→Zaratamo

36 urteren ostean, bi pilotari bizkaitar banakako finalerdietan eta zaratamarrak biak

zaratamo urrutikoetxe elezkano elkarrizketa 2015

Urrutikoetxeak eta Elezkanok finalerako txartela lortuko balute, zaratamar biren arteko finala jokatu litzateke historian lehenengoz, bigarrenez bizkaitar biren artean.

URRUTI ETA ELEZKANO, ELEXALDEKO FRONTOIAN / GEURIA

Danel Elezkano eta Mikel Urrutikoetxea pilotari zaratamarrak eskuz banakako finalerdietan dira, final-laurdenetan P. Etxebarria eta Bengoetxea VI. kanporatu eta gero. 36 urte ziren Buruz Buruko Pilota txapelketako finalerdietara bi pilotari bizkaitar iristen ez zirela. 1983an izan zen azkenekoz, eta orduan ere zaratamar bat iritsi zen final aurrekoetara: Jose Mari Luque. Zaratamarrarekin batera Roberto Garcia Ariño axpetarra iritsi zen finalerdietara. Bietako batek ere ez zuen lortu finalerako txartela.

2019ko txapelaren bila

Urrutikoetxeak Ezkurdia izango du aurkari. Maiatzaren 18an jokatuko dute partidua, larunbatez, Bilboko Bizkaia Pilotalekuan. Mikelek badaki zer den buruz-burukoa irabaztea: 2015ean txapela jantzi zuen, Olaizola II 22-19 mendean hartuta. Hurrengo urtean ere finalera iritsi zen zaratamarra, baina ezin izan zuen Irribarria garaitu: 22-13 galdu zuen finala.

Danel Elezkanok bere aldetik, Irribarria izango du aurkari. Maiatzaren 19an jokatuko dute partidua, igandez, Eibarko Astelena pilotalekuan. Eskuz binakako txapeldun berriak bigarren urtez jarraian jokatuko du buruz buruko final-aurrekoa. Iaz Olaizola II izan zuen aurkari eta 22-13 gailendu zitzazion goizuetako pilotaria. Aurten ere ez du erraza izango Irribarria mendean hartzea. Aramako aurrelariak badaki zer den buruz burukoa irabaztea, Urrutikoetxearen kontra, hain justu, 2016an. Hala ere, Elezkano bolada onean iritsi da final- aurrekora, eta apurka-apurka ari da banakako txapelketan ere faboritoen taldean sartzeko meritoak egiten.

Urrutikoetxeak eta Elezkanok finalerako txartela lortuko balute, zaratamar biren arteko finala jokatu litzateke historian lehenengoz, bigarrenez bizkaitar biren artean. Egia esan, oso gutxitan gertatu da udalerri bereko pilotari bi finalean aurrez aurre aritzea. 1942an gertatu zen lehenengoz: Atano III eta Atano VII iritsi ziren finalera, Azkoitiko Mariano eta Jose Maria anaiak. Atano III-k jantzi zuen txapela. 1977an Iñaki Gorostiza eta Ariño IV. bizkaitarrak iritsi ziren finalera, Atxondokoak biak. Gorostizak jantzi zuen txapela. 2008an gertatu zen azken aldiz: Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriola leitzarrak iritsi ziren finalera. Bengoetxeak jantzi zuen txapela.

2019ko finala ekainaren 2an jokatuko da, Bilbon.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak