txalapartaz gain, irrintzia eta adarra ere landu ditugu.

Eta, nolatan Bordelen? Nola lortu duzu bertan ikastaroa eskaintzeko aukera?
Bilbon ere antzeko ikastaro batean parte hartzen dut, musikoterapia zentro batean. Aittor Loroño medikua eta musikoterapeuta da zuzendaria eta bere bitartez Gerard Ducorneau, Bordeleko zentroko zuzendaria, ezagutu nuen. Txalapartari buruz nik idatzitako liburua frantsesez argitaratzeko asmoa azaldu zidan hark eta animatu nintzen. Ordutik, hainbatetan joan naiz bertara liburua aurkeztera eta ikastaroak eskaintzera.

Txalapartarekin musikoterapia lantzen du Goirik / Utzitakoa

Zelakoa izan da esperientzia?
Gurekin izandako pertsona guztiak oso pozik aritu dira ikastaroan. Batzuek txalaparta umeekin erabiltzen hasi direla esan digute, oso emaitza onekin. Beste batzuk serio hartu dute txalaparta jotzen ikasteko erabakia eta horretan ari dira.

Beste toki batzuetan ere ikastaroak eman dituzu.
Besteak beste, Irlandan, Ibizan, edota Zaragozan izan naiz txalaparta ikastaroak eskaintzen. Euskal herrian, Zaratamon ematen ditut txalaparta klaseak, nire herrian.

Abuztuan Caceresen izan zara Agintzari Dantza Taldearekin.
Sierra de Fuentes herrira joan ginen ekainean. Agintzari Dantza Taldeak harreman ona du bertako dantza talde batekin; eurak Basaurira etorri ziren iaz, San Juan gauean, eta aurten bisita bueltatu diete Basauriko dantzariek. Bidaiara ni gonbidatzea erabaki zuten basauriarrek, eta Ramon Candelasekin batera, txalaparta jotzeko aukera izan nuen Sierra de Fuenteseko enparantzan egin zuten dantza ikuskizunean, gabez. Oso esperientzia aberasgarria izan zen denontzat, bertakoei asko gustatu zitzaien dantzen eta txalapartaren arteko nahasketa. Pentsa, ikuskizunaren ondoren jende asko hurbildu zen txalaparta jotzen ikasteko asmoarekin, Caceresen!

Txalaparta emanaldiak eskaini dituzu beste toki batzuetan: Kobetan, Euskaldunan edota herriko plaza askotan.
Txalaparta dantza edo antzerkiarekin uztartzen saiatzen naiz. Euskalduna Jauregian, adibidez, ekologia sariak banatu ziren eta Basajaunaren inguruko antzezpena antolatu nuen ,euskal dantzez eta txalapartaz lagunduta. Azken ikuskizuna, bestalde, Bretainiako Kemper herrian egin dut, ‘Anan cara’, Dirdira Taldea eta Dremmwel artistekin batera. Musika eta dantza ikuskizuna egin genuen bertan.

Agintzari Dantza Taldea Caceresen / Geuria

Zaratamon ere txalaparta ikastaroak ematen dituzu, Udalak antolatuta.
Hala da bai. Lau pertsonako gutxieneko taldeak osatu behar dira, eta talde bakoitzak lau klase ordu ditu hilero, 20 euroren truke. Ikasle eta irakaslearen artean erabakitzen da zein egunetan eta zein ordutan ematen den klasea, baina ohikoena, astean ordu beteko klasea izatea da. Elexalden ematen ditut klaseak eta txalaparta ikasturtea hastear dago.

Eta zergatik txalaparta? Noiz hasi zinen txalaparta jotzen?
Bilboko gaztetxean jo nituen lehen kolpeak, 1986an, Iñaki Gamindezekin batera. Txundituta geratu nintzen instrumentuarekin eta honi buruz ikertu behar nuela erabaki nuen. Zuaznabar txalapartari zaharrekin, Josean Artzerekin eta Juan Mari Beltranekin harremanetan egon nintzen, baita beste txalapartari askorekin ere. Horren harira etorri zen 1994an txalapartari buruz idatzi nuen liburua. Aittor Loroño ere oso garrantzitsua izan da musikoterapia eta txalapartaren arteko loturan sakontzeko. Basauri, Zaratamo eta Arrigorriagako udalen diru laguntzaz argitaratu nuen liburua. Esker bereziak eman behar dizkiet ere Eduardo Diaz de Goikuria AEKko lagunari eta nire gurasoei, Gregorio Goiri eta Damiana Iturrizarreri.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak