→Zaratamo

Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano: “Zaratamon futbol zelaia badaukagu, baina inork ez du erabiltzen”

zaratamo urrutikoetxe elezkano elkarrizketa 2015

Lagun minak eta urteetan batera entrenatzen aritutakoak dira. Buruz buruko txapelduna da ‘Urruti’ eta lau eta erdiko txapelketa jokatzen ari da. Elezkano II txapelketatik kanporatu du Aritz Lasak, final hamaseirenetan.

Lau hilabete igaro dira Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, 1989) Eskuz banakako txapela irabazi zuenetik. Nahiz eta finalerako txartela zuzenean ez lortu, erreferente bihurtu da zenbait pilotazalerentzat, baita Danel Elezkano (Zaratamo, 1994) herrikidearentzat ere. Bi pilotariak maila profesionalean aritzen dira eta Zaratamo pilota munduaren gailurrera eraman dute.

Hogeita hemezortzi urteren ondoren, bizkaitar bat Buruz buruko pilota txapelduna.

Mikel Urrutikoetxea: Zoritxarrez, urte asko pasatu dira bizkaitar batek azkenekoz txapela jantzi zuenetik, eta espero dugu hemendik aurrera bat baino gehiago etortzea. Ez banaiz ni, Danelek edo beste bizkaitar batek eskura dezala, noski.

Final batera heltzeko zein da prestaketa egokia?

M.U.: Gaur egun dagoen mailarekin zaila da final batera heltzea, izan ere pilotari asko gaude eta oso onak. Hala ere, nahiz eta pilotari ona izan, askotan zortea ere behar izaten da. Azken finean, prestaketa antzekoa da final baterako zein beste partiduetarako. Asmoa irabaztera ateratzea da.

Zuk, Danel, orain beste erreferente bizkaitar bat izango duzu pilotan.

Danel Elezkano: Argi dago. Ordu asko pasatu ditugu elkarrekin frontoian eta Zaratamo bezalako herri batentzat txapela ekartzea ikaragarria izan da. Gainera, final oso ona jokatu zuen eta hori mirestekoa da.

Maiz entrenatu izan al duzue elkarrekin Zaratamon?

D.E.: Gaur egun asko entrenatzen dugu batera, baina ez Zaratamon. Txikitan sarri jokatu izan dugu Elexaldeko frontoi honetan. Mikel ni baina nagusiagoa da, baina beti oso harreman handia izan dugu.

M.U.: Enpresa berean gaude biok eta askotan batera entrenatzen dugu. Normalean Asegarceko pilotariak Tolosan elkartzen gaituzte eta elkarrekin entrenatzen dugu. Hala ere, Asegarcen bizkaitar asko gaudenez, azkenaldi honetan Iurretan ere entrenatzen dugu.

Maila profesionalera heltzeko asko entrenatu behar omen da… 

M.U.: Hori argi dago. Zaila da maila profesionalera heltzea aurretik asko entrenatu ez baduzu. Seriotasunez jokatu behar da eta, gainera, zorte ona ere izan behar duzu. Bestetik, txikitatik pilotaz disfrutatu behar duzu eta ilusioa izan behar duzu etorkizunera begira.

D.E.: Hori da. Esku pilota gustatu behar zaizun kirola da: ordu asko sartu behar dira entrenatzen eta hortik aparte, Mikelek esan duen bezala, zorte ona ere eduki behar duzu maila profesionalera iristeko.

Teknika ere garrantzitsua izango da.

D.E.: Duda barik. Fisikoak ere gero eta garrantzi handiagoa du. Prestakuntza fisiko barik ez dago zereginik, baina esku pilota kirol teknikoa da. Oraindik ere, nahiz eta arlo fisikoak gora egin, teknika askoz garrantzitsuagoa da.

M.U.: Hala da. Teknika asko landu behar da eta horretarako asko entrenatu behar da. Entrenatzaileek ere horretan zeresanik badute, eurak baitira gure irakasle.

Asegarce eta Aspe bezalako enpresek nola fitxatzen dituzte pilotariak?

D.E.: Asegarce eta Aspe dira gaur egun pilota munduan dauden bi enpresa nagusienak. Normalean pilotari bat interesatzen zaienean -afizionatuetan oso ondo dabilelako edota aurrerapen handia daukala ikusten dutelako- berarekin jartzen dira kontaktuan.

M.U.: Bai. Ondoren, entrenamendu batzuk egiten dira berarekin, bai pilotari profesionalekin bai beste afizionatu batzuekin, eta azkenean hautaketa egiten dute.

D.E.: Lehen aipatu dugun bezala, zorte kontua ere bada. Zorte faltagatik afizionatuetatik profesionaletara pasatu ez den pilotari asko dago; beste batzuek, zorte on hori eduki dugu.

Gaur egun futbola kiroletan erregea da. Horri aurre egin ahal dakioke?

D.E.: Ez dakit egunen batean futbolari aurre egin ahal izango zaionik. Nire ustez, futbola jende guztiak jarraitzen du, baita guk ere. Gainera, Bizkaian Athletic daukagu, jende asko mugitzen duena. Hala ere, pilotak afizioa badauka eta polita da frontoi batera sartu eta jendez beterik ikustea.

Dena den, Hego Uriben esku pilota zaletasun handia dago. 

D.E.: Bai, duda barik. Gure eskualdean ez ezik, Bizkaian zaletasun handia dago. Pilotak jarraitzale asko ditu, baina lehen esan bezala, futbola beste maila batean dago.

M.U.: Nire ustez, pilota gurea den kirola da, Euskal Herrikoa, eta zale asko mugitzen ditu, batez ere jende nagusia. Gainera, asko laguntzen du inguruko ezagun bat profesionaletan aritzeak.

Zaratamo, bereziki, oso pilotazalea da. Zergatik izango ote da?

M.U.: Zaratamon frontoiaz aparte ez geneukan ezer eta egunero bertan ematen genituen ordu asko, gaur egungo umeek bezala. Herri arteko txapelketak jokatzen genituenean frontoia beterik aurkitzen genuen. Nik uste herri gutxi dagoela Zaratamon adina zalerekin.

D.E.: Txikitatik datorkigu pilota zaletasuna. Zaratamo herri txikia da, denok elkar ezagutzen dugu eta frontoian elkartzen gara adin guztietakoak. Futbol zelaia badaukagu, baina ez dugu erabiltzen. Gainera, palista eta pilotari profesional asko atera dira hemendik eta horrek zaletasuna piztu egiten du.

Beraz, Zaratamo Bizkaiko esku pilota harrobia dela esango dugu?

M.U.: Bai, zergatik ez? Gure aurretik hiru profesional egon ziren: Urkiza, Elorza eta Luke. Orain gu biok gaude. Gainera, afizionatuetan ere zaratamoztar dexentek jokatzen dute.

D.E.: Nire ustez, harrobi moduan ezin daiteke Zaratamo bakarrik hartu kontutan. Gaur egun, zortea izan da profesionaletan bi zaratamoztar aurkitzea. Pilota herri txikietan mugitzen da asko eta normala da horietatik profesional asko ateratzea.

Hego Uribeko ume pilotarientzako aholkurik?

D.E.: Aholkurik onena pilotaz disfrutatzea da. Azken finean, zorte handia behar da gora iristeko eta lan egiten duenak, eta batez ere disfrutatzen duenak, lortuko du.

M.U.: Txikia nintzenean nire ilusioa profesionaletara iristea zen. Nik uste dut kirolari baten helmuga beti izan behar dela maila gorenera heltzea, nahiz eta gero ez lortu. Horregatik, momentuaz gozatzea da garrantzitsuena.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak